Albistea entzun

Eraldaketaren emakumeak

Frankismoak zioenaren aurka, industrian lanean aritu ziren andreak uste baino gehiago izan zirela frogatu du Aritza Saenz del Castillo historialariak ikerketa baten bidez.
Emakume batzuk, Gasteizko lantegi batean lanean, 1964an.
Emakume batzuk, Gasteizko lantegi batean lanean, 1964an. ARQUE / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

Aitor Biain -

2016ko otsailak 20 - Gasteiz

Gizonezkoek eta emakumezkoek egin zitzaketen lanak ongi zehaztuta izan dira urte askoan. Hala, gizonezkoak lan gogorrekin lotu izan dira; industriarekin, kasurako. Emakumeak, berriz, etxeko lanekin edota esku lanekin. Edonola ere, kontuak bestela izan zirela frogatu du Aritza Saenz del Castillo historialariak. Las damas de Hierro. La participación de las mujeres en el mercado laboral de Vitoria-Gasteiz (1950-1975) (Burdinazko damak. Emakumeen partaidetza Gasteizko lan merkatuan 1950-1975) izeneko liburua argitaratu du. Liburuaren izenburuak ongi erakusten duen moduan, burdinaren munduan emakumerik izan zela erakutsi du historialariak. Tesiaren lehen atala da liburua, eta EHUk argitaratu du.

Saenz del Castillok Gasteizko kasua ikertu du zehazki, «berezia» baita, beste zenbait kasurekin alderatuta. Izan ere, liburuaren egileak azaldu duenez, industrializazioaren hastapenetatik egiten zuten emakumeek lan etxetik kanpo, Gasteizen. «Fournier fabrika ospetsuan esaterako, XIX. mende hasieratik egiten zuten lan, baita ehun lantegietan ere».

Hala ere, frankismo garaiarekin batera, gauzak nabarmen aldatu ziren. Saenz del Castillok dioenez, «diktadura patriarkala» zen, eta, ondorioz, garai hartan emakumeek etxean egon behar zuten, ideologiaren arabera. «Andreek etxetik kanpo lan egitea gaizki ikusita zegoen. Frankismo garaiko lehenengo legeetan oso argi agertzen zen hori: emakume ezkonduak tailer eta lantegietatik kanporatzea zen helburua». Diskriminazio nabarmena eragin zuen horrek. Sistemak zioenez, gizonezkoek izan behar baitzuten «ogiaren irabazle», eta, beraz, ekonomikoki familia aurrera ateratzeaz arduratu behar zutenak.

Urte batzuk geroago, baina, industrializazioaren hazkundeak frankismoaren ideiak alboratu zituen. Hala, metala lantzeaz arduratzen ziren lantegiak nabarmen hasi ziren Arabako hiriburuan. Lanpostu asko sortu ziren ondorioz, eta langile eskari horrek emakumeak etxeetatik lantegietara eraman zituen berriro, «frankismoak zioenaren aurka». «Beste alde batera begiratu zuten, eta halabeharrez onartu behar izan zuten emakumeek etxetik kanpo lan egitea».

Alde horretatik, liburuaren egileak azpimarratu du garai hartako datuen arabera «ezinezkoa» zela gizonaren soldatarekin bakarrik aurrera egitea. «Ideologiaz gaindi, beste soldata baten beharra zegoen». Hori ere izan zen emakumeak industriara itzultzearen beste arrazoi bat, Saenz del Castillo historialariak azaldu duenez.

Hala ere, herritarrak ez ziren aski izan langile eskariari guztiz erantzuteko, eta, ondorioz, inguruko herrietatik hasi ziren Gasteizera joaten. Hasieran, gertukoak ziren gehienak; Gipuzkoa eta Bizkaia aldekoak. Gerora, baina, urrunagokoak ere bai: Gaztela eta Leon, Extremadura eta Andaluziakoak (Espainia), besteak beste. «1950eko hamarkada amaiera aldean, Gasteiz hiri nahiko txikia zen. Industrializazioari esker, hirukoiztu egin zen biztanleria».

Diskriminazioari aurre

Etorkinei dagokienez, datu bitxiak aurkitu ditu liburuaren egileak. Izan ere, garai batean, ohikoa zen lehenik gizonezkoek alde egitea etxetik, eta geroago alde egitea familiak. Kasu honetan, baina, alderantziz izan zen: andreak izan baitziren mugitzen lehenak. «Neska gazteak izan ziren batez ere Gasteizera etorri zirenak. Bakarrik etortzen ziren; 16 urte inguru zituzten. Ezkondu ondoren, hiritik joaten ziren». Sei egoitza ireki ziren garai hartan lanera joan ziren neskentzat.

