Errugbia. Munduko Kopako finala

Ezinbesteko bihurtuta

Zeelanda Berriko selekzioko hainbat jokalariren itzalean egon da denbora luzean Ma'a Nonu, baina 33 urterekin iritsi da gailurrera. Funtsezko jokalaria da Steve Hansenentzat.

Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ohikoa bihurtu da hura ikustea Zeelanda Berriko selekzioaren partidetan. Haren gorpuzkera gihartsua eta rastafari ilea All Blacks-ek jokatzen dituzten partiden ezinbesteko osagaiak dira. Gaurkoan bai, eta biharkoan ere bai. Munduko txapeldunen zelai erdiaren zaintzaile bihurtu da Ma'a Nonu (Wellington, 1982).

Conrad Smithekin batera, azken urteetako bikote iraunkorrena osatu du Nonuk, erdiko postuan. Hari buruz, dena dira laudorioak eta txaloak. Hasierako hamabostekoei buruzko tertulia eta iruzkinetan, haren izena ez da sekula eztabaidagai. Oso argi dago harena dela Zeelanda Berriko 12 zenbakia.

Urteetako ibiliak erakutsi du zein garrantzitsu bihurtu den All Blacksen joko sisteman Nonu. 33 urte bete berriak ditu, eta 102 partida jokatu ditu Zeelanda Berriarekin. Nonu bosgarrena da selekzioarekin partida gehien jokatu duten jokalarien zerrendan. Lorpen izugarria da, dudarik gabe, hain historia eta tradizio luze eta ospetsua dituen selekzio batean.

Hodei zuri luzearen herrian, mito bihurtu da Nonu. Samoar jatorria duen —haren osaba, Palepoi Afamasaga, Samoako selekzioan jardun zen 1970eko hamarkadan—jokalari horrek egindakoa ez da makala izan.

Ez da ahantzi behar Zeelanda Berriko selekzioan ezer ez dela agerikoa. Urteak joan eta urteak etorri, hasierako hamabostekoan iraun du Nonuk, eta garrantzi handiko jokalariak itzalean utzi ditu. Sonny Bill Williams, Malaka Fekitoa, Luke McAllister, Carlos Spencer… anitz izan dira harekin lehiatu diren jokalariak, baina inork ez du lortu Nonu aulkira bidaltzea.

2003an, Zeelanda Berriko Munduko Kopako taldean sartu zenean, ordea, inor gutxik pentsatuko zuen hain bide oparoa eginen zuela. Nonu taldean sartu izana Graham Henry orduko hautatzailearen hautu taktiko baten ondorioa izan zen: Tana Umaga, talde hartako izar nagusia, adinean aitzina zihoan, eta haren antzeko dohainak zituen jokalari bat behar zuen Henryk, Umagari atseden emateko. Nonu aukeratu zuen, itzaleko lan hori egiteko.

Hasieran, baina, Nonurena itzulera gabeko txartela izan behar zen All Blacksekin. Indarra zen erdikoak zuen dohain nagusia. Hortik aitzina, zalantzak sortzen zituen: «Oroitzen naiz 2004an Nonurekin lehen aldiz hitz egin nuela. Erran nion ez nuela batere argi ikusten bere etorkizuna selekzioan. Hobetu beharra zuen, eta zazpinakako errugbian aritzera igorri nuen». Steve Hansenen hitzak dira horiek, garai hartan Henryren laguntzailea zena eta orain Zeelanda Berriko hautatzailea dena. Argi erakusten dute Nonuk urteotan egin behar izan duen lana.

«Hastapenetan, gizenegi zegoen, eta teknika hobetu beharra zeukan. Zazpinakako errugbian aritzeak sekulako mesede egin zion», azaldu du Hansenek. Lana erruz egin behar izan zuen Wellingtongo jokalariak. «Zelaietatik kanpo serioagoa izaten hasi nintzen. Elikadura zaindu nuen, eta teknikoki gabeziak ezabatzeko lan egin nuen», aitortu du Nonuk.

Ordutik hona Nonuk izan duen bilakaera txundigarria izan da. Lehen, baloia hartu eta paretaren kontra zihoan basurde bat zen. Orain, indar fisikoari jokoa irakurtzeko gaitasuna eta bere ondoko jokalariak jokarazteko abilezia erantsi dizkio: «lehen, fisikoa zeukan bakarrik. Orain, abila da, pase ona du eta taldeko liderra bihurtu da», azpimarratu du haren entrenatzaileak

Lanaren dohaina

Haren ondoan ari direnek ere laudorioak baizik ez dituzte: «Nonuren ondoan ari zarenean, jendeak pentsatzen du oso ona zarela, baina Nonuk bihurtzen zaitu horren on. Jokalari eredugarria da. Lana erruz egiten du, eta zuk beste horrenbeste egin dezazun motibatzen zaitu», dio Conrad Smithek, erdiko postuan Nonuren ondoan ari den jokalariak.

Erraz erraten da, baina jokalari batek bere joko estiloa goitik behera aldatu izana ez da batere aise. Nonuk lanean orduak pasatuz lortu du hori: «Lan anitz egin dut urte hauetan guztietan. Oso harro nago nire estiloa eraldatzeko izan dudan gaitasunaz», aldarrikatu du Nonuk.

Aurtengo Munduko Kopa azkena izanen du Zeelanda Berriko selekzioarekin. Urte osoa lehiaketa hori prestatzen eman du: «Zazpi hilabetez jokatu gabe egon naiz, besoa hautsi eta gero. Fisikoki oso ongi prestatzeko eta gorputzari atseden emateko baliatu dut. Berria bezala sentitzen naiz».

Atsedenak on egin dio, zalantzarik gabe. Munduko Kopan fresko nabaritu da Nonu, eta oso goi mailako partidak jokatu ditu. Frantziaren aurka, itzali egin zuen Alexandre Dumoulin. Argentinaren aurka ere, Juan Martin Hernandezi nagusitu zitzaion. Gibeleko lerroaren liderra izan da lehiaketa osoan.

Munduko Koparen ondotik, Toulon Frantziako Top 14 ligako taldean ariko da. All Blacksekin azken partida izanen du, beraz, larunbateko finala. Hamabi urtean egindako bidea txapeldun tituluarekin bukatu nahi du: «Urrezko irteera litzateke. Dena eman didate All Blacksek, eta agur errateko modurik ederrena litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.