Badu fedea oraindik

Osasuna Espainiako Lehen Mailara igotzeko kanporaketarako sailkatzen saiatuko da liga amaitzeko falta zaizkion lau partidetan. Iruñeko taldeak kontra ditu egutegia eta aurrekariak. Gol aldea erabakigarria izan daiteke.
Unai Garcia eta Roberto Torres, besarkatuta, atzelariak Lugori sartutako gola ospatzen.
Unai Garcia eta Roberto Torres, besarkatuta, atzelariak Lugori sartutako gola ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko maiatzak 11
Osasunak ez du oraindik azken hitza esan. Zaila du mailaz igotzea, baina ez ezinezkoa. Azken partidara arte, Nafarroako taldearen etorkizun hurbilak itxura txarra zuen: bost jardunaldi zeramatzan irabazi gabe, eta Lehen Mailara itzultzeko aukerarik gabe ari zen gelditzen. Haatik, estu dago kanporaketa postuetan sartzeko lehia, eta garaipen bakarrak bide ematen dio esperantzari. Osasunak 0-2 irabazi zion Gimnastici iragan igandean, eta orain itxaropenez dakuski azken partidak. Jada ihes egin diote zuzenean igotzeko postuek, baina hor du kanporaketen bidea; lau partida falta direla, hiru puntura du seigarren postua, alegia, kanporaketak jokatzeko eskubidea ematen duen azkena.

Neurketa guztiak irabaziz gero, gorritxoek aukera asko izango dute igoera fasean izateko. Hala bada, ez legoke kalkulagailuaren behar handirik. Bederatzigarren egonik, beste talde batzuen emaitzen menpe daude, baina ia seguru lirateke hamabitik hamabi puntu lortuta. Aitzitik, orain arte nafarrei asko kosta zaie irabaztea, eta ez da erronka batere makala erreskadan lau garaipen lortzea; areago, egutegiari begiratu bat emanez gero. Osasunari gelditzen zaizkion lau aurkarietatik hiru arerio zuzenak dira sei onenen artean bukatzeko lehian: zazpigarren dago Oviedo, bosgarren Numantzia eta zortzigarren Valladolid. Beste aurkaria, Lorca, maila galduta da dagoeneko.

Aurkari zuzenen egutegiak samurragoak dira. Gehienek igotzeko borrokan dabiltzan bi talderen kontra jokatuko dute: Cadiz eta Valladoliden aurka ariko da Zaragoza; Cadiz, Granada eta Zaragozaren aurka; Oviedo, Osasuna eta Huescaren kontra; eta Valladolid, Zaragoza eta Osasunaren aurka. Numantziak, berriz, kanporaketa postuetan sartzeko hautagai bakarrarekin neurtu beharko ditu indarrak; Osasunarekin berarekin, hain zuzen. Edonola, beste interpretazio bat ere egin daiteke igo nahian dabiltzan taldeen egutegiaz: norgehiagoka asko izango da haien artean, eta hori onuragarria izan daiteke gorritxoentzat, baldin eta haien lehiak aurrera ateratzen badituzte.

Diego Martinezen taldeak etxetik kanpo jokatu beharko du Numantziaren eta Valladoliden aurka, eta etxean Oviedo eta Lorcaren kontra. Hots, zailagoa da Iruñetik urrun egin beharreko lana. Nolanahi, nafarrek badute baikor izateko motiborik. Izan ere, Bigarren Mailan etxetik at ondoen aritu diren taldeetan bigarrena dira, hemeretzi lehiatan 30 puntu lortuta. Osasunari etxeko partidek ematen diote beldur gehien. Nafarroako taldeak 27 puntu baino ez ditu bildu Sadarren; etxean okerren aritu diren taldeetan seigarrena. 2010-2011ko sasoian igotzeko kanporaketak ezarri zirenetik, igo diren talde guztiek 33 puntu lortu dituzte etxean gutxienez. Kopuru horretara iristeko, Osasunak azkeneko bi norgehiagokak irabazi beharko lituzke.

Lau puntuko partidak

Azken zazpi denboraldietako aurrekariekin jarraituz, lau jardunaldiren faltan kanporaketa postuetatik at zeuden bi taldek baino ez dute lortu sei onenen artean sartzea: Kordobak 2013-14ko sasoian eta Gironak eta Kordobak berak 2015-16koan. Azken denboraldi horretan, Kordoba hamargarren zen, lau partidaren faltan, seigarren postutik hiru puntura, eta azkenean lortu zuen igoera fasean tokia egitea. Adibide horrek nafarrei erakusten die egingarria dela esku artean duten erronka, betiere egundoko estutua ematen badute, eta aurkari zuzenek kale egiten badute.

Hori horrela, gorritxoek hiru puntu soil baino gehiago izango dituzte jokoan azken neurketetan, gol aldea ere erabakiko baita. Oraingoz, alde dute Cadizekin, eta kontra Zaragozarekin. Aurrerapauso handia litzateke Oviedo, Numantzia eta Valladolidi gol aldea irabaztea, eta, lehen itzuliko emaitzak ikusita, ez da ezinezkoa, inondik inora: 1-0 galdu zuen Oviedoren aurka, bina egin zuen Sadarren Numantziaren kontra, eta 4-2 garaitu zuen Valladolid. Alde txikiak daude igoera fasean sartzeko borrokan, eta gol aldea aldagai erabakigarria izan liteke. Osasunak oztopo handiak gainditu beharko ditu igotzeko ametsa luzatzeko, baina oraindik badu fedea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna