«Egia» eskatu dute Brouard eta Muguruzaren hilketen inguruan

Bi buruzagi abertzaleak gogoratzeko manifestazio eta omenaldiak egin dituzte Bilbon:. «Bada garaia jakiteko nork hil zituen eta noren aginduz»

Herritarrak lore eskaintza egiten, Errekalden, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Urtero legez, zenbait ekitaldi eta mobilizazio antolatu dituzte Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko buruzagien hilketen urtemugan —33 urte bete dira Brouard Bilboko bere kontsultan hil zutenetik, eta 28 Josu Muguruza Madrilen tirokatu zutenetik—, eta, ostera ere, «egia» eskatu dute haien gertukoek eta ezker abertzaleko kideek: «Bada garaia jakiteko nork hil zituen, eta noren agindupean».

Lehenengo omenaldia Bilboko Ametzola parkean egin dute, Santi Brouarden omenezko oroitarriaren aurrean. Bertsolarien eta ohorezko aurreskuaren ostean, Josu Muguruzaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kide Ane Muguruzak hartu du hitza. «Erantzukizuna bere gain hartzeko» eskatu dio Espainiako Estatuari, haren ustez, Espainiako Estatuak nahiago baitu «makineria juridiko guztia abian jarri egia estaltzeko eta gatazka betikotzeko» erantzukizunak onartzea baino.

Muguruzak gogorarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «de facto baliogabetu» egin duela estatuaren biolentzia pairatutako biktimei erreparazioa emateko Eusko Legebiltzarrak onartutako legea. «Kontakizun bakarra» eta «garaileen eta garaituen logika» inposatzeko nahia ikusten du Muguruzak erabaki horren atzean. «Gertatutakoaren interpretazio askotarikoak» egiteko aukera hobetsi du, «egiak, bakarra izanik ere, alde, ertz eta erpin ugari dituelako».

«Irtenbide demokratikoa»

Gatazka konpontzeko «irtenbide demokratikoa» eskatu du Ane Muguruzak, eta horretarako ezinbestekotzat jo du «oraindik badirauten indarkeriak behin betiko amaitzea». Kepa del Hoyo eta Belen Gonzalez presoen heriotzak eta Ibon Iparragirre pairatzen ari den «giza eskubideen urraketa bortitza» aipatu ditu.

Amaitutakoan, beste omenaldi bat egin dute, Errekalden, Josu Muguruzaren oroitarriaren aurrean. Iluntzean, berriz, manifestazioa egin dute Bilbon, Sortuk antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.