Tokiko hautetsi saldoa bake prozesuaren alde

Hautetsien sostengu zabala du ekainaren 14ko manifestaldiak.Gutuna bidali diote Hollanderi

Jean Rene Etxegarai, atzo. A. LUCAS.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
61 auzapez, bost herri elkargo buru, 205 herri hautetsi eta bost parlamentari. Horra Bake Bideak azken hiru aste hauetan egin sostengu bilketaren uzta. Ekainaren 14an manifestaldia eginen da, Baionan, Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea leloarekin, eta, eskuinetik ezkerrera, hautetsien atxikimendu zabala erdietsi du. Lehen aldia duke bi urte hauetan abiatua den bake prozesuak hein horretako babesa biltzen duela Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoengandik.

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Hiri Elkargoko lehendakariak, Michel Veunac Miarritzeko auzapezak, Claude Olive Angelukoak eta Francis Gonzalez Bokalekoak izenpetu dute deia. Peiuko Duhart Donibane Lohizuneko auzapez eta Hego Lapurdiko Hiri Elkargoko lehendakaria ere agertu da lehen aldiz; Maider Behotegi Bidaxuneko Herri Elkargoko buruak, Pascal Jocou Hazparneko lurraldekoak eta Beñat Arrabit Garazi-Baigorrikoak ere sinatu dute. Kontseilari orokorretan, Max Brisson Miarritzekoak, Marie-Christine Aragon Baionakoak, Beñat Intxauspe Hazparnekoak eta Vincent Bru Kanbokoak.

Azken herriko bozen biharamun itxura dauka 61 auzapezen zerrendak —159 dira orotara—, kostaldeko hiri nagusietakoak agertzeaz gain auzapez anitzek bat egin baitu Bake Bidearen deiarekin. Besteak beste, Uztaritze, Baigorri, Maule, Senpere, Azkaine, Aiherra, Lekorne eta Donazaharreko auzapezek.

Gutuna Hollanderi

Hautetsien sostengu hori baliatu du Bake Bideak gutun bana bidaltzeko François Hollande Frantziako presidenteari eta Christiane Taubira Justizia ministroari, Aieteko Bake Konferentziak Espainiako eta Frantziako estatuei egin gomendioak bete ditzatela eskatuz.

Kouchner legeari jarraituz, larriki gaixorik diren presoen askatzea eta, bereziki, Ibon Fernandez Iradirena galdetu dute gutunaren bidez, besteak beste. Ekainaren 14ko manifestaldia 16:00etan hasiko da, Lauga gelatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.