Euskal ikerlari gazteen topagune izanen da Durango maiatzean

IkerGazte Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresua antolatu du UEU Udako Euskal Unibertsitateak.170 pertsonak izena eman dute jada

UEUko arduradunak, EHUko Fernando Plazaolarekin (erdian). M. RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Hitzaldiak, mahai inguruak, komunikazioak, tailerrak. Euskal ikerlari gazteek elkar ezagutzeko hamaika aukera izanen dute laster, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik. IkerGazte Nazioarteko Ikerketa Euskaraz kongresua antolatu du erakunde horrek, lehendabiziko aldiz. Durangon eginen dute (Bizkaia), datorren maiatzaren 13tik 15era.

Izena emateko epea zabalik da oraindik. Jada 170 pertsonak eman dute izena. Kopuru horrek poztu egin ditu antolatzaileak. «UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da beti euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan», erran zuen UEUko zuzendari Iñaki Alegriak, atzoko aurkezpenean.

2010. urtean hasi zen mamitzen maiatzean eginen dutenaren gisako kongresu bat antolatzeko ideia. Alegriak argi du arrakasta izanen duela. «IkerGazte mugarri izatea nahi dugu; bi urtean behin egitea da gure asmoa».

Bertze hainbat unibertsitateren babesa ere jaso du egitasmoak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako zuzendari Pablo Sotesek proiektuarekin bat egin du, ikerlari gazteen artean euskara «komunikazio eta ikerketa tresna gisa» indartzen lagunduko duelakoan. EHUko Ikerketa errektoreorde Fernando Plazaolak, berriz, «euskarazko produkzioa areagotzeko» balioko duela erantsi du. Mondragon Unibertsitateko Jose Ramon Vitoriak erakunde horrek euskararen alde duen konpromisoa berretsi du, eta nabarmendu du unibertsitate ezagutza gizarte osoan zabaldu behar dela.

Hainbat arlo ukituko dituzte IkerGazten parte hartuko duten ikerlariek: giza zientziak, zientzia zehatzak, natur zientziak, osasuna, ingeniaritza, arkitektura eta zuzenbidea, bertzeak bertze. Era berean, hiru hitzaldi orokor izango dira: Paul Zachary PZ Myers ikertzaile estatubatuarra eta Karmele Artetxe EHUko irakaslea hilaren 13an jardungo dira, eta Itziar Laka EHUko hizkuntzalaria hilaren 14an mintzatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.