Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Puigdemont ez da Kongresura joango galdeketaz mintzatzera

Publizitatea

Mundua

Katalunia. Prozesu subiranista

Puigdemont ez da Kongresura joango galdeketaz mintzatzera

Aurretik akordio bat lortuta joango litzateke soilik Espainiako ganberara. Madrilek proposatu dio han «defendatzeko eta eztabaidatzeko» gaia

2017-05-20 / Ander Perez Zala

Kataluniako presidente Carles Puigdemont, presidenteorde Oriol Junqueras eta Atzerri Harremanetarako kontseilari Raul Romeva Madrilen izango dira etzi, Puigdemont hitzaldi bat ematekoa baita erreferendumaren inguruan Espainiako hiriburuko udaletxean. Egun garrantzitsua izango da, Kataluniako presidenteak azkenekoz eskainiko diolako Espainiako Gobernuari erreferendum adostua egitea. Orain arte bezala, espero da Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ezezkoa ematea; hala balitz, Puigdemontek independentzia galdeketaren data eta galdera jakinaraziko ditu datorren astean —litekeena da urriaren 1ean izatea—. Madrilek, ordea, uste du gai horretaz eztabaidatzeko toki «egokiena» Espainiako Kongresua dela, eta Kataluniako presidenteari eskaini dio ganberara joateko proiektu independentista «azaltzera eta defendatzera». Puigdemontek, ordea, ezezkoa eman dio Espainiako Gobernuaren eskaintzari: «Galdeketa adostuari buruzko akordio bat izatean joango naiz Kongresura».

Eztabaida ganbera horretara mugatu nahi du Madrilek; izan ere, erreferenduma Senatuan azaltzen saiatu zen Kataluniako presidentea, baina Madrilek blokeatu egin zuen aukera hori. Dena den, Kataluniako presidentea pozik agertu da Madrilen eskaintzarekin: «Pozten naiz Espainiako Gobernuak autodeterminazio erreferendum bat egiteko aukera onartu duelako», erantzun du, Espainiako Gobernua Madrilgo udaletxean egingo duen hitzaldira gonbidatzearekin batera.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak eman du eskaintzaren berri: «Gonbita helarazten diogu Puigdemonti bere proposamena eztabaidatzeko konstituzioaren barnean. Behar duen laguntza guztia izango du eskura». Egun arte izan duen jarrerari eutsiz, Madrilen eskaintza berriak ez du izaeraz aldatu, eta Saenz de Santamariak berretsi du ezinezkoa dela erreferendum bat negoziatzea eta onartzea; bai, ordea, «konstituzioaren legedia aldatzea».

«Adierazpen askatasuna»

Puigdemontek etziko hitzaldia Madrilgo udaletxean egingo du, eta Alderdi Popularra kritiko agertu da Espainiako hiriburuko alkate Manuela Carmenarekin, uste baitu «alfonbra gorria» jarri diola independentismoari.

Carmenaren ustez, auzia adierazpen askatasuna «errazteari» buruzkoa da: «Horrek ez du esan nahi independentismoa babesten dudanik». Gogorarazi du alokatu duten gela beste alderdiek ere alokatu izan ohi dutela, tartean Ciudadanosek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak