Sidenorrek lanaldia erdira jaitsi nahi du bere lantegietan

Sindikatuekin egindako lehen bileran enpresak argitu du itxi egin nahi duela Maltzagako lantegia, eta beste lantegietan enplegu orduak jaitsi

Jon Fernandez.
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Sidenor altzairugileak neurria jarri dio lehendik iragarritako aldi baterako enplegu erregulazioari, eta langileei ez zaie batere gustatu. Atzo egin zuten lehen bilera bi aldeek Basauriko egoitza nagusian, aldi baterako enplegu erregulazioaren negoziazioari hasiera formala ematen diona, eta etzi egingo dute hurrengoa. Bi urterako dosierra aurkeztu du zuzendaritzak, eta batez beste %50 jaitsi nahi du lanaldia bere lantegietan. Nolanahi ere, alde handia dago lantegi batzuetatik besteetara.

Sei lantoki ditu martxan Euskal Herrian, eta beste lau Espainian eta Herrialde Katalanetan. Guztien artean, 2.250 langile dira; 1.500 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bakarrik Basaurin, 900 inguru. Bada, Maltzagan %100 jaitsi nahi ditu lanaldiak—planta itxi, alegia—, eta Azkoitiko altzairutegian %62. Bi lantegi horietako produkzioa Gasteizko plantara eramango luke, nahiz eta han ere lanaldiak %35 txikitu, Legutiokoan beste. Basauriko bulegoetan eta Legazpiko plantetan, aldiz, %50 jaitsi nahi ditu lan orduak, eta %20 Basauriko altzairutegian.

Lan baldintza txarragoak

Euskal altzairutegiko zuzendaritzak maiatzean erosi zion Sidenor Brasilgo Gerdau multinazionalari, 155 milioi euroren truke. Orain Gerdauren garaitik datozen «galera ekonomiko jarraituak eta lehiakortasun falta» argudiatu ditu erregulazioa aurkezteko.

Sindikatuen esanetan, ordea, aldi baterako lan erregulazio dosier batetik harago doa zuzendaritzak eskatutakoa. «Negoziazio prozesuaren azken helburua da gure lan baldintzak eskastea», ELAk salatu duenez. Hauek dira, besteak beste, zuzendaritzak proposatutako baldintza aldaketak: malgutasunezko 80 ordu izatea, langileak lanpostu batetik bestera bidaltzea, lantoki batetik beste batera bidaltzeko aukera eta oporren zatiketa. «Finean, malgutasun osoa enpresarentzat», LABen arabera. UGT, CCOO eta USO ere izan dira bileran. Sindikatu guztiek eskatu diote industria plan bat aurkezteko Sidenorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.