Proiektua aztertu arte, Esako lanak gelditzeko exijitu dute

Urbizi, Esa+Ez eta Rio Aragon plataformek kezka azaldu dute malden mugimenduekin. Manifestazioa deitu dute maiatzaren 27rako, Iruñean

Esa urtegiaren artxiboko irudia. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Esako (Nafarroa) urtegiaren emergentzia planak aktibatuta jarraitzen du. Eskuineko maldak mugimenduan segitzen du, eta azken bi hilabeteetan Nafarroak jasan dituen lurrikarak direla medio, urtegiak sortzen duen kezka areagotu egin da inguruan. Proiektua sakon aztertu arte, Esa handitzeko lanak «berehala» gelditzeko exijitu zuen atzo Iker Aramendia Esa+Ez plataformako kideak: «Azken asteetan Nafarroan izandako lurrikaren azelerazioa espero baino handiagoa izan da, eta agerian utzi du Esako eremuaren hauskortasuna. Lurrikarek larriago bihur dezakete jada larria den egoera». Prentsa agerraldia egin zuten Esa+Ez, Urbizi eta Rio Aragon plataformek, Iruñeko Katakrak liburu dendan: maiatzaren 27ko arratsalderako manifestaziora deitu zuten.

Indarrean dagoen legedia ere ez dela aplikatzen nabarmendu du Aramendiak. Izan ere, urtegiaren proiektuan oraindik ez dute txertatu sismikotasunari aurre egiteko 2012ko legearen eguneraketa: Esako lanen arduradunek lurraren grabitatearen azelerazioa 0,04 g —sinbolo horren bidez adierazten dute azelerazioa— baino gehiago izatea hartu zuten kontuan, legeak 0,09 g-tik gora hartu behar dela dioen arren. Azken lurrikarak 0,16 g-ko azelerazioa izan zuela kontuan hartuta, «automatikoki» legediaren eguneraketa guztiak aplikatzea eta urtegien legediak berriz aztertzea ezinbesteko jo du Aramendiak: «Segurtasuna ezin da unean uneko interesen menpe egon».

Txostenaren zain

Izan ere, Aramendiak salatu du CHE Ebroko Ur Konfederazioa Esako eskuineko maldan lanak egiteko prestatzen ari dela, eta milaka pertsonen bizia «arriskuan» jartzen ari dela.

Bestalde, plataformek begi onez ikusi dituzte Nafarroako Gobernuak Espainiako Ingurumen Ministerioarekin hasi dituen elkarrizketak: «Nazioarteko adituen txostena eskatzea adostea espero dugu. Lanetan interesa ez dutenek egin behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.