Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Nazioarteko I. Arkitektura Bienala egingo da Donostian

Publizitatea

Kultura

Nazioarteko I. Arkitektura Bienala egingo da Donostian

'Mugak' izenpean, hamaika jarduera egingo dira udazkenean, arkitektura herritarrei hurbiltzeko. Ekitaldiak irekiak izango dira

2017-07-15 / Itziar Ugarte Irizar

Nazioarteko Arkitektura Bienala jasoko du Donostiak udazkenean. Estreinako aldia izango da, baina, aurrerantzean, bi urtetik behin egiteko asmoarekin aurkeztu dute. Azaroaren 7an hasita, berrogeita hamar ekitaldi inguru bilduko ditu: hitzaldiak, mahai inguruak, bisita gidatuak, erakusketak eta tailerrak. Mugak izena jarri diote, arkitekturaren eta filosofia edo artea bezalako beste diziplinen artean dauden banalerroei erreferentzia eginda. Muga horiek izango ditu jomugan bienalak, eta hori izango du helburu: arkitekturaren, artearen eta kulturaren arteko harremanetan sakontzea, arkitekturaren arloa «mugatzen duten eta herritarrengandik urruntzen dituzten ertzak» hausteko. Horregatik, programazioa «herritargo zabalari» begira ondu dute, ez arkitekturako profesionalei edo gaian adituak direnei begira, Pedro Astigarraga egitasmoaren komisarioak adierazi duenez.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatu du programa. Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du bienalak parada emango duela hausnartzeko arkitekturak zer funtzio betetzen duen gizartean eta zer ekarpen egiten duen hiri «kohesionatuak eta orekatuak» lortzeko. Arkitekturaren dimentsio «funtzional eta estetikoaz» gain, diziplinak «eginbehar sozial eta zibikoa» ere baduela erantsi du Arriolak.

Arkitekturako 400 ikasle

Ekitaldirik gehienak Miramar jauregian izango dira. Dena den, antolatzaileek adierazi dute programazioak «hiri osoa blaitzea» nahi dutela. Bienalak hartuko dituen espazioen artean daude Tabakalera, Koldo Mitxelena Kulturunea, Museum Cementos Rezola eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa. EHUrekin lortutako elkarlana azpimarratu dute antolatzaileek, Arkitektura Eskolako 400 ikasle Miramar jauregira joango baitira lehen egunetan, irakaspenak bertatik bertara jasotzera.

Azarotik 2018ko urtarrilera bitarte, hiru hilabetez egongo da bienala Donostian. Egun nagusiak, ordea, azaroaren 7tik 10era bitartekoak izango dira. «Irekiera astea» egingo dute egun horietan, eta hantxe izango da egitasmoko protagonistetako bat: RCR Arquitectes, Kataluniako estudioa. Aurtengo Pritzker sari entzutetsua irabazi du Oloteko estudioak (Girona, Herrialde Katalanak). Haren sortzaile Carme Pigem, Ramon Villalta eta Rafael Arandak hitzaldia egingo dute bienalaren estreinako egunean, eta estudioaren bilakaeraren erakusketa jarriko dute ikusgai.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak