AEBetako bi ganberetan gehiengoa lortzeko bidean dira errepublikanoak

Ordezkarien Ganberako 435 kongresistak eta Senatuko 36 ordezkari berrituko dituzte.

Georgian eta Kansasen demokraten aldekoa da joera
Barack Obama zigortuko dute gaur boto-emaileek.
Barack Obama zigortuko dute gaur boto-emaileek. KATHERINE TAYLOR / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko azaroak 4
Barack Obamaren agintaldiko azken-aurreko hauteskundeak izango dituzte gaur AEBetan, 2016ko presidentetza bozen atariko. Eta errepublikanoek Kongresuko bi ganberetan nagusitzeko aukera dute. Duela lau urteko midterm hauteskundeetatik, langabezia %9,5etik %5,9ra jaitsi da, eta irailean 248.000 lanpostu sortu zituzten, iragarpen onenak gaindituz; defizita %9tik %2,9ra murriztu dute; ekonomiaren hazkundea gorakada iraunkor bati eusten ari zaio; eta Dow Jones indizea marka guztiak hausten ari da: urria 17.390,5 punturekin amaitu zuen, bi astean %10 igota. Baina, adierazle on horien gainetik, herritarrek zigor botoa emango diote Obamari.

Kongresuko bi ganberez gain, AEBetako 50 estatuetatik 36tan gobernadorea aukeratuko dute gaur: 22 demokratak eta 14 errepublikanok jarriko dute jokoan aulkia, eta aspaldiko aldaketa gehien espero dute. Hamabi estatutan lehia handia dago iragarrita, eta inkestek diote demokratek orain baino hiru bat estatu gehiago gobernatuko dituztela.

Kongresuan, oso bestelako emaitzak espero dituzte. Ordezkarien Ganberan errepublikanoek gehiengoari eutsiko diotela ziurtzat jotzen dute: 242 eserleku ematen dizkiete inkestek, zortzi irabazita. Eta, Senatuan ere, demokratei aurrea hartzeko moduan dira. Obamaren goraldiarekin, 52 ordezkari eta beren aldeko bi independente eseri zituzten demokratek goi ganberan, errepublikanoen 46 senatarien ondoan. Baina ia ziurra da gaur Montana, Mendebaldeko Virginia eta Hego Dakota urdinetik gorrira pasatuko direla, eta Louisianan, Alaskan eta Arkansasen ere hautagai errepublikanoak dira faborito Senaturako bozetan.

Colorado eta Iowari eusten ere lanak izango dituzte demokratek, baina ezustekoa emateko moduan dira historikoki errepublikano bozkatu izan duten bi estatutan: Georgia eta Kansas. Kontrako aurreikuspenei jaramonik egin ez, eta Senatuan gehiengoari eutsi egingo diotela iragarri du Joe Biden presidenteordeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna