Proposamenak zehazteko garaia

Bozetara nola aurkeztu erabakiko du Podemosek, eta erkidegoetako buruak hautatuko ditu
Hannot Sansinenea, atzo.
Hannot Sansinenea, atzo. J. E. / EFE

Erredakzioa -

2015eko urtarrilak 4
Herri kontseiluetako kideak aukeratuta, Podemosekoek hasi dute udal eta herrialdeetako proiektu eta estrategiak zehazteko prozesua. Orain arte esandakoari jarraiki, berretsi dute udal bozetara ez direla aurkeztuko Podemos izenarekin, baina ez dute baztertzen foru hauteskundeetara hala egitea. Hego Euskal Herriko hiriburuetako idazkari nagusiek eginiko lehen agerraldietan, gai nagusia udalerrian zer aukera babestuko duten izan da.

Bilbon, Lander Martinez hango herri kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du beraiek prest daudela herritarren plataformaren bat babesteko han —Bilbo Irabaziz plataforman parte hartzen ari dira Podemoseko zenbait kide—. Udal politikari dagokionez, esan du udalaren kontu ikuskaritza bat sustatzea dela beren asmoa.

Donostian, Hannot Sansineneak gaineratu du gaur-gaurkoz ez dagoela babestuko luketen plataformarik. «Beti esan dugu ez dugula babestuko alderdiak atzean dituen siglen zopa bat», esan du IU-Ezkerrak, Equok eta Alternativa Republicanak zenbait herritan sortu dituzten Irabazi plataformei erreferentzia eginez —Bilbo Irabaziz plataformak ez dauka loturarik horiekin—. Gasteizen, berriz, Fernando Iglesiasek ia guztiz baztertu du Araban Ikune hautetsi independenteen plataformarekin aurkeztea.

Nafarroan, herrietako kontseiluetako idazkari nagusiek bilera egin dute Orkoienen, eta agiri bat plazaratu dute; bertan beren burua eskaini dute lurralde horretan «aldaketa sozialaren lidergoa» hartzeko. Azpimarratu dute euren xede nagusia erakundeekiko konfiantza berreskuratzea dela, eta, egungo egoeraren aldean, beste gizarte eredu bat eraikitzea, giza eskubideak oinarri hartuta.

Euskal Hiria

Urtarrilean eta otsailean aukeratuko ditu Podemosek erkidegoetako kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoan hautagaitza aurkeztuko duela jakinarazi du Euskal Hiria plataformak. Adierazi dute hautagaitza «plurala» izango dela eta joera ideologiko «transbertsala» izango duela. Hautagaitza honako hauek osatzen dute: Begoña Bilbao Zuzenbidean lizentziadunak, Rafael Sainz de Rozas abokatu eta Zigor Zuzenbideko irakasleak, Ana Viñals Publizitatean lizentziadunak, Roberto Uriarte EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak, Dominique Saillard Itzulpengintzan lizentziadunak, Luis Alejos soziologoak, Gonzalo Larruzea filologoak, Rafa Ajangiz EHUko Politika Zientzietako irakasleak eta Gilen Nuñez ingeniariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna