Hendaiako zentroan atxikitakoen %23 itzularazi dituzte jaioterrira

CIMADEren arabera, 320 pertsona atxiki zituzten 2015ean, tartean bi adingabe. Zenbakiak «puztea» leporatu dio elkarteak zentroari

Hendaiako atxikitze zentroa, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Erredakzioa
Baiona
2016ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
320 pertsona atxiki zituzten 2015ean paperik gabeko migratzaileentzako Hendaiako zentroan (Lapurdi). Haietako gehienak, ordea, ez zituzten jaioterrira itzularazi: %23,3 baino ez zituzten aberrira kanporatu. CIMADE etorkinen eskubideen aldeko elkarteak emandako datuen arabera, %46,6 aske geratu ziren —epaitegien edo prefekturaren aginduz—, eta %23,7 Europako Batasuneko beste estatu batera bidali zituzten —ondorioztatuta atxilotu zituztenean ez zirela Frantzian bizi—. CIMADEko bozeramaile Francisco Sanchezen arabera, joera horrek agerian uzten du atxikitze zentroak ez duela helburua betetzen: «Barne Ministerioaren egungo politika da neurriz gain ezartzea atxikitze zentroetan asilo eskatzaileak, zenbakiak puzteko. Baina zenbaki horiek guziz faltsuak dira, zeren atxikitako 320 pertsonetatik %23 soilik izan baitira urrunduak».

Iaz Hendaian atxikitakoetatik 275 gizonezkoak ziren (%85,9), eta 45, emakumezkoak (%14,1). CIMADEren arabera, bi adingabe ere izan ziren tartean, baina «administrazioak adindun gisa hartu zituen», halako zentroetan ezin baitira adingabeak sartu. Migratzaile gehienak (207) Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko mugan atzeman zituzten, etorkinei egin ohi dizkieten kontroletan; 37, berriz, garraio publikoan. Batez beste, hemeretzi egun egin zituzten zentroan, baina %20k baino gehiagok 33 egunen langa gainditu zuten.

Gaixoekin kezka

Halere, gaixotasunen bat duten migratzaileekin bereziki kezkatuta agertu da Sanchez. Jaioterrietara itzularaztea arriskutsua izan daitekeela azaldu du: «Ez lirateke herrialde horietara bidali behar, ezin bada bermatu sendatu ahalko dituztela. Baina medikuak kontrakoa adierazten du, eta ez dute hori kontuan hartzen». Gaineratu du aldaketa bat izan dela osagileen figuran: orain arte ospitale batetik bideratutakoa zen medikua, baina hemendik aurrera Barne Ministerioari lotuta egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.