Jaurlaritzak ezin izan du proba orokorturik egin 27 ikastetxetan

Lehen Hezkuntza eta DBH amaierako proba pilotuak 63 zentrotan egin dituzte. Uriartek salatu du «presio jasanezina» pairatu dutela eskoletan

Probei planto egitearen aldeko ekitaldi bat, maiatzekoa. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Hiru eskolatik batean muzin egin diote. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Lehen Hezkuntza eta DBH amaierako proba pilotuak 63 eskolatan egin dituztela aurten, eta beste 27 zentrotan ezin izan zituztela egin, ikasle kopuru txikia zela eta. Hezkuntzako eragile batzuek planto egitera deitu zuten, probei uko egitera, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak salatu du «presio jasanezina» pairatu dutela eskoletan. Are, Xabier Aizpurua ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeko zuzendariak jakinarazi du aztertzaileek ere jasan dutela jazarpena. Probak defenditu ditu Jaurlaritzak, esanez «ebaluazio sistema propioa diseinatzeko» izango direla.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuten atzo Jaurlaritzako arduradunek, EH Bilduk eskatuta, ebaluazioen berri emateko. Aldaketak izan baitira aurten. Lehen Hezkuntzako seigarren mailan eta DBHko laugarrenean azterketak egin dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. LOMCE legean jasoa dago maila horietan probak egitea —hasieran, errebalida zen DBHko proba, titulua lortzeko nahitaezkoa, baina atzera egin zuen Madrilgo gobernuak—.

Txostenik ez ikastetxeka

Jaurlaritzaren argudioa da Lehen Hezkuntza eta DBH amaierako proba horiek ez direla LOMCEkoak, «ebaluazio sistema propioa» garatzea dutela helburu. Horretarako, ez dituzte eskola guztietan egin azterketak aurten: lagin bat aukeratu dute, proba pilotuak egiteko. Hango ondorioekin txosten orokor bat egingo dute orain —ez eskolaka edo ikasleka—, azterketa baliagarria den jakiteko. Heziberri proiektuan jasoa dute ikasleen irteera perfila zehaztea —ikasmaila bakoitzean zer gaitasun lortu behar duten—, eta hori aztertzea da ebaluazioaren asmoa.

Azalpenak ez zituen ontzat jo EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak. Uste du proba horiek LOMCEren ondorio direla, eta salatu du eragileen iritzia ez dutela aintzat hartu. Hain justu, Uriartek azaldu du gogoeta hasi nahi duela ebaluazio ereduari buruz. Irailetik aurrera izango da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.