Horrek guztiak «aldaketa nabarmenak» eragin zituen hirian; bai sozialki eta bai politikoki ere. Saenz del Castillok nabarmendu duenez, emakumearen kontzeptua «erabat» aldatu zen. «Emakumeak beren burua langile gisa aldarrikatzen hasi ziren».

Hala ere, liburuaren egileak azaldu duenez, «normaltasun osoz» hartu zen emakumeak industriara itzuli izana. «Egia da lanpostu zehatz batzuetan konpetentzia moduan ere hartu zela; soldatak jaitsi egiten baitziren. Baina, pixkanaka-pixkanaka, onartu egin zuten».

Emakumeek industria mundura salto egiteak zenbait aldaketa sozial eragin bazituen ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko diferentziak «mantendu» egin ziren, lan munduari dagokionez. Emakumeen lan baldintzak «askoz ere okerragoak» ziren, gizonezkoenekin alderatuta. Lanaldi bikoitzaren kontzeptua ere erantsi behar zaio horri: emakumeak, lantegikoaz gain, etxekoaz ere arduratzen baitziren. Soldatak ere nabarmen txikiagoak zituzten: «Kategoria berdinean lan eginda, %10 eta %40 arteko diferentzia zegoen gizonezkoen eta emakumezkoen soldatetan».

Legeak ere ez zituzten alde. «Garai hartako ezkontza legeak zioenez, behin ezkonduta lagundu egin behar zitzaien andreei lantegitik alde egiten, eta etxera itzultzen». Horren aurka altxatu ziren: «Lanean jarraitzeko eskubidea aldarrikatu zuten». Horren haritik, Saenz del Castillok azpimarratu du aldarrikapen feministak langile mugimenduetatik ere egin zirela, eta ez soilik klase ertainetatik eta goi klaseetatik, orain arte aipatu den bezala.

Errolda eta gainerako dokumentu ofizialek ezkutatu bazuten ere, industrian lanean aritu ziren emakumeak uste baino gehiago izan ziren; «datuek diotena baino %10 gehiago, gutxienez». Hori dela eta, erreferente bilakatu zen Gasteiz alde horretatik; eta emakumeak, hiriaren eraldaketaren «aktore nagusi» izan ziren, Saenz del Castillo historialari gasteiztarrak frogatu duenez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txupinazoa, behetik ikusita

Osasungintzako langileei eta AEA dutenei eskaini die txupinazoa Unzuek

Berria

Hiru urteren ondoren, zuria eta gorria itzuli dira Iruñeko kaleetara. Aurten ere ikurrina, Nafarroako bandera eta euskal presoen eskubideen aldeko bandera izan dira plazan, baita GKSko bat ere.

Banatzaile bat zenbait oinezkoren artean pasatzen, Iruñeko San Nikolas karrikan, San Fermin bestak hasi aurreko egunean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko gogoz gainezka daude

Ane Etxandi Marin - Itsaso Jauregi

Aurten bai, itzuliko dira sanferminak Nafarroako hiriburura. Aurreko egunetan hiria prestakuntza lanetan murgilduta egon da. Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko eta zapi gorria janzteko gogoz gainezka daude. BERRIAk zuzenean emango du 11:00etatik aurrera.

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Publikoa gertu sentitzea, horixe eskertzen dut»

Miren Mujika Telleria

Kantuen bertsioak egitea du pasio Andoni Ollokiegi musikari eta abeslariak. Urteak dira horiek abestuz bizi dela, eta hala konkistatu ditu Euskal Herriko makina bat plaza.
Saran, Ezkertegia etxearen parean, erromatar galtzada gainean, gidak kontatu ditu kontrabandoaren nondik norakoak; gibelean Nafarroa ageri da. ©GUILLAUME FAUVEAU

Kontrabandoa, diru bandoa

Ainize Madariaga

Mugari abantaila ekonomikoak atera izan dizkiote mendeetan. Sarako bisita gidatuak kontatu ditu nondik norakoak. Mixel Gerendiainek bereak kontatu dizkio BERRIAri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Biain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...