Eskola publikoaren «ostadarraz» margotuko dute Lekeitio 2018an

Lekeitioko eskola publikoak antolatuko du Euskal Eskola Publikoaren jaia, ekainaren 3an. Kultur egitasmo ugari egingo dituzte urte osoan

Lekeitioko eskolako ikasleak, atzoko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ion Orzaiz.
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Kolore ugariko ostadarra, horixe da gure indarra, lekuan lekuko eta sasoian sasoiko fruta bezala». Lekeitioko Eskola Publikoko Guraso Elkarteko ordezkari Maitena Gerrikaetxebarriaren hitzek argi erakusten dute zer den eskola publikoa: ezberdinen arteko elkarlana, eta komunitate plural baten topalekua. Balio horiek guztiak aldarrikatuko dituzte datorren urteko ekainaren 3an, Euskal Eskola Publikoaren festan.

Lekeitioko eskola publikoko komunitateak antolatuko du jaia, Zapran gagoz! lelopean —topera gaude esan nahi du—. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia, eta familia argazki erraldoia atera zuten, gorputzekin leloa osatuz. Lekeitiok ekainean hartu zuen lekukoa Gasteizko Zabalgana eskolako arduradunen eskutik, eta, ordutik, lanean dihardute ikasle, irakasle, langile, hezitzaile, ikasle ohi, irakasle ohi eta gurasoek. «Parekidetasunean, kalitatean, eskuzabaltasunean eta benetako berdintasunean oinarritutako eskola hobe bat eraikitzeko ahaleginean, beste pauso bat eman nahi dugu», adierazi zuten atzoko aurkezpenean.

Herriko eskolaren ibilbide luzea ere nabarmendu zuen Gerrikaetxebarriak, hezkuntza publikoa «herritarrena» dela azpimarratuz: «Izenak aldatu egiten dira urteen joan-etorrian, eta gaur egun eskola publikoa dena, oraintsu arte, herriko eskola izan da: herritarren eskola, udal, maisu, guraso eta ikasleena; azken mendeetan milaka eta milaka ume hezi dituena».

Lekeitioko eskola komunitatea «alaia eta koloretsua» dela gaineratu zuen BIGEko presidente Ana Pastorrek, «euskal eskola publikoaren irudi ezin hobea». Pastor eta Gerrikaetxebarriarekin batera, aurkezpen ekitaldian izan ziren Lekeitioko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Mertxe Arrizubieta eta Lekeitioko Eskola Publikoko zuzendari Xabier Iturbe. Ekainaren 3a «egun handia» izan arren, festa ikasturte osora zabalduko dute; kultur, kirol eta gastronomia ekitaldi ugari antolatuko dituzte. «Zapran gagoz, eta zelebratu egin behar dogu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.