Albistea entzun

Katalunia. Erbesteko gobernua

Itzulera baten lehen edo azken pausoak

40 urte dira Josep Tarradellas Generalitateko presidentea erbestetik Kataluniara bueltatu zela. Autogobernuaren berreskurapena islatu zuen, baina autonomiaren kontrolaren eta independentziaren arteko deman heldu da urteurrena.
Josep Tarradellas, Bartzelonara iristean, hari aireportura ongietorria egitera joandakoak agurtzen.
Josep Tarradellas, Bartzelonara iristean, hari aireportura ongietorria egitera joandakoak agurtzen. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain - Berriemaile berezia

2017ko urriak 24 - Bartzelona

Lau hamarkada bete ziren atzo Josep Tarradellas i Joan Generalitateko presidentea erbestetik Kataluniara itzuli zenetik. 38 urte egin zituen deserrian, eta haren itzulera inflexio puntutzat dute Kataluniako autogobernuaren berreskuratzean. Bueltatu eta berehala Generalitateko jauregiko balkoitik esandakoek —«Ciutadans de Catalunya, ja soc aqui (Kataluniako herritarrok, hemen naiz jada)»— iltzatuta jarraitzen dute herrialdearen historian. Ezezagun eta polemikotzat dute askok, baina baita ikurtzat ere, Generalitatearen iraganaren eta geroaren lotura gisa dutelako; erakundearen itzuleraren eta hurrengo hamarkadetan autogobernua garatzearen arteko zubitzat.

Urtean osoan aritu dira hura omentzeko ekitaldiak egiten, eta martxoaren 20an eginikoan, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Tarradellasen «kemena» nabarmendu zuen, eta erantsi egungo belaunaldia prest dagoela «sakrifizio maila bera» izateko eta «goi mailako politikako» erabakiak hartzeko. Atzo egin zuten azkena, Cervellon, haren jaioterrian. Han izan zen Jordi Turull Generalitateko bozeramailea.

Prozesu subiranistan erabakigarria izan daitekeen astean heldu da urteurrena. Tarradellasekin itzuli ziren Generalitatea eta autogobernua, eta asteon ikusiko da itzulera hori behin-behinekoa izan zen —Madrilek autonomia bere gain hartuta— edo Generalitateak autogobernu hori muturrera eraman dezakeen —independentzia deklaratuta eta gauzatuta—.

Generalitatea, dekretuz

Generalitatearen berrezartze ofizialean ezinbesteko rola jokatu zuen Tarradellasek. 1936ko gerran, kolpistek Katalunia okupatu ostean desegin zuten Lluis Companys buru zuen gobernua. 1939ko otsailean, gerra amaitzear zela, Frantziara egin zuen ihes Tarradellasek, eta ez zen herrialdera itzuli 38 urte geroagora arte. Companys 1940an fusilatuta, Josep Irla Kataluniako Parlamentuko presidenteak hartu zuen Generaliateko buruzagitza, eta Irla ordezkatu zuen Tarradellasek hamalau urte geroago. 1954ko abuztuaren 7an aukeratu zuten Generalitateko 125. presidente, Kataluniako Parlamentua osatzen zuten diputatuetatik 26 Mexikon batzartuta.

1975ean Francisco Franco diktadorea hil ondoren, 1977ko ekainean Espainiako Gorteetarako eginiko hauteskundeetan, zentro ezkerreko eta ezkerreko indarrak nagusitu ziren Katalunian (PSC-PSOE eta PSUC), eta, irailaren 11ko Diadan, milioitik gora lagun irten ziren kalera Llibertat, amnistia, Estatut d'Autonomia lelopean (askatasuna, amnistia, autonomia estatutua). ERC legez kanpo zegoen ekaineko bozetan, eta PSUC komunistaren indarrak kezka sortzen zuen frankismoaren oinordekoengan.

