Kalparsorok auzibidea ireki du Prietok iruzur egin ote zuen ikertzeko

Carlos Totorika PSE-EEren Bizkaiko ahaldungai nagusiak garai hartako «egoera historiko ezberdina» ulertzeko eskatu die herritarrei
Txarli Prieto, herenegun, bere auziari buruzko azalpenak ematen.
Txarli Prieto, herenegun, bere auziari buruzko azalpenak ematen. LUIS TEJIDO / EFE

Erredakzioa -

2015eko apirilak 16
Txarli Prieto Arabako PSE-EEren idazkari nagusiaren aurkako salaketa anonimoak aurrera egingo du. Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak auzibidea ireki du ikertzeko ea Prietok iruzur egin ote zuen alderdiaren hainbat egoitzatako lanak bera bazkide zen enpresa bati adjudikatu zizkionean. Arabako idazkari nagusiak berak hasieratik onartu du hori, baina argudiatu du «segurtasun eta konfiantza» arrazoiengatik eman zizkiotela lan horiek Escoiba izeneko enpresa horri. Idoia Mendia alderdiko idazkari nagusiak ere auziaren berri izan eta berehala esan zuen ez duela arrazoirik ikusten Prietoren aurka neurririk hartzeko. Eta alderdiko hiru ahaldungai nagusiak ere (Carlos Totorika, Cristina Gonzalez eta Denis Itsaso) antzera mintzatu ziren atzo, Bilbon, Forum Europak antolatutako gosari-hitzaldian.

Afera horixe bihurtu baitzen gosari horretan mintzagai nagusi, nahiz eta berez ahaldungai nagusiek euren egitasmoen berri emateko plaza behar zuen izan. Carlos Totorika Bizkaiko ahaldungai nagusia mintzatu zen argien. «Gaurko begien argitara» garai hartan egin zena gaizki egindako zerbaiten gisara ikusten dela zioen Ermuko alkate ohiak, baina garai hartako «ETAren jazarpenak» ez duela «inolako» zerikusirik egungo egoerarekin. «Bidegabea eta logika gutxikoa da politikoki erabat ezberdinak diren agertokietan analisiak egitea», esan zuen. Eta zera eskatu zien herritarrei: «Uler dadila egoera historiko ezberdina». Areago: «Gaur egun, gardentasuna, gardentasun falta edo ustelkeriaren kontrako borroka elementu ezinbestekoak dira. Garai hartan, ez dut uste horrelako logikarik zegoenik».

Cristin Gonzalez PSE-EEren Arabako ahaldungai nagusiak azaldu zuen bere alderdiak prestasun erabatekoa duela ikerketan «laguntzeko» eta gertatutakoa «berehala» argitzeko. Hark ere gogorarazi zuen PSE-EEk bere egoitzen segurtasuna areagotu behar izan zuela «tamalez», ETAk jendea hiltzen zuelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna