PSEk kontzertu ekonomikoa aintzat hartuko duen eredu federala nahi du

Konstituzioa aldatu eta estatu federala osatzearen alde egin du Mendiak, «marra gorria» euskal singulartasuna izango litzatekeela zehaztuta
Idoia Mendia, atzo, ehun eguneko agintaldia baloratzen.
Idoia Mendia, atzo, ehun eguneko agintaldia baloratzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko abenduak 30
Aldaketa eta berrikuntza defendatu ditu Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak, karguan ehun egun bete dituen egunean. Politika egiteko modu berriak behar direla adierazi du, eta horretan ari dela bera. Herritarrengana gerturatu behar dela, eta horiekin egin behar direla itunak; «ez alderdi politikoekin». Politika «arinagoa» egin nahi du, eta agerraldia egiteko aukeratu duen eredua hori ikusarazi nahian prestatutakoa izan da: kazetarien aurrean atril gabe jardun du PSEko buruak; mikrofono handirik gabe, belarrira lotutako mikrofono txiki harigabe batekin. Telebistako aurkezleen gisara aritu da ehun egunen balorazioa egiteko orduan. Argazki eta eskema mugikorrak izan ditu lagungarri albo bateko pantailan.

Politikan ohikoa izan den zurruntasunetatik aldentzeko gogoa irudikatu du Mendiak. Kargua hartu zuenean bere helburua horixe zela esan zuen. Liskar antzuetatik urrundu, kalera atera, eta herritarren ondoan egonda konpondu nahi zituela haien arazoak. Haren esanetan, horretan aritu da alderdiko buru gisa egin dituen lehen ehun egunetan, eta hala segituko du.

Eredu politikoari dagokionez, PSOEk defendatzen duen eredu bera aldarrikatzen duela adierazi du: estatu federala nahi duela Espainian. Horretarako «konstituzioaren ituna» berritu behar dela azaldu du, eta lurralde egituraketa hobetu behar dela. Horrek zenbait liskar historiko gaindituko lituzkeela iruditzen zaio. Hori bai, konstituzioa aldatu eta federalismoa ezartzeko orduan «marra gorriak» ere behar direla azaldu du: PSEren ustez, «kontzertu ekonomikoa eta euskal singulartasuna» errespetatu beharko direla.

Elkarbizitzari dagokionez, biktima guztiak sufrimenduan berdinak direla esan du Mendiak, eta guztien eskubideak errespetatu behar direla elkarbizitzan sakontzeko. «Horregatik egon nintzen Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenaldian, ez dudala indarkeria mota bat ere onartzen erakusteko». Biktima guztiak aitortzeko premia azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna