Harribitxi bakanak eta bidegurutze bat

'A Ghost Story', 'The Lost City of Z', 'Personal Shopper', 'Lumière. L'aventure commence' eta 'Get Out' izan dira amaitu berri den urtean zinema aretoetan estreinatu diren bost pelikularik aipagarrienak.

A Ghost Story: urteko film harrigarriena. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ohi bezala, denborak gauzak bere neurrira ekarriko ditu; baina, lehen begiratuan bederen, ezin esan 2017koa urte zinematografiko bikaina izan denik. Zorionez, film on batzuk ikusteko aukera izan dugu; baita oso onak ere ikustekoa ere —gutxi batzuk—.

Nolanahi ere, zinema aretoetara iritsi diren harribitxi horiek aipatu aurretik, komeni da urteak izan duen ezaugarri nagusietako bati erreparatzea. Berez, pelikulak zabaldu eta ikusteko ohiturarena ez da kontu berria, baina ukaezina da joan den urteak mugarri bat ezarri duela azken garaiotan nagusitzen ari zen joeran.

Izan ere, orain dela gutxi aktore berriak sartu ziren partidan, eta aurten argi eta garbi utzi nahi izan dute berek dituztela kartarik onenak: diru mordoa, banaketa sistema eta publiko gaztea.

Netflix, HBO eta Amazonek aspaldian utzi zioten telesailak soilik egiteari, eta dagoeneko film ekoizle nagusietakoak dira. Hori gutxi balitz bezala, zinema aretoetatik igarotzen ez den banaketa sistema propioa dute, harpidetzaren bitartez ikusleak etxeko besaulkira kateatzen duena.

Ez da harritzekoa gai honen inguruan sortu zen ika-mika, Cannesko zinemaldian Netflixen bi pelikulak parte hartu zutela eta. Banaketa tradizionalaren eta eredu berriaren arteko borrokaldi hori nolabaiteko berdinketan amaitu zen, baina zer etorriko den iragarri zuen.

Laburpen honetan, aretoetako estreinaldiak baino ez dira aipatuko, jakinik hautu hori bertara ailegatu ez diren film interesgarri batzuk alde batera uztea dela; besteak beste, zenbait dokumental eta Noah Baumbachen The Meyerowitz Stories komedia ederra.

Mamuen urtea

Estreinatu zenean, oso oharkabean pasatu zen A Ghost Story, joan den urteak utzi zigun filmik txundigarri eta harrigarriena. Izenburuak argi uzten duenez, David Loweryrena mamuen istorio bat da, benetakoa, izara eta guzti daramaten horiena. Baina beldurrezko film baten bila joan zenak oso bestelako zerba0it aurkitu zuen: bakardadearen, galeraren eta heriotzaren inguruko alegia bikain bat.

Mamuekin eta espirituekin ere oso lotuta dago Olivier Assayasen Personal Shopper ausarta. Sils Maria-ren ondoren, frantziarrak bigarren aldiz lan egin du Kristen Stewart aktorearekin, eta hark ederki erantzun dio zuzendariak berarengan jarri duen konfiantzari. Eta egunetik egunera ikuslearen barnean haziz joaten den pelikula horietako bat egiteagatik, Cannesen zuzendari onenaren saria eman zioten Assayasi.

Cannesekin oso lotuta dago urteko beste filmetako bat. Izan ere, Thierry Fremaux munduan dagoen zinemaldiko garrantzitsueneko zuzendaria da. Hark aspaldiko beste mamu batzuk piztu ditu 2017an. Lumière. L'aventure commence zinemagintzaren oinarrietarako bidaia ezinbesteko eta argigarria da. Fremauxen umoreak eta jakinduriak bidea zabaldu dute Lumiere anaiek filmatutako bobina laburrak beste moduz batez ikusteko. Zinemaren historia berrirakurtzea izan da dokumental hori.

Abenturak eta jolasak

Get Out-en gainean esaten ahal den okerrena da Black Mirror-en atal luze bat ematen duela. Eta hori, berez, ezin da batere txarra izan. Arrazarekin lotutako gatazkak abiapuntu hartuta, Jordan Peelek amesgaizto bat irudikatu du, eta bertan murgildu ikusleak, gizarte itxurakeriaren erdian garatuko den jolas krudel batean.

Azkenik, abentura generoen gainean ekarpen garaikidea egin du AEBetako gaur egungo zinemagilerik onenetakoak, James Grayk. The Lost City of Z joan den urteak utzi dizkigun mirarietako bat da, gezurra baitirudi gaur egun horrelako pelikula eder eta benetakorik egiten ahal dela. Werner Herzog onenaren moduan, obsesioa eta ezezagunaren erakarpena biltzen ditu filmak.

Iazko bost film horiek nabarmenduta, ezin aipatu gabe utzi gozamena eman diguten beste batzuk ere. Animazio arloan, Europa aldetik etorri dira izenbururik aipagarrienak, La tortue rouge liluragarria eta Ma vie de courgette. Ahaztu gabe Kimi no na wa film japoniar hunkigarria. Gainerakoan, berriro ere gustura ikusiko ditugun film aparta batzuk: Pablo Larrainen Jackie, Kathryn Bigelowren Detroit, Aki Kaurismakiren Toivon tuolla puollen, Michael Showalterren The Big Sick, Denis Villeneuveren Blade Runner 2049 eta Edward Wrighten Baby Driver.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.