Draghik soldata igoera txikia ikusten du inflaziorik ezaren atzean

Ivan Santamaria.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Moneta politika normalizatzeko bidean, urrats txiki bat egin du EBZ Europako Banku Zentralak. Baztertu egin du interes tasak gehiago jaisteko aukera, deflazio arriskua benetan desagertu dela iritzita. Hala ere, interes tasa txikiek bolada luze batean jarraituko dutela agindu du, eta eutsiko dio du hilero 60.000 milioi euroko aktibo erosteari. Programa hori mugatzeko keinurik ez zuen egin atzo Mario Draghi erakundeko presidenteak.

Ez da aldaketa bakarra. Uneotan arriskuak «orekatuta» ikusten ditu bankuak. Zikloari esker, ekonomiaren hazkundea gehiago indartzeko aukerak ikusten ditu orain. Kontrako aldean, okertzeko arriskuak nazioarteko egoerari lotzen zaizkio.

Inflazioak azken aldian izan dituen gorabeherak erregaien prezioari zor zaizkio, Draghiren ustez. Azpiko inflazioan ez dela ezer aldatu ohartarazi zuen. Horren atzetik egon daitekeen elementuetako bat soldaten hazkunde eskasa da. Lanpostu berriak sortzen ari dira Europan, baina oso kalitate txikikoak dira. Horrek mugatu du oraingoz prezioen gorakada. Draghiren aburuz, fenomeno iragankorra da, baina «pazientzia» eskatu du, inflazioa EBZren helburura gerturatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.