Zehaztasuna eta anbizioa faltan

Etxebakoekin lan egiten duten eragileek, oro har, harrera ona egin diote Etxegabeen Euskal Estrategiari. Dena den, ikusi diote ahulgunerik. Besteak beste, esan dute helburua «apalegia» dela eta lan ildoak orokorregiak direla.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Azken neurketa iazko urriaren 28ko gauean egin zen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan eta herri nagusietan: 274 etxebako aurkitu zituzten kalean lotan. Eusko Jaurlaritzak sustatuta, erakunde publikoek eta hirugarren sektoreko eragileek Etxegabeen Euskal Estrategia osatu dute. Helburu nagusia argia da: %20 murriztu nahi du kopuru hori 2020rako. Parte hartzea onartu dutenek astelehenean sinatu zuten, Gasteizen.

«Erronka zaila da», ohartarazi du Bizkaiko Gurutze Gorriaren koordinatzaile Manu Calvok. «Horretarako, ezinbestekoa da pertsona bakoitza ardatz izango duten politikak garatzea. Etxegabeengan hainbat faktorek dute eragina, eta guztiei erantzun behar zaie, modu osatuan». Uste du estrategia horrek ikuspegi zabal hori jasotzen duela. Bereziki garrantzitsua iruditu zaio erakundeen arteko koordinazioari garrantzia eman izana.

Gurutze Gorriak eta etxegabeekin lan egiten duten beste eragile batzuek ere parte hartu dute estrategia osatzeko prozesuan. Horietako bat da Bizkaiko BesteBi plataforma. Joseba Gaya bozeramaileari iruditzen zaio asmoa ona dela berez, baina gabezia garrantzitsu bi ikusi dizkio hasieratik bertatik. Batetik, estrategiak ez du aurrekontu propiorik. «Udal bakoitzak bere ohiko aurrekontutik hartu behar du dirua, onartuko dituen planak finantzatzeko. Eta horrek arrisku itzela dauka, betiko diru kopuru berarekin plan berri bat ere ordaindu beharko dutelako. Dauzkaten baliabideen arabera osatuko dute plana».

Era berean, estrategia loteslea da sinatu duten udalentzat. «Baina gainerakoentzat, ez. Eta gehienek ez dute sinatu». Dena den, poztu egin da gero eta gehiago direlako arazoari aurre egin nahi dioten herriak. Iruditzen zaio herri bakoitzak bere erara erantzungo diola auziari; hor ere ikusi du «arriskua». Uste du Jaurlaritzak zehatzago finkatu behar zituela udalek osatuko dituzten planen oinarriak.

Dena den, Gayak uste du estrategia «ondo egituratuta» dagoela. «Egoeraren analisi sakona egiten du. Hirugarren sektoreak eta etxegabeek izan dugu ahotsa, eta markatu dituen lan ildoak interesgarriak dira». Halere, «apalegi» iritzi dio helburu nagusia hau izateari:%20 jaistea kalean bizi direnen kopurua. «Anbizioa falta zaio».

Uste du auziari aurre egiteko bide asko zabaltzen dituela. «Baina erakundeek kalean bizi direnei erreparatu diete soilik. Hori da arazoaren alderik larriena eta ikusgarriena. Horren atzean, ordea, errealitate askoz zabalago bat bat ezkutatzen da, eta horri erantzuteko aukera ere eskaintzen zuen estrategiak; aukera itzela galdu dela iruditzen zait. Lotsagarria da horrelako lana hartu ondoren aprobetxatu ez izana».

«Oso ondo landutako» estrategia dela esan du, «indartsua». Arazoari aurre egiteko «aukera asko» eskaintzen dituela nabarmendu du. Zazpi xede eta 50 jarduera ildo zehaztu ditu, eta, gero, udal eta diputazio bakoitzak bere plana osatu beharko du; hau da, urtebete izango dute pentsatzeko zelan jaitsi 2020rako kalean bizi direnen kopurua.

Bizkaiko Kaleratzerik Ez plataformako kideei ere «zehaztugabea» iruditu zaie estrategia. «Positiboa da arazoari aurre egiteko egitasmo bat diseinatu izana, baina ikusten dugu orokorregiak direla finkatu dituen helburuak eta lan ildoak», ohartarazi du Terexe L. Muruaga bozeramaileak. Iruditzen zaie ez dela arazoa konponduko nor bere etxean bizitzeko eskubidea bermatzen ez den bitartean. «Bizitza proiektuak garatzeko ezinbestekoa da etxebizitza. Etxerik gabe ez dago ezer».

Etxea, abiapuntua

Bizkaian, diputazioak Housing First eredua dauka martxan. Etxebakoei etxea eskaintzen zaie, modu autonomoan bizitzen hasteko. Programan sartu ahal izateko baldintzak ez dira zorrotzak, eta horrek erraztu egiten du urrats hori emateko prest dauden etxegabeak aurkitzea. Diputazioak orain artekoaren balorazio ona egin du. Calvok azpimarratu du eredu hori oinarri garrantzitsua izango dela Jaurlaritzaren estrategian. Izan ere, etxe batean erroldatuta egoteak ate asko irekitzen dizkio etxegabeari: gizarte laguntzak jasotzeko, osasun zerbitzuak erabiltzeko eta lan merkatura sartzeko, besteak beste.

Gayak uste du estrategiak prebentzioari ere begiratu diola, baina zalantza egin du gero planetan horri helduko dioten: «Jendeak etxea ez galtzea lortu behar da beste ezer baino lehen». Muruagak salatu du ez dagoela ia alokairu sozialerako etxebizitza publikorik. «Horrek alokairuen prezioak handitzea ekarri du; apurka-apurka beste etxebizitza burbuila bat sortzen ari da, eta etxebizitza lortzeko aukerak are gehiago zailtzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.