Berea eginda, txapeldun

Lider da Super Amara Bera Bera, liga amaitzeko hiru jardunaldi falta direla. Azkeneko hiru partidak irabaziz gero, txapela irabaziko luke, aurkariek zer egiten duten zain egon gabe.
Giulia Guarieiro, jaurtitzear, Aularen aurkako partidan.
Giulia Guarieiro, jaurtitzear, Aularen aurkako partidan. JON URBE / FOKU

Julen Etxeberria -

2018ko maiatzak 10
Pozarren ospatu zuten Super Amara Bera Berako jokalari, entrenatzaile, ordezkari eta zaleek Aula Alimentos de Valladolidi irabazi izana joan den larunbatean, Bidebietan. Ondo zekiten guztiek garaipen horrek zenbateko garrantzia izan dezakeen Espainiako liga bosgarrenez irabazteko. Izan ere, ustez, Aularen kontrako neurketa azkeneko txanpa erabakigarrian jokatu beharreko zailena zen.

Hiru jardunaldi falta dira sasoia amaitzeko, eta Donostiako taldea lehen postuan da. 40 puntu ditu, Mecalia Atletico Guardesek adina, baina Bera Bera dago aurretik sailkapenean, Galiziako taldea baino puntu alde hobea baitu —bi partidak irabazi dizkio—. Hiru puntu gutxiago ditu Ro'Casak, hirugarren sailkatuak. Jokoan sei puntu besterik ez daudela kontuan hartuta, Espainiako taldeak miraria beharko luke txapeldun izateko.

Egutegia samurragoa du

Egutegiari erreparatuta, Montse Puchek entrenatutako taldeak du azken txanparik samurrena. Hurrengo larunbatean Valentziaren pistan jokatuko du. Mailari eusteko lehian dabil Herrialde Katalanetako taldea, eta, lehen itzulian, Bera Berak hemeretzi golen aldeaz irabazi zion: 33-14. Beraz, ez dirudi garaipenak ihes egin diezaiokeenik. Bi aste barru, berriz, Elx hartuko du Bidebietan. Hura ere aurkari apala da: 11. postuan da. Aurreneko itzulian kostata irabazi zion ere (18-21), zaila dirudi donostiarrek etxean huts egiteak. Denboraldia bukatzeko, azkenik, etxetik kanpo ariko dira, baina oso gertu, Barakaldon (Bizkaia), Hotel Gran Bilbao-Prosetecnisa Zuazoren aurka. Neurria hartuta diote Bizkaiko taldeari, elkarren aurka jokatutako hamazazpi neurketetan nagusitu baitira. Zuazok ez du ezer jokoan, jada ez baitu aukerarik Europara sailkatzeko.

Guardesek, ordea, aurkari askoz zailagoak izango ditu. Hasteko, datorren asteazkenean, hilaren 16an, Ro'Casari egingo dio bisita, atzeratutako partidan —Espainiako taldeak Challenge kopako finaleko itzulikoa jokatuko du larunbat honetan, Polonian—. Lehen itzulian, bi taldeek 26na berdindu zuten Guardesen; beraz, lehia oso parekatua espero da. Ikusteko dago, hala ere, Challenge kopako finalak zer eragin izan dezakeen Ro'Casarengan. Partida hori jokatu eta lau egunera, Guardesek Rincon Fertilidad Malaga jasoko du. Zazpigarren sailkatua da, baita arerio oso bihurria ere. Galiziarrek azken partidan aurrean izango dutena ere aurkari deserosoa da: Granollersi egingo diote bisita, zortzigarren sailkatuari. Lehen itzulian, etxean, gol bakar batengatik irabazi zioten (32-31). Beraz, erne egon beharko dute. Gogoan izango dute Ro'Casari aurreko astean gertatutakoa, ezustean berdindu baitzuen Granollersekin, duela bi aste, etxean.

Baina egutegiaz haratago, Bera Berak daraman bolada ona da baikor egoteko motibo nagusia. Azken zazpi partidak irabazi ditu ligan. Hain zuzen, Guardesen ekin zion garaipen boladari, etxean Malagaren aurka modu mingarrian galdu berritan. Montse Puchek entrenatutako taldea garaiz suspertu da, eta horrek txapeldun egin dezake bi urte geroago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna