Sanchez Mazas pasealekuaren izena aldatzera behartu du epai batek Bilbo

Lau Haizetara Gogoan elkarteak eginiko eskarietan bakar bat onetsi du ebazpenak.

Alkate frankisten koadroen auziaren mamian ez da sartu
Azkuna frankismoko biktimak oroitzen, Sanchez Mazas pasealekuan.
Azkuna frankismoko biktimak oroitzen, Sanchez Mazas pasealekuan. M. R / ARP

Arantxa Iraola -

2014ko urriak 21
Falangismoaren sortzaileetako bat izan zen Rafael Sanchez Mazas espainiar idazle eta politikaria (1894-1966), aski esanguratsua; ¡Arriba España! goiburua asmatu zuen, Cara al Sol abestiaren hitzak. Francoren diktadura goresteko ikurrak erretirarazteko eskatzen du Espainiako Memoria Historikoaren Legeak —2007koa da—, baina, hala ere, Bilbo erdialdean orain arte izan da gizon hura oroitarazteko leku izen bat: Rafael Sanchez Mazas pasealekua. Eta justiziak esku hartu behar izan du erretirarazteko; Bilboko Administrazio Auzietarako lehen Epaitegiak epai bat atera du izen hori egokia ez dela esanez, eta hori onetsiz hartu du erabakia udalak. Argudiatua zuen izenari eutsi nahi ziola Sanchez Mazasek kulturarekin izan zuen lotura goratzeko, baina epaiak ez du onartu.

Lau Haizetara Gogoan elkarteak Bilboko Udalak frankismoko ikurren auzian izan duen jarrera gaitzetsiz abiatu zuen auzibide bati erantzun dio epaiak. Diktadurako hainbat ikur zerrendatu zituzten, Sanchez Mazasi eskainitako pasealekuaz gain, eta kentzeko eskatu zuten. Lista horretan sartu zituzten, besteak beste, Derioko hilerrian Francoren aldekoak oroitzeko jarritako leloa, Moiua plazan Ogasun Ministerioak duen eraikineko armarri frankista, eta Bilboko Udaletxean alkate frankistak oroitzeko ipinitako margolanak. Baina soilik Sanchez Mazas pasealekuaren eskaria onetsi du ebazpenak; gainerakoak erretiratu direla dio, edo ez dela udalaren lana kentzea.

EAJ eta PSE-EE elkar hartuta

Alkate frankisten margolanen auziaren mamiari ez dio erantzun epaiak, forma akats baten harira baztertu du eskaria. Auzi polemikoa izan da. Izan ere, kentzeko eskariak egon badira ere, «behin-behinean» baino ez zituzten erretiratu. Iñaki Azkuna alkateak irmo defendatu zuen margolan horiek udaletxean egotea, eta PSE-EEk eta EAJk bat egin zuten horretarako; legea betetzeko, beste areto batean sartuko zituztela esan zuten, eta «testuinguru historikoan» kokatuko dituztela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna