ANALISIA

«'No está previsto preguntar en euskara'»

Iñigo Astiz -

2015eko azaroak 12
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren prentsaurrekoa: kazetari sorta bertan eta mahaian Pelota II pelikulako bi zuzendariak. Euskalduna bata (Olatz Gonzalez), daniarra bestea (Jorgen Leth). Filman isiltasunaren alde egindako hautuari buruzkoa izan da lehen galdera. Paradoxikoki, isiltasunari buruzkoa. Izan ere, bigarren galdera egiten amaitzerako eten ditu zinemagile euskalduna eta kazetari euskalduna itzultzaile dabilen langileak. «Una cosa: si habláis en castellano, lo puedo traducir al inglés». Ezagutzen dute elkar aurrez , eta horregatik konfiantza tonua. Zuzendari daniarrari esaten dena itzultzeko kontratatu dute, eta euskarazko solasaldia ere itzuli nahi, saiatu, eta ezin. «Tengo que traducir todo lo que decís. Yo no trabajo en euskara, y eso no estaba previsto».

Ez dago aurreikusita. Horra egia, eta egitura da arazoa, ez itzultzailearen esaldia: Zinebiko antolatzaileek deitu dituzte euskal kazetariak eta prestatu dute euskarazko oharra ere, baina ez dute aurreikusi euskal kazetariek euskaraz galderarik egiterik zuzendari euskaldunei. Egitura da: ez dago euskarazko interpreterik. «No está previsto hacer preguntas en euskara». Eroso egin dezakete lan gazteleraz baino ez dakiten kazetariek, eta sobera sentitu behar euskara ere badakiten kazetari eleaniztunek. Haien solasa ez baita daniarrei itzultzeko beste, nonbait. Edo garestiegi, bestela. Hori da itzultzailearen esaldiak azaleratzen duen errealitatea, eta errealitatea da arazo, ez esaldia.

Zinebin izan da orain, baina paretsu beti. Aldarrikapen da oraindik euskaraz galdetzea, baita isiltasunaz ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna