Egutegiaren zama

Puntuazio sistemaren ondorioz, teniseko ATP zerrendan aldaketa handiak izaten dira. Gainera, egutegiak ez du uzten atsedenik hartzeko betarik ere, eta tenislariek nabari dute partiden zama. Nadal lehena da berriz, aurkarien lesioak tarteko.

Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Teniseko egutegia luzea eta gogorra da. Urteberri egunean abiatzen da, Brisbaneko Irekiarekin (Australia), eta azaroan amaitzen da, Davis kopako finalarekin. Tartean, goi mailako tenislari batek 70 partida inguru jokatzen ditu. Iaz, Andy Murrayk (Glasgow, Eskozia, 1987), esaterako, 87 partida jokatu zituen, eta, azken hiru urteetan, 251 jokatu ditu. Erritmo itogarri horrekin, ohikoa izaten da tenislariak urte amaierara justu antzean iristea. Lesioen erruz uko egin zioten Cincinnatin (AEB) lehiatzeari ATP zerrendako lehen bostetatik lauk, eta ikusteko dago urteko azken AEBetako Irekira iritsiko ote diren.

30 urte ditu egun Murrayk, eta hamabi daramatza profesionaletan. Duela gutxi bere amak aitortu du lesioen erruz ezingo duela bere kirol ibilbidea askoz ere gehiago luzatu. Eskoziarra, gerriko minak jota, uztailetik lehiatu gabe dago. Wimbledoneko final-laurdenetan galdu ostean iragarri zuen atseden hartuko zuela suspertzeko, eta ez zuen itzulerarako datarik ezarri. Dagoeneko zoru gogorreko denboraldia bete-betean da, AEBetako Irekia datorren astean hasiko da, eta eskoziarrak ez du itzultzeko zantzurik eman: besteak beste, Montreal eta Cincinnatin ez baita pistara irten.

Stan Wawrinka (Lausanne, Suitza, 1985) eta Novak Djokovic (Belgrad, 1987) ziur ez direla New Yorkeko Arthur Ashe estadioan egongo. ATP zerrendako laugarrena eta bosgarrena dira hurrenez hurren, eta 32 urte ditu suitzarrak eta 30 serbiarrak. Wawrinka Roland Garroseko finalean egon ondoren, Wimbledongo lehen kanporaketan joan zen etxera. Ezker belaunean arazoak izan ditu, eta ebakuntza saihesten saiatu den arren, hobera egiten ez zuela ikusirik, medikuen eskuetan jarri beste erremediorik ez zaio gelditu. Amaitu da 2017 urtea suitzarrarentzat. Baita Djokovicentzat ere. Gelditzea erabaki zuen uztail amaieran, aspalditik zituen ukondoko arazoak erabat sendatzeko. Urte erdiari uko eginda, 2018 Australiako Irekia du begiz jota. Bertan hasi nahi du ATP zerrendako lehen postura itzultzeko bidea.

Amaitu berri den Cincinnatiko irekian, Roger Federen (Basilea, Suitza, 1981) izena ere ez zen ageri. 36 urteko suitzarrak dagoeneko aurten egin dio uko Roland Garrosi bere indarrak hobeto neurtzeko. Kanadan lehiatu zen, baita finalera heldu ere, baina ez zuen nahi bezain indartsu amaitu. Bizkarreko minak jota galdu egin zuen Alexander Zverev gaztearen (Hanburgo, Alemania, 1997) aurkako finala.

Lesio horien guztien onuradun handiena Rafa Nadal (Herrialde Katalanak, 1986) da. Bere azken urteak ere lesioz jositakoak izan dira, baina 2017an bigarren gaztaro bat bizitzen ari da balearra. Lau titulu erdietsi ditu tartean bere hamargarren Roland Garrosa, zazpi finaletara heldu da, eta 47-8 balantzea du. Emaitza horiekin eta aurkariak lehiaketetatik kanpo, Nadal ATP zerrendako lehen postura itzuli da hiru urteren ostean.

Txapelketa bakoitzean lortutako emaitzaren arabera tenislari bakoitzari puntuak banatzen zaizkio. Txapelketa bakoitzaren garrantziaren arabera puntu gehiago edo gutxiago banatzen dira. Adibidez, Grand Slam bat irabazteagatik 2.000 puntu jasotzen ditu tenislariak, bigarren egiteagatik 1.200, finalerdietara iristeagatik 720... Baina puntu hauek ez dira betiko gelditzen tenislariaren izenean, urtebeteko iraupena dute. Hau da, puntuak ez doaz gehitzen, berritzen baizik.

Gazteak non dira?

ATP zerrendako lehen bost tenislariek 30 urte edo gehiago dituzte. Halere, indartsu datoz gazteak atzetik. Urteko berritasunetako bat da Zverev gaztea. 20 urte besterik ez dituen arren, maisutasun handiz jokatzen du, eta etorkizun hurbileko tenisaren izarra izango da oker handirik ezean. Etxetik datorkio tenisean jokatzeko ohitura, gurasoak tenislari ohiak baititu, entrenatzailea aita du, Mischa anaia ATP zerrendako 26.a da... Baina Alexander munduko seigarrena da. Urtetik urtera hazten ari da, eta sailkapenean postuak irabazten. Aurten bost titulu irabazi ditu, eta sasoi onean iritsiko da AEBetako irekira. Lesioen erruz izen handiek puntuak galduko dituzte, eta Zverevek asko irabaz ditzake. Aurrerapauso handia eman lezake, beraz.

Dominic Thiem ere (Wiener, Austria, 1993) hurbiletik zaindu beharreko tenislaria da. Iaz urte ona egin zuen 58-24 balantzearekin, eta lehen hamarren artean sartu zen. Urtebete geroago, zortzigarren postuari eusten dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.