Zuloa bete nahian

Markel Alberdiren erretiroak hutsune handia utzi du euskal igeriketan, punta-puntako lehian. Oskitz Aguilar irundarra saiatzen ari da hori gehiegi nabaritu ez dadin.

Oskitz Aguilar, apirilean Espainiako Txapelketan 100 metrokoan irabazitako urrezko dominarekin. SALVADOR SAS / EFE.
Julen Etxeberria.
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Markel Alberdi izan da nazioarteko lehiaketa garrantzitsu batean azkenekoz aritu den euskal igerilaria. Eibartarrak 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Horrenbeste sufritu zuen han egoteko, ezen handik bueltan puntako igeriketa uztea erabaki baitzuen. 25 urte eskas zituen.

Alberdiren erretiroak sekulako zuloa utzi du euskal igeriketan; bai, behintzat, puntako lehiari dagokionez. Hala, hiru txapelketa garrantzitsu jokatu dira Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetatik, Munduko Txapelketa bat, igerileku laburreko Munduko bat eta Europako Txapelketa bat, eta Euskal Herriko igerilari bakar bat ere ez da aritu hor.

Heldu den abuztuan jokatuko da nazioarteko hurrengo lehiaketa garrantzitsua, Europako Txapelketa, Glasgown (Eskozia), eta, gaur-gaurkoz, euskal igerilariren batek han aritzeko aukerarik baldin badu, hori Oskitz Aguilar da (Irun, Gipuzkoa, 1985). Bidasoa XXI taldeko igerilaria sarri egon ohi da Espainiako Igeriketa Federazioak urtean zehar egiten dituen egonaldietan. Nazioartean eskarmentua ere badu, iaz Londresen aritu baitzen, Europako Txapelketan. Alberdirekin batera aritu zen 4x100 metrokoan, Riorako sailkatzeko asmoz. Ez ziren sailkatu hasieran, baina Erresuma Batuko laukoteak uko egin zion gero Olinpiar Jokoetan parte hartzeari, eta, ondorioz, Espainiak postua lortu zuen. Horri esker lehiatu zen Alberdi Brasilen. Aguilar, ordea, taldetik at geratu zen. Ez du ahaztu. «Arantza hori sartuta daukat oraindik. Uste dut merezi nuela Rion egotea».

Etxean, «burua lasaitzeko»

Denboraldia hasi berri du igerilari irundarrak. Sasoi berezia da, aspaldiko partez etxean entrenatuko baita hasi eta buka. Iragana da Madrilgo Goi Errendimenduko Guneko garaia. «Bi urte eta erdiz aritu naiz han, eta sekulako jauzia egin dut. Azkenaldian, ordea, ez nengoen eroso. Entrenamendu taldean jada ez genuen lehengo giroa eta batasuna, eta horrek kalte egiten zion nire errendimenduari. Aldaketa bat behar nuen, eta burua lasaitu. Eta non etxean baino hobeto».

Lasaiago dago etxekoen berotasunean, baina Goi Erremendimenduko Guneko egunerokoari eusten dio. «Goizekoseietan jada igerilekuan nago. Gero, unibertsitatera joaten naiz. Psikologia ari naiz ikasten. Handik bueltan, eta bazkaldu ondoren, bizpahiru orduz entrenatzen naiz».

Lan horrek saria izatea espero du. Apirilean Malagan jokatuko den open mailako Espainiako Txapelketa du begiz joa. 100 metrokoan, bere proba kutunenean, goia jo nahi du. Emaitzaz haratago, hozkada eman nahi dio kronometroari, eta bere marka onena hobetu: 49,42. Europako Txapelketako atea ireki dakioke horrek. «Segundo erdi pasatxo ondu beharko nuke nire markarik onena. Erronka zaila da, baina nire onena emango dut lortzeko».

Glasgowrako sailkatuta, eten egingo litzateke euskal igerilarien lehortea nazioarteko txapelketa handietan. Egoeraren jakitun da Aguilar. «Markel Alberdi igerilari handia zen. Normala da hark utzitakoan zuloa egotea. Hori betetzen saiatzen ari naiz ni. Atzetik datozenak ondo ari dira ere, baina oso gazteak dira oraindik. Pazientzia izan beharra dago, baina itxaropentsu nago. Lan ona egiten ari dira harrobian». Horietako asko Ordizian ariko dira bihar, Gabonetako Nazioarteko Sarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.