Segurtasuna, zintzilik ez dagoen ziurtasuna

Garaierako eta lan bertikaletarako prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzen du Zumarragako Trebikal enpresak. Europako ziurtagiria ematen duen Euskal Herriko bi zentroetako bat da. Jakintza ez ezik, funtsezkotzat dute tresna egokiak izatea ere.

TREBIKAL.
Maite Alustiza.
Zumarraga
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Debekatuta dago kaskorik ez erabiltzea. Debekatuta, arnesak eta botak ez jartzea ere. Urdin koloreko hiru ikurrek ematen dute abisua, eta, aldamenean, arriskua adierazten du ikur hori batek. Paretan, mosketoiak daude zintzilik, arnesak, sokak, kaskoak... Zumarragako (Gipuzkoa) Argixao industrialdeko 55. pabiloiaren barrualdea probaleku bihurtu dute; izan ere, garaierako eta lan bertikaletarako prestakuntza teoriko-praktikoa eskaintzen ari da Trebikal enpresa. Teilatu bat jarri dute probetan gora eta behera ibiltzeko; metalezko egitura bat, soka bidezko maniobrak egiteko; zutoin elektriko bat eta enbor itxurako beste bat, hainbat teknika lantzeko. Enara Insausti Trebikaleko arlo teknikoko arduradunak azaldu duenez, prestakuntza egoki batek eta segurtasun tresna egokiak edukitzeak istripuak saihesten lagun dezake.

Orain arte, lan arriskuen prebentziorako zerbitzua eskaintzen zuen Premank enpresak, eta iazko irailean, Trebikal sortu zuten Juanjo Sagarnak eta Garikoitz Oiartzabalek, garaierako lanen eta lan bertikalen inguruko prestakuntza emateko. Lan bertikalak sokarekin egiten direnak dira —langileek azpian ez daukate ezer ere—; garaierako lanak, berriz, lurretik bi metrora baino gehiagora baldin badaude kontsideratzen dira, baina hankak egitura batean gainean daudenean. «Gauza bat da bi metrotik gora egotea lanean; kontua da baldin bazaude teilatu baten gainean, adibidez, garaiera kontsideratzen dela».

Garaierako lanen inguruko prestakuntzak hainbat zentrotan ematen dituzte Euskal Herrian; lan bertikalenak, berriz, Irata soka lanetarako ziurtagiria —ingelesezko siglak erabiltzen dituzte— eskaintzen duen Gipuzkoako lehen enpresa da Trebikal. Bilbon ere badago ziurtagiri hori ematen duen zentro bat; bestela, «Bartzelonara jo behar izaten zuten lehen». Europako eta mundu mailako gorengo ziurtagiria da Irata, eta nazioarteko hainbat gas, petrolio eta telekomunikazio enpresak agiri hori duten teknikariak kontratatzen dituzte, segurtasuna bermatzeko. Horixe da, hain justu, Trebikalen nahi dutena: prestakuntza egoki bat eman, bezeroak segurtasuna izan dezan.

Istripuak gutxitzea

Astebeteko saioak ematen dituzte, zortzi ordukoak, eta azken egunean, azterketa dute. Erresuma Batutik etortzen zaie aztertzaile bat, eta hainbat maniobra egin behar izaten dituzte. Insaustik zehaztu duenez, prestakuntza ematen duten irakasleek ere euren prestakuntza jaso behar dute, 400 ordukoa, Irata ziurtagiria eman ahal izateko. Trebikaleko prestatzaileek oraindik ez dute ordu kopuru hori bete, baina, Insaustiren arabera, ziurtagiria dutela esan dezakete, dagoeneko euren kodea ematen dutelako.

Ikastaroan azaldutakoa ez ezik, materiala ere egokia izatea garrantzitsua da Insaustirentzat, baita hori behar bezala erabiltzea ere: «Bost metrotik eroriz gero, kaskoak ez du ezer ere egingo, baina askotan izkinak daude, edo kolpe txikiak burua altxatzerakoan... Horiekin min hartzea saihets daiteke». Altueran edo sokatik zintzilik lan egitea arriskuarekin lot daitekeela dio Insaustik, baina uste du ez dela beste edozein lan baino arriskutsuagoa. Autobideak garbitzen dabiltzan langileekin egin du konparazioa: «Horiek lurrean daude, eta hor daude zuk kontrola ditzakezun gauzak, baina autoan abiadura handian datorren hori zuk ezin duzu kontrolatu. Hemen, berriz, gauza gehienak zure esku daude: hornidura egoki bat eta prestakuntza egoki bat. Istripu guztietan bezala, baliteke zerbaitek huts egitea, baina istripu kopurua gutxitu daiteke».

Legearen arabera, horrelako edozein lanetarako beharrezkoa da prestakuntza teoriko-praktiko apropos bat izatea, baina, Insaustik dioenez, ez da bestelako xehetasunik ematen: «Ez du zehazten, adibidez, prestakuntzaren iraupena. Bakoitzaren interpretazioaren araberakoa da». Eskaintza martxan dutenetik, enpresak eta norbanakoek jo dute haiengana, arrazoi askorengatik: interes pertsonalagatik, lanean eskatu dietelako, curriculumerako plus gisa, enpresek beraiek hobekuntzak egin nahi dituztelako...

Hiru baldintza bete behar dira ikastaroan parte hartu ahal izateko: adin nagusikoa izatea, medikuaren ziurtagiri bat aurkeztea eta egoera fisiko egokia. «Ez da sekulako indarra behar, indarra ez da dena. Badaude lagungarri diren segurtasun tresna egokiak, eta asko teknika jakitea da». 6-8 lagun arteko taldeak osatzen dituzte: batez ere, prestakuntzapraktikoak erosoa eta «kontrolatzeko modukoa» izan behar duelako prestatzaileentzat ere.

Oraingoz, garaierako ikastaroak ematen dituzte gehienbat, enpresa mota askorentzat baita aproposa: «Enpresa txiki batean ere, mantentze lanak egiteko, makina batera igotzeko, normalean bi metrotik gora dabiltza». Irataz gain, beste ikastaro batzuk ere eskaintzen dituzte, laburragoak eta enpresen nahien arabera moldatuak. Enpresarekin adosten dute noiz egin, baina aurrerantzean, egutegi bat zehaztu nahi dute, batik bat jende soltearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.