Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Lanera doanaren ilusio eta indarrarekin

Imanol Erbitik zortzigarren aldiz korrituko du Tourra. Duen eskarmentuarekin, Nairo Quintana eta Alejandro Valverde Movistarreko taldeburuak babestuko ditu. Biekin lan egitea oso erraza dela dio. «Oso gertukoak eta esker onekoak dira».

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Motibazio handiarekin nago. Bai nik bai taldeak gogor egin dugu lan Tourrera sasoiko iristeko, eta ni, behintzat, hasteko irrikaz nago. Azken egunak beti luze egiten dira». Imanol Erbitiri (Iruñea, 1983), Movistarreko txirrindulariari, ilusioz antzematen zaio Frantziako Tourrari buruz hitz egitean. Zortzigarren aldiz korrituko du, eta «errespetu pixka bat» eduki arren, ez doa garai bateko urduritasunarekin. Eskarmentua daukanaren eta zertara doan argi duenaren lasaitasuna du. Izan ere, Erbitiren egiteko nagusia Nairo Quintana eta Alejandro Valverde taldeburuei laguntzea izango da. Horretan ez du zalantzarik. Ilusioa egiten dio horrek, Erbiti beti izan baita laguntzaile fin eta nekaezina. Bi taldeburuak sasoi onean ikusten ditu, gainera, eta lasterketa entretenigarria izatea espero du. Ibilbidea, behintzat, gustuko du.

Argi du lehen astean lan asko egin beharko duela. «Alejandro eta Nairo ondo babestu behar ditugu, erorikoak eta haize-babesak saihesteko». Bigarren astetik aurrera sufritzea egokituko zaio, mendiko etapak hasiko baitira. «Hor beste batzuek hartuko dute laguntzeko ardura, ni ordekan moldatzen bainaiz hobeto. Baina hor ere ahal dudanera arte egongo naiz haien ondoan». Ez du uste aukera handirik izango duenik ihesaldietan sartu eta etapak irabazteko. Errealista da: «Beste faboritoen taldeek gu ere gertutik zainduko gaituzte, eta Movistar bat dagoen lekuan Trek eta Sky bat egongo da, eta alderantziz. Gainera, lider bati laguntzeak aurrean egotea eskatzen dizu, lan asko egitea eta une oro tentsioan egotea. Hori guztia nahiko lan izango da etapa garaipen batean pentsatzeko».

Tour polita eta ikusgarria izatea espero du. «Ibilbidea polita eta orekatua da. Denetik dauka, eta faborito guztiek izango dute min egiteko tokia. Alde horretatik, ez dute aitzakiarik. Guztientzat da ona eta txarra». Pirinioetako etapak «oso politak izango direla nabarmendu du: «Peyragudsen amaituko den etapa, adibidez, oso gogorra eta ikusgarria izango da». Egun horretan, lehen mailako bi mendate eta maila bereziko beste bat igo beharko dituzte. Lehen mailako biak Mente (1.349 metro eta %8,1eko pendiza) eta Peyresourde dira (1.569 metro eta %7,8ko pendiza); maila berezikoa, berriz, Bales (1.755 metro eta %7,7ko pendiza). «Hurrengo egunean, oso etapa motza eta bizia daukagu, 101 kilometrokoa, eta horregatik ere min egin dezake». Dena den, Alpeak erabakigarriagoak izango direla nabarmendu du: «Beldurgarria da Chevalierren amaitzen den etapa, Croix de Fer, Telegraphe eta Galibier igo beharko baititugu».

Valverde eta Quintana sasoi onean daudela berretsi du, nahiz eta denboraldia oso modu diferentean egin dute. Valverdek oso sasoi hasiera indartsua egin zuen, irabaziz, eta, aste batzuetako atsedenaren ostean, Dauphinen sasoian dagoela erakutsi du. Quintanak, berriz, azken asteetan atseden hartu du, Italiako Giroan parte hartu ostean. «Askok pentsatuko dute gehiegi dela. Baina berak argi zuen, eta ziur naiz Tourrean aurrean ibiliko dela».

Quintana da taldeko liderra. «Parte hartu duen Tour guztietan podiumean egon da, eta horrek erakusten du lasterketa oso gustuko duela, eta primeran egokitzen dela bere korritzeko ezaugarrietara». Dena den, fede osoa dute Valverderengan ere. «Argi dago hobeto moldatzen dela klasikoetan eta astebeteko lasterketetan. Baina sasoi betean dago, eta sekulako denboraldia egiten ari da. Dohain bereziak dituen txirrindularia da, gauza sinestezinak egiten dituena. Aukariek ere gertutik zainduko dute».

Bien arteko «sinergia» bat topatzearen aldekoa da Erbiti. «Uste dute horrek mesede egin diezaiekeela beraiei eta taldeari». Ez bakarrik sailkapen nagusiari begira, baita etaparen bat irabazteko orduan ere. Dena den, argi du ez dutela horrekin itsutu behar: «Gure helburua sailkapen nagusia da, eta, horretarako, aurrean egon behar dugu. Argi dago hori lortzen badugu berez izango dugula etaparen bat irabazteko aukera, eta aprobetxatu egin behar dugu. Baina ez dugu itsutu behar ihesaldi guztietan sartzearekin. Gure lana bi taldeburuen ondoan egotea da».

Izaera desberdinekoak

Valverderekin eta Quintanarekin lan egitea «oso erraza» dela nabarmendu du Erbitik: «Oso gertukoak eta esker onekoak dira, eta egunero erakusten dizute hori». Dena den, errepidean bezala, oso desberdinak dira izaeraz. Valverde «bizia eta alaia» da. «Presiorik gabe korritzen du. Izugarri ari da disfrutatzen txirrindularitzaz. Ilusio handia du, eta oso pozik dago. Hori, gainera, guri helarazten digu. Berak ere ez zuen uste duen adinarekin [37 urte ditu] dagoen mailan egongo zenik. Baina gogor egin du lan, eta lortu du».

Quintana, berriz, gazteagoa da, eta horrek badu eragina haren izaeran: «Badaki kirol ibilbide osoa aurretik duela. Beraz, irabazteko irrika handia du, baina baita presioa ere. Gainera, nahiko isila da. Gehiago kostatzen zaio bere sentipenak azaltzea».

Quintanari gutxi arriskatzen duela leporatzen diote hainbat zalek. Baina Erbitik ez du uste hala denik: «Nik uste dut ondo aritu zela. Arriskatu ez bazuen ezin zuelako zen. Batzuetan arriskatuta, galdu egiten da».

Beste faboritoak indartsu ikusten dute: «Chris Froomek eta Alberto Contadorrek ez dute lasterketarik irabazi aurten. Baina Dauphinen erakutsi dute sasoi onean daudela. Froome onena izan da azken urteetan, eta Contador muturreraino lehiatzen da. Richi Porte ere hautagaien artean sartuko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.