Emakume sortzaileen lanak saritu ditu aurten Zinegoak jaialdiak

'(M)uchenik', 'Los objetos amorosos' eta 'Mów mi Marianna' lanek jaso dituzte sari nagusiak. Lan saritu guztiak erakutsiko dituzte gaur, Bilbon

Erredakzioa
Bilbo
2017ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Zinegoakek, Bilboko LGTB Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak, aurtengo sariak banatu zituen atzo, Guggenheim museoaren atrioan antolatutako ekitaldian. Aurtengo sariek ezaugarri nabarmena izan dute: «Eduki sozialak eta aldarrikapenak izan dira nagusi», antolatzaileen esanetan. Era berean, antolakuntzak nabarmendu zuen hamabi sarietatik zazpi emakumeentzat izan direla, azken urteetako joera mantenduz eta areagotuz.

Fikziozko film onenaren saria Errusiako (M)uchenik (The student) lanak jaso du, «ikuslea muturreko egoera batera eramaten duelako, gaur egungo gai bat jorratzen duelako eta bere zinemagintza kalitateagatik». Miren Aperribaik, Marion Bergerrek eta Ruben Ochandianok osatu dute epaimahaia aurten. Fikziozko gidoirik onenaren saria ere jaso du Kirill Serebrennikov zinemagilearen lanak. Mundua galbidean dagoela sinetsita inguruan dituen helduen jarrera moralak aldatzen dituen ikaslearen istorioa kontatzen du filmak.

Zuzendaritzarik onenaren saria Adrian Silvestrek jaso du (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1981), Los objetos amorosos lanagatik. Epaimahaiaren iritzian, «zinemak dituen baliabideak maisutasunez jorratzen ditu errealitate bat kontatzeko, eta aktoreen zuzendaritza ere zoragarria da». Etorkizun hobe baten bila Erromara emigratu duen emakume kolonbiar baten istorioa du oinarrian filmak. Alex Anwandterren Nunca vas a estar solo estreinako lanari aipamen berezia egin dio jaialdiak.

Aurtengo dokumental onenaren Saria Mów mi Marianna lanari ematea erabaki dute. Karolina Bielawska poloniarra da lan horren zuzendaria, eta bere sexu identitatearen eta gehien miresten duen horren, hots, familiaren artean erabaki beharko duen emakumearen istorio erreala kontatzen du. Jake Witzenfelden Oriented lanari aipamen berezia egin diote, «Israel eta Palestinaren arteko gatazkari xehetasunez jositako ikuspegi berri bat emateagatik».

Lesbianismo eta Generoaren Saria aurten ex-aequo izan da. Batetik, Arreta dokumentala saritu dute, «bularreko minbiziaren ikuspegi kritiko eta ahalduntzailea bultzatzen duelako, ikuspegi feminista batetik». Bestetik, Moms on Fire film laburra saritu dute, «animazioko lan ausarta delako, amatasunari mitoak kenduz, umore garratza eta kritikoa tresna politiko gisa erabiliz».

Film horiek, eta baita beste arlo batzuetan saritutako guztiak ere, gaur arratsean emango dituzte Bilborock eta Golem zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.