Erabaki «teknikoa» izan da Opusekin hitzarmena etetea

Argudio ekonomikoak eman ditu Nafarroako Gobernuak unibertsitate klinikarekin akordioa ez berritzeko.Ez da oposizioaren gustuko erabakia

2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Arrazoi ekonomikoak, juridikoak eta zuzentasunezkoak. Nafarroako Gobernuak unibertsitate klinikarekin duen hitzarmena bertan behera uzteko hiru argudio horiek eman ditu Fernando Dominguez Osasun kontseilariak. Nafarroako Unibertsitate Klinikan lan egiten duten 7.000 langileri osasun arreta unibertsitate klinikan ematea jasotzen zuen orain arteko akordioak —osasun sistema publikoan artatuko dituzte orain—. Gobernuak ez du hitzarmena berritu —abenduaren 31ra arte zegoen indarrean—, eta kontseilariak azalpenak eman behar izan zituen atzo Osasun Batzordean, UPNk eta PPNk eskatuta. Uxue Barkos lehendakariaren esanetan, erabaki «teknikoa» izan da hartu dutena, eta hala berretsi zuen Dominguezek ere.

Iaz, gobernuaren bost milioi euro jaso zituen Nafarroako Unibertsitate Klinikak. Baina Osasun Departamentuak eskatutako azterketa batek dio unibertsitateko langileak osasun publikoan artatzeak 3,2 milioi euroko kostua duela. Beraz, «ekonomikoki ezin zurituzkoa» zen, Dominguezen ustez, orain arteko akordioa berritzea. Herritarren artean «ezberdintasunak» sortzen dituela esan du Osasun kontseilariak.

Unibertsitateko langileak osasun sistema publikora igarota, Nafarroako Gobernuak ia bi milioi euro aurreztuko ditu. Aurtengo aurrekontuetarako, baina, jasoak zituen orain arteko bost milioi euroak. Atzo Dominguezek azaldu zuenez, sobran geratzen diren 1,6 milioi euroak Nafarroako osasun publikoan inbertituko ditu gobernuak: itxaron zerrendak murrizteko eta lehen arretako zerbitzua indartzeko erabiliko du diru hori.

Orain artean Nafarroako Unibertsitate Klinikan artatutako 7.000 paziente horiek —klinikako bertako langileak— modu mailakatuan hartuko dituzte sistema publikoan. Ekainera bitartean egingo dute aldaketa, eta «transtsizio on baterako» lantalde bat sortuko du Nafarroako Gobernuak.

Oposizioaren kritikak

Nafarroako Gobernuan ordezkaritza duten taldeek eskertu zituzten atzo Dominguezen azalpenak. Txostenetan jasotakoa errespetatzeko borondatea erakutsi zuten EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. PSNk ere aldeko keinua egin zuen, nahiz eta erabaki irmoa hartzeko txostenak aztertzeko beharra adierazi zuen Maria Txibite parlamentariak. Bestelakoa izan zen UPNren eta PPNren ordezkarien jarrera. Gogor egin zuten Dominguezen aurka, eta «gezurretan» aritzea ere leporatu zioten Osasun kontseilariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.