«Inkisitoriala izan da Askapenaren aurkako epaiketa politikoa»

Askapenako kideen aurkako epaiketa politikoa izan dela salatu, eta absoluzioa espero dutela azaldu dute ehun pertsona inguruk Bilbon

Askapenako kideak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Espero eta jaso dezakegun epai bakarra absoluzioa da». Orain astebete amaitu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapenako bost auzipetuen aurkako epaiketa, eta epaitutakoek han esandako hitz berak errepikatu zituzten atzo Bilbon ehun pertsona baino gehiagok. Babesa eta elkartasuna adierazteko argazkia izan zen atzokoa, eta jendez inguratuta izan ziren horregatik prentsaurrekoan Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto eta Aritz Ganboa internazionalistak. Seina urteko zigorra eskatu dute fiskalak eta herri akusazioak, baina libre atera behar luketela aldarrikatu zuten atzokoan. «Agerian geratu da epaiketa politiko honen izaera inkisitoriala».

Ez dago auzipetuen militantzia ETArekin lotzeko frogarik, Alaitz Amundarain eta Lur Gil Askapenako kideen hitzetan, eta epaiketan akusazioak erabilitako argudioak aipatu zituzten adibide gisa. «Froga errealen faltan, akusazioarentzat berebiziko pisua hartu dute ETArekiko gaitzespenak eta preso politikoen terminoa nazioartean zabaldu izanak». Eta argi uzten du horrek epaiketaren izaera politikoa, Gil eta Amundarainen ustez.

Lehen baino indartsuago

«Harro gaude gure militantziaz». Internazionalismoaren defentsa egiteko ere baliatu zuten atzoko prentsaurrekoa Askapenako kideek, eta azken urteetan jasotako babes eta elkartasuna eskertu zuten. «Duela bost urteko atxiloketekin eta azken epaiketarekin internazionalismoa ahultzea bazen euren helburua, internazionalismoa Euskal Herrian atzo baino indartsuago dago gaur egun». Epaiaren zain egon beharrean lanean jarraitzeko asmoa dutela ere berretsi zuten.

Pozik azaldu ziren, gainera, epaiketaren inguruan egindako erresistentzia lanarekin. «Herri gisa erantzun dugu, errepresioaren aurrean hortzak estutu ditugu, eta eskubide zibil eta politikoen ukapen berri honen aurrean, zutik dagoen herri bat irudikatu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.