Ehun Asifa Bano egunero-egunero

Indian ehun sexu eraso salatzen dituzte batez beste egunean, tartean 55 bortxaketa, horietako %40 adingabeen aurka. Heriotza zigorra ezarri berri dute 12 urtez azpiko neskatoen bortxatzaileentzat, baina sexu erasoek ez dute etenik.

Asifa Bano 8 urteko neskatoarentzat justizia aldarrikatu zuten apirilaren 14an, Jammun. JAIPAL SINGH / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Asifa Bano ilbeltzaren 10ean desagertu zen. Naseema amak dioenez, belazera joan zen zaldiei bazka ematera, baina, ilundu zuenean, zaldiak bakar-bakarrik zeuden. 8 urteko alabaren arrastorik ez. Pujwala, neskatoren aita, hainbat bizilagunen laguntzarekin, neskatoaren bila abiatu zen, baina, bi gau eta bi egunen ostean aurkitzen ez zuela ikusita, salaketa jarri zuen. Polizietako batek «mutikoren batekin» ihes egingo zuela erantzun zion. Kathuako herritarrak protestan hasi ziren orduan, errepideak moztuz. Poliziak, orduan, protestak zabaldu ez zitezen, ikerketa agindu zuen. Banoren gorpua bost egun geroago agertu zen, hilaren 17an, hankak apurtuta eta besoak ubelduta. Hainbat gizonek tenplu hindu batean izan zuten bahituta, hiru egunez eta gauez, eta, drogatu ondoren, bortxatu eta torturatu egin zuten; gero, ito egin zuten, eta harri batekin buruan jo, hil zen arte.

Kaxmirretik India osora zabaldu ziren protestak. Milaka eta milaka lagun atera ziren kalera, hirietan eta herrixketan, inoiz ez bezala. Erantzun irmo horrek ondorio bat izan zuen. Indiako Gobernuak zuzenketa bat onartu zuen POCSO Haurrak Sexu Delituetatik Babesteko Legean, 12 urtez azpiko haurren bortxatzaileei heriotza zigorra ezarri ahal izateko. Narendra Modi lehen ministroaren zuzenketak gutxieneko zigorrak handitu ditu bestelako kasuetan ere: 12 eta 16 urte arteko nesken bortxatzaileentzako hogei urte arteko kartzela zigorra, eta hamar urte artekoa 16 urtetik gorako emakumeen erasotzaileentzat.

Salaketak

Indiako Erregistro Kriminaleko Bulego Nazionalak ehun sexu erasoren berri izaten du egunero. Ehun Asifa Bano egunero-egunero. Azken hamarkadan %500 hazi dira adingabeen kontrako indarkeria salaketak. 2013tik 2016ra, 58.224tik 106.958ra pasatu zen delitu kopurua. 2016. urtean 38.947 bortxaketa dokumentatu ziren, horietatik 19.765 adingabeen aurkakoak; egunean 55, batez beste.

Horiek, baina, paperetan agertzen diren kopuruak dira, beste ehunka baitira isilean geratzen diren sexu erasoak. Gobernuz kanpoko erakundeek zigorrak gogortzeak izan ditzakeen arriskuez ere ohartarazi dute. Estatistika ofizialen arabera, erasoen %94,6etan, bortxatzaileak biktimen gertukoak dira, eta horrek, askotan, erantzuleak ez salatzea eragiten du, edo, salatzekotan, gero atzera egitera, erasotzaileak askotan senideak baitira. Erakundeek beste arrisku baten berri ere eman dute: zigorra saihesteko, erasotzaileek, biktima bortxatzeaz gain, hil ere egiten dutela.

Hori da azken asteotan gertatu dena. Maiatzaren 3an, gizon talde batek 16 urteko gazte bat bortxatu zuen, ezkontza batera zihoala bahitu ostean. Senideek salaketa jarri zuten herri kontseiluan, panchayat-ean, eta akusatuetako bi zigortu zituzten biharamunean, 50.000 errupia ordaintzera eta ariketa bat ehun bider egitera —ehun eserialdi egitera—. Zigorra bete beharrean, akusatuak neskaren etxera joan ziren, hogei bat pertsonaz lagunduta, eta su eman zioten etxeari. Neskatoa erredura batzuen ondorioz hil zen. Egun horretan bertan, 17 urteko beste neska bat bortxatu zuten. Haren etxeari ere su eman zioten, eta neskak erredurak ditu gorputzaren %70ean.

Bi gertaera horiek Jhardhand ekialdeko estatuan izan ziren, Chatra eta Pakud barrutietan. Odisha estatuan, berriz, biharamunean, 14 urteko neskato bat bortxatu zuten beste bost gizonek, Sambalpurren.

2012an Delhi hiriburuko autobus batean ikasle bat bortxatu, torturatu eta hil zutenetik, bortxaketek ez dute horrenbesteko zirrara eragin —irudiak mundu osoan zabaldu ziren—. Orduan ere gogortu egin zuten sexu delituen kontrako legedia, baina horrek ez du delituak murriztea ekarri. Egun, justiziara iristen diren kasuen %29,6 baino ez dira zigortzen. Gobernuko iturrien arabera, 100.000 kasu daude ebazpenaren zain.

Asifa Banoren bortxatzaileak daude tartean. Uztailaren 9an epaituko dituzte akusatuta dauden zortzi gizonak. Indiako Auzitegi Gorenak epaiketa jatorrizko estatuan beharrean beste batean egitea agindu du, Punjaben. Izan ere, Kaxmirren gero eta handiagoa da musulmanen eta hinduen arteko tentsioa. Bano Jammu estatuko musulmana zen, eta bortxatzaileak, berriz, hinduak dira. Hainbat agintarik, poliziak, epailek eta abokatuk bortxatzaileen alde egin dute, soilik hinduak direlako, eta ikerketa bera ere trabatu dute. Komunitate musulmanak, aldiz, justizia aldarrikatzen du. Asifa Banoren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.