Aldundiak esan du hasi dela Pasaia aldea eraberritzeko aroa

Kai inguruan obrak eta egitasmo berriak egiteko era irekiko duen plana onartu dute. EH Bilduk adierazi du «kosmetika hutsa» dela plangintza
Olano eta Garmendia, atzo, plana aurkezten.
Olano eta Garmendia, atzo, plana aurkezten. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2018ko martxoak 14
«Aro berri bat hasi da». Pozarren jakinarazi zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako zerbitzugunea antolatzeko plan bereziaren berrikuspena onartu dutela. Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak eta diputatu nagusi Markel Olanok eman zuten berria. Nabarmendu zutenez, behin plan hori onartuta, Pasaiako portu inguruan hainbat lan eta egitasmo berri egin ahal izango dira, eta espero dute horiek giltzarri izatea aski «degradatuta» dagoen eskualde hori biziberritzeko. Foru aldundiak Pasaiako Udalarekin eta Pasaiako Portuko Agintaritzarekin hitzartu ditu plangintza horren nondik norakoak, eta egutegi bat ere ipini dute: 2021erako «aurrerapenak» agerikoak izango direla esan dute. Agerikoenetako bat izango da Adinberri zentroa; edadeko pertsonentzat bizitokiak eskainiko ditu, eta zahartzaroaren inguruan gogoetak eta ikerketak egiteko espazio bat ere izango da. Aldundiak martxan ipinia duen Etorkizuna Eraikiz programaren pieza garrantzitsuetako bat da.

Eremu horretan, hainbat administrazioren ardurapeko lurrak daude, eta horrek zaildu eta moteldu du, hein handi batean, plan hau. «Esan genuen luze joko zuela», oroitarazi zuen atzo Garmendiak. «Baina emandako hitza betetzen ari gara». Erakunde guztiek konpromisoak hartu dituztela azaldu zuen, eta guztiek dituztela «etxeko lanak» egitasmoak taxuz egin ahal izateko. Inguruko herrientzat ere —Errenteria, Lezo, Oiartzun— prozesu mesedegarria izango dela diote.

Portu moderno baten alde

EH Bilduk ohar bat plazaratu du, eta adierazi plan berriak «kosmetika hutsa» besterik ez duela ekarriko tamalez. Portu moderno baten aldeko hautua egin behar dela uste du, eta horretarako trabak ipintzen dituela Pasaiako Portuko Agintaritzak. «XIX. mendeko kai bat nahi du». Uste du herriaren esku utzi beharko liratekeen hainbat eremu okupatzen dituela oraindik ere, eta eragozpenak ipintzen dituela herritarren proposamenak aintzat hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna