Bi emakumeri Getxon egindako sexu erasoak salatu ditu udalak

Elkarretaratzea egingo dute gaur erasoa salatzeko, Algortan, 20:00etan.Gizonezko bat atxilotu dute; beste bi erasotzaileek ihes egin zuten

Hilaren 14an Getxoko Portu Zaharrean egin zuten protesta. L. JAUREGIALTZO / ARP.
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hiru astean, lau sexu eraso salatu dituzte Getxon (Bizkaia). Larunbatekoak dira azkenengo bi salaketak. Emakumeetako bati herenegun bertan egin zioten eraso, etxerako bidean zihoala, goizeko seiak aldera: bi gizonezko gerturatu zitzaizkion, eta ukituak egin zizkioten. Bi gizonezkoek ihes egin zuten, emakumeak aurre egin ostean. Biktimak salaketa aurkeztu zuen, eta Ertzaintzak abian jarri du erasotzaileak identifikatu eta atxilotzeko ikerketa.

Beste erasoa, berriz, larunbatean gertatu zen. Fadura kiroldegiko langile bat da biktima. Emakumeak salatu duenez, gizonezko batek lanean bertan egin zion eraso, ukituak eginez. Poliziak gizonezkoa identifikatu eta atxilotu du, sexu erasoa egotzita.

Gertaera horien ostean, Getxoko Udalak azaldu du jokabide sexistekin «gogaituta» dagoela, eta elkarretaratze isil batera deitu du gaur iluntzerako; 20:00etan izango da, Algortako Geltokia plazan dagoen puntu lilaren ondoan. Udalak «elkartasun osoa» adierazi eta «laguntza» eskaini die biktimei, aurreko bi kasuetan bezala. Era berean, getxotar guztiei dei egin die «emakumeen aurkako eraso guztiak» salatu eta erasotzaileak identifika ditzaten.

Hiru aste, lau eraso

Ertzaintzari, berriz, kasuak lehenbailehen argitzeko eskatu dio. «Getxoko Udalak ez du horrelako jokabide sexistarik onartuko, eta eraso sexistarik gabeko gizartearen alde lan egiteko konpromisoa berresten du», gaineratu zuen udalbatzak atzo. «Emakumeak askatasun osoarekin irten, paseatu eta bizi ahal izateko». Udalak adierazi du, gainera, berdintasunaren aldeko balioak lantzen jarraituko duela.

Duela bi aste, hilaren 9an, beste sexu eraso bat salatu zuen emakume batek Getxon; Itzulbaltzeta auzoan gertatu zen, goizaldean. Udalak gertaturikoa salatu zuen.

Handik lau egunera, beste salaketa bat jarri zuten, Algortako Portu Zaharreko festetako lehen egunean. Egunean bertan, Getxoko Udaltzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.