Nafarroa Akitania-Euskadi euroeskualdean sartuko da gaur

Erredakzioa
Iruñea
2016ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hamabost urte geroago, Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko eta Akitaniako gobernuekin, biekin batera. Akitania-Euskadi euroeskualdean sartuko da gaur, mugaz gaindiko instituzio horretako kideek Arkautin (Araba) egingo duen batzar nagusian. Han, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta Akitaniako Limousin-Poitou-Charentes eskualde kontseilukoek oniritzia emango diote Nafarroako Gobernua euroeskualdeko kide izateko iazko urriaren 21ean eginiko eskaerari, eta, hori burutu ahal izateko, erakundearen estatutuak aldatu eta zuzendaritza berria egokituko dute.

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariarekin batera, Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordea eta Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria izango dira, eta erakundeko buruak: Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniakoa. 2011n sortu zen Euskadi-Akitania euroeskualdea, aurretik zeuden lankidetzarako beste esparru batzuei segida emanez. Hortik kanpo geratu zen Nafarroa, orduko gobernuak hala erabakita

Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, Barkosek esan du «Espainiaren eta Frantziaren oniritziaren» zain egon arren gaurtik aurrera ofizialki euroeskualdeko kide izango dela Nafarroa. Dena den, azpimarratu du jada «zenbait proiektutan» elkarlanean ari dela bere gobernua, erakundeko kideek zehaztutako ildo estrategikoei jarraikiz.

Urkullu da euroeskualdeko presidentea, 2014tik. Urte horretan, 2020ra arteko plan estrategiko bat abiatu zuten helburu hauekin, besteak beste: abiadura handiko trena bultzatzea, mugaz gaindiko garraioa erraztea, turismo politikak koordinatzea, langabeziaren aurkako programak garatzea eta ikasleen mugikortasuna erraztea. Iaz, 40 egitasmo inguru finantzatu zituzten. Bederatzi milioi biztanle inguru bizi dira euroeskualdeko lurretan.

Bide luzea

1992an, Nafarroak lankidetzarako protokolo bat sinatu zuen Akitania eta EAErekin, eta testuinguru horretan parte hartu zuen 2000. urtera arte. Urte horretan Miguel Sanzen gobernuak harremanak eten eta alde biko hitzarmenak lehenetsi zituen; bederatzi urte behar izan zituen, halere, horretarako. 2009an EAErekin, eta 2015ean Akitaniarekin. Bien bitartean, EAEk eta Akitaniak, hasierako protokolo horretatik abiatuz, Europako Batasuneko zuzenbideak araututako lankidetzarako egitura bat sortu zuten, izaera juridikoa duena: euroeskualdea, 2011n sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.