Euskal Herriaren nortasuna aldarri, bide seinaleak jarri ditu Aitzina-k

Ipar Euskal Herriko herrietan ziren frantsesezko bide seinaleak kendu ostean, euskarazko hamabost bide seinale berri jarri dituzte
Tarnose eta Lapurdi arteko mugan egindako ekinaldia.
Tarnose eta Lapurdi arteko mugan egindako ekinaldia. AURORE LUCAS

Itxaso Cuevas -

2014ko abenduak 24
Aitzina gazte antolakundeak euskarazko bide seinaleak jarri zituen atzo Ipar Euskal Herriko hamabost tokitan, Ipar Euskal Herriko onarpen instituzionala eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herriko herriak «frantsesten dituzten panelak» kendu zituen Aitzina-k joan den uztailean, eta Parisera zihoan tren baten barruan sartu zituen. «Herriaren izena eta izana zati ezinak zirela plazaratu genuen», adierazi zuen atzo Koldo Etxegarai Aitzina-ko bozeramaileak.

Frantziako Poliziari atxiloketa eta miaketen bidez erantzun izana leporatu zion gazte antolakundeak. Atzoko ekinaldiak, «errepresioari erantzuteaz gain», mezu «garrantzitsuago bat» zekarrela nabarmendu zuen Etxegaraik: «Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Euskal Herria izendatuz, gure lurraldea berezitasunez jositako subjektu aparta dela». Horrez gain, Ipar Euskal Herriak «behar sozioekonomiko berezituak» dituela gaineratu zuen gazte erakundeko bozeramaileak, eta gaur egun Parisek hartzen dituen erabakiak ez direla «egokiak» Ipar Euskal Herriarentzat.

Aitzina-k salatu zuen Parisek turismo eredu ekonomiko bakarra «inposatzen» duela «zerbitzuen sektorea areagotuz eta laborantza edota arrantza alde batera utziz».

«Aterabide bakarra»

Gaur egun Ipar Euskal Herriak duen «egoera honi» aurre egiteko «aterabide bakarra lokalki erabaki eta ekitea» dela dio Aitzina-k. Instituzioetatik «haratago ere» herritarren alternatiba berriak eraikitzearen «garrantzia» nabarmendu zuen Etxegarai bozeramaileak.

Alde horretatik, Aitzina-k, «Ipar Euskal Herriko gazteria oinarri», bi tresna jarriko ditu martxan «2015eko urte politikoan». Batetik, formakuntza saioak eginen dituzte «eraiki nahi den gizarte ereduan oinarriturik». Bestetik, Euskal Herria «jomugan» izanik, Euskal Herriko gazteen arteko trukeak eginen dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna