Martxoak 8. Greba feminista

Aulki gehienak hutsik

Gaurko greba feministak isla izango du Euskal Herriko instituzio guztietan. Emakumeek hutsik utziko dituzte eserleku ia denak Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta udaletan. Ipar Euskal Herrian ere lanuzteak egingo dituzte.

Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideak, iaz, Emakumeen Nazioarteko Egunean deitutako elkarretaratzean. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ia erabatekoa izango da gaur greba feministak Euskal Herriko erakundeetan izango duen erantzuna. EH Bilduko, Ahal Dugu-ko, Geroa Baiko, PSEko, PSNko, Ezkerrako eta Irabaziko emakumeak ez dira euren lanpostuetara joango, greba deialdiarekin bat eginez. EAJkoek, berriz, mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat egin duten arren, ez dute grebarik egingo, eta elkarretaratzeetara joango dira. PPk eta UPNk ez dute ezer egingo. Ipar Euskal Herrian ez dute denek grebara deitu, baina Euskal Herriko mugimendu feministak lanuztea egitera animatu ditu andreak.

1. Gaurko deituta dagoen greba feminista babestuko duzu? Zergatik?

2. Emakume guztiak geldituko balira, mundua geldituko litzateke? Nola eragingo luke erabaki horrek egunerokoan?

3. arekidetasuna eta berdintasuna lortzeko asko falta da. Zure ustez, zer ekarpen egin diezaiokezue feminismoari politikagintzatik?

BAKARTXO TEJERIA Eusko Legebiltzarreko presidentea

