Olaizola II.a eta Ibai Zabala, hausturarik gabe, Zarauzko finalera

Goizuetarrak eta berriztarrak 22-12 hartu dituzte mendean Bengoetxea VI.a eta Albisu, eta Martinez de Irujo eta Zubietaren aurka ariko dira gaur

Olaizola II.a pilota astintzen, atzo, Zarauzko jaialdian. GOTZON ARANBURU / ARP.
unai zubeldia
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Pilota bat eman, eta artista lana egiten du Aimar Olaizolak. Txokoan komeni dela? Txokoan. Bi pareta ederragoa dela? Bi pareta. Atzean egurtuta saria bikoitza dela? Atzean. Hasterako, 9-0. Aurreko koadroetako ikuskizunari atzeko segurtasuna gehituta, kito Zarauzko torneoko bigarren finalerdia. Gaurko finalerako sailkatzea ez zuelako lortu Olaizola II.ak bakarrik. Ia pilota bakar bat ere galdu gabe, oso lan ona egin zuen Ibai Zabalak ere atzeko koadro horietan. Aurkarien joarekin, eta euren hutsekin, pixkanaka-pixkanaka itzaliz joan ziren Bengoetxea VI.a eta Albisu. 50 minutu eskas iraun zuen partidak (22-12). Azken bi egunetan bi finalerdiak jokatuta, dotorea geratu da gaurko finala: Martinez de Irujo eta Zubieta, Olaizola II-a eta Ibai Zabalaren aurka (18:00, ETB1).

Txokoan lehen biak, ezker paretari pega-pega moztuta hurrena, ezker gantxo neurtuekin ondoren... Bengoetxea VI.ak eta Albisuk ezin zuten asmatu aurkarien erauntsia baretzen, eta, beroketa lanak amaitzerako, 9-0 eta 12-3 atzetik ziren markagailuan. Ordurako zazpi tanto eginda zeuzkan goizuetarrak, eta berak huts egindakoak izan ziren urdinen hiru tantoak. Ordura arteko tanto festa apalduta, hutsak pilatzen hasi ziren gorriak, eta, hainbestean, 13-8ra gerturatu ziren Bengoetxea VI.a eta Albisu.

Albisu, aurkariaren mende

Bazirudien biziberritu egingo zela finalerdia. Baina bost tanto jarraian eginda, 18-8 ihes egin zuten Olaizola II.ak eta Ibai Zabalak. Atzea kontrolatuta, errazagoa izaten da aurrean nagusitzea, eta horixe egin zuten irabazleek. Albisu ez zen gai izan Ibai Zabalaren pare aritzeko, eta, eutsi eta eutsi, beste bi huts ere pilatu zituen ataundarrak partidaren hondarrean. Lesiotik osatu berritan, behetik gorako bide motelean ari da Bengoetxea VI.a, eta, oraingoz, ezin zaio eskatu askoz gehiago ere. 47 egunez kantxetatik kanpo egon da Irujo, eta, zaleen gozamenerako, gaur elkartuko da, berriz ere, kantxan Olaizola II.arekin. Askotan bezala, final batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.