Hori horrela, Tarradellasen itzulera ahalbidetu zuen Espainiako Gobernuko presidente Adolfo Suarezek. Aste batzuk lehenago, irail amaieran, 1938an Generalitatea desegiten zuen agindua dekretu bidez indargabetu zuen Suarezek. ERCri lotuta egin zuen bere ibilbide politikoaren parte handi bat —idazkari nagusi izan zen 1938tik 1957ra bitartean—. Katalunia barneko oposizio demokratikoko zenbait sektorek errespetua zioten, baina ez zuten erreferentetzat, eta Tarradellasek berak harreman gorabeheratsuak izan zituen oposizio horretako ordezkari ugarirekin; esaterako, Pujolekin, Aureli Maria Escarre Montserrateko abadearekin eta Omnium Culturalekin. Komunisten aurkakoa izanik, horiei bidea eteteko aukera gisa ikusi zuten Madrilen erbesteko presidentearen itzulera. Tarredellas operazioa esaten diote. Ekaineko bozen ostean, Madrilera joan eta pertsonalki negoziatu zuen itzulera Suarezekin eta Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregearekin. Keinu hori ez zuten begi onez ikusi hainbat sektorek.

1977ko urriaren 23an heldu zen Tarradellas Kataluniara, 78 urte zituela. El Praten lurreratu, eta kabriolet batean joan zen aireportutik Sant Jaume plazara, Generalitatearen egoitzara, bidean herritarren txaloak jasota. Kontzentrazio gobernu bat osatu zuen; han ziren ERC, CDC, UCD, PSUC eta PSCko kideak. Gobernuaren zeregina zen Espainiako Gobernuak behin-behineko gobernu horren esku uztea zenbait eskumen, estatutua indarrean sartu artean. 1978ko abenduan Espainiako Konstituzioa onartu baino lehen berrezarri zuten Generalitatea, beraz. 1979an onartu zuten estatutua, eta, 1980ko hauteskundeetan, Pujolek lortu zuen presidentetza. Bizitza politikotik erretiratu zen orduan Tarradellas, eta 1988an hil zen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gizon bat tabberna bateko ataria garbitzen, Vienan, iazko azaroko itxialdiaren hasieran. / ©CHRISTIAN BRUNA, EFE

Otsailetik aurrera, Austriak 3.600 eurorainoko isuna jarriko die txertatuta ez daudenei

Arantxa Elizegi Egilegor

Parlamentuak gaur bozkatuko du lege proposamena. Otsailaren 1etik aurrera, txertatzera derrigortuta egongo dira 18 urtetik gorako herritarrak.

Ratzinger, 2020ko ekainean Regensburgen (Alemania) ©PHILIPP GUELLAND / EFE

Municheko artzapezpiku zela abusuen aurka ezer egin ez izana egotzi diote aita santu emerituari

Arantxa Elizegi Egilegor-Igor Susaeta

Joseph Ratzingerrek lau sexu abusuren berri izan zuen, artzapezpiku zela. Abokatu talde batek egin du ikerketa, artzapezpikutzak berak eskatuta. Gerraostetik 2019ra arte salatutako abusuak jasotzen dira bertan. Marx Municheko kardinalak nabarmendu du Elizak ez dituela serio hartu izan sexu abusuak.

Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik Espainiako Auzitegi Gorenak espetxeratutako bederatzi buruzagi katalanetako zazpi, iazko ekainean, espetxetik irteten. ©Qique Garcia, EFE

Indultuen kontrako helegiteak bertan behera utzi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Gorka Berasategi Otamendi

PPk, Ciudadanosek eta Voxek errekurtsoa jarri zioten buruzagi independentista katalanak aske uzteko neurriari, baina auzitegiak ebatzi du ez dutela horretarako gaitasunik.

 ©ANGEL MADINA G. / EFE

«Deskolonizazioaz ari ote garen argitu behar du NBEk»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Nazioartearen babespean» ezkutatzea leporatu dio Arabik Espainiari. Polisarioko kidearen esanetan, Madrilek «erantzukizun politiko eta juridikoa» du gatazkan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.