Hezkuntza. Lege berrirantz

Eztabaidari ekiteko garaia

Hezkuntza legea egiteko bidea abiatuko dute orain Heziberri planean. Bi aldetan dago eztabaida nagusia: hizkuntzak eta finantzaketa. Urteetan izkin egindako eztabaidei ekingo diete parlamentuan.

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko urtarrilak 6
Azken helmuga da Heziberri planean: lege berria egitea hezkuntzan. Ezinezkoa da legealdi honetan onartzea, baina bidea hasi nahi du Eusko Jaurlaritzak. 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea dago indarrean; sistemaren erdia soilik hartzen du: publikoa. Lege berria egitearen aurka ez da inor agertu, baina desadostasunak daude. Gainera, alderdi gehienek ez dute erabat zehaztu beren jarrera. Oraingoz, zintzilik segituko du lege berriak.

Gobernu programan eta EAJren bozetako egitasmoan ageri da legea egiteko ideia. «Hezkuntzaren egitura guztia gorpuztu eta koherentziaz hornitzea» da xedea; hots, publikoa soilik ez, itunpekoa ere hartzea. Hain zuzen ere, itunpekoak —batez ere ikastolak— ari dira legea bereziki eskatzen.

CURRICULUMA

PP, Heziberrirekin ados

Edukien gaiak ez du zuzeneko loturarik legearekin —dekretuz egiten ditu Jaurlaritzak—, baina eztabaida sutsuenetakoa horrek sortzen du. Heziberrin curriculumak egiteko bidea berria izan dela nabarmendu du EAJk: «Inoiz planteatu ez den moduko parte hartze prozesu bat izan da: eragile guztiekin landu da». Lan egokia izan dela uste du Jone Berriozabal parlamentariak. «Jarrera kritikoak egon dira, baina batez ere kritika eraikitzailea egin dute. Eragile politikoek eskatu dute Heziberri erretiratzea, ez hezkuntzakoek».

Legebiltzarrean ez daude guztiak ados. EH Bildu eta PSE-EE bat datoz: LOMCEri atea irekiko dio Heziberrik. «Guztiz kezkagarria da: gure hezkuntza propioa eraikitzeko eduki eta oinarririk ez du; gehiago da LOMCE ezartzeko tresna. Kalko bat», salatu du Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak. Ildo beretik jo du Isabel Zelaa sozialistak ere: «Jaurlaritzak esan zuen LOMCEren garapena galgatzeko zela. Ordea, aplikatu egingo du, baita behar ez denean ere. Neutralizatu ez, ezarri egingo du». Heziberriren eredua zalantzagarri da PSErentzat: «Ikastolen proiektuaren kopia da. Oso aldaketa sakona». PP da salbuespena: aparteko kritikarik ez du egin, LOMCE betetzen dutelako dekretuek. «Garrantzitsua da legera egokitzea, eta saiatu dira», adierazi du Iñaki Oiarzabal legebiltzarkideak. «Kalitatea hobetzea defendatzen dugu, gehiegi ez sartzea identitatezko gaietan».

Egoera horretan hasiko dira legeaz hizketan. Berriozabalek argi jarri du baldintza: «Ezinbestekoa da oinarrizko akordioa lortzea». Legea egitearen kontra ez daude gainerako taldeak, baina duda batzuk dituzte. Zelaak, adibidez, garaiarekin du zalantza: ziur da Madrildik beste lege bat iritsiko dela, PPk gehiengoa galdu ostean.

HIZKUNTZAK

Ingelesa nola txertatu

Giltzarrietako bat izango da hizkuntzaren gaia. Euskalduntzeko helburuari gehitu zaio ingelesa ikastea. Nola egin, desadostasun handiak dituzte alderdiek. Ereduen aldekoa da EAJ: «Ereduen sistemak iraun egin behar du, gurasoen hautatzeko eskubidea eta hizkuntzak ikasteko betebeharra bermatzeko». Sistema hobetzea da proposamena: «Egungo markoan, badago tartea aurrera egiteko». Euskara ardatz izatearen alde egin du EAJren gobernuak.

Eredu sistemaren aldeko da PP ere, «baina gaurkotuta». Ingelesa giltzarri dela nabarmendu du Oiarzabalek: «Hori da apustua». Euskara «indartzea» ondo ikusiko luke —hori egin dute gaztelania hutsezko A ereduan—, baina ingelesari pisu gehiago emanez. Hiru eleko ereduaren aldekoa da PSE ere. Joan den legealdiko probak emaitza «ikusgarriak» izan dituela nabarmendu du Zelaak, eta hori dela bidea: «Eskolek erabaki zezaketen zer neurri eman hizkuntza bakoitzari, beti euskara lehenetsiz». Ikastetxe adina eredu.

Gainerako taldeetatik urrunago dago EH Bildu. Ereduen sistema alboratu nahi du: «Eman du eman beharrekoa». Arrondok adierazi du hizkuntza ofizialak bermatu behar direla lehenbizi. «Eta euskara ez dago bermatua. Ardatza euskara izan behar da, eta joango gara eleaniztasunera».

FINANTZAKETA

Atzeratutako eztabaida

Hezkuntza sareen finantzaketan dago ika-mika nagusia oraintxe. Eragile batzuk ari dira indar egiten: batetik, Ikastolen Elkartea, baliabideen banaketa «bidezkoagoa» eskatuz; bestetik, sare publikoko eragile eta talde batzuk —batez ere EHIGE eta EILAS—, sistemaren ardatza sare publikoak izan behar duela nabarmenduz.

«Eztabaida ugari daude zintzilik herri honetan, eta finantzaketarena da bat», aitortu du EH Bilduko kideak. Koalizioak oraindik ez du finkatu behin betiko iritzia. «Eztabaidan murgilduta gaude». Hala ere, gutxieneko bat argi utzi du Arrondok: «Oinarrizko baliabideak bermatu behar dira». Zer defendatuko duen ez du argi azaldu EAJk ere: «Sistema osoa hartu behar da kontuan. Oso zabalduta daude sare biak; biak dira beharrezko. Finantzaketari dagokienez ere bai». Berriozabalek dio «patxadaz eta eragile guztiak aintzat hartuz» aztertu behar dela.

Argiago mintzo dira PSE eta PP. Sozialistek uste dute oraingo finantzaketa aski dela. «Euskadiko sare itunpekoa da inguru osoan gehien jasotzen duena. Publikoa izan behar da ardatza. Baliabide gehiago ez badago, ezin da gaurko egoera mugitu». PPk, aldiz, itunpeko sareak babestu ditu. «Arrazoi dute: gaurko finantzaketa ez da egokitzen kostu errealetara. Babes handiagoa behar dute. Zailtasunetan daude ikastetxe asko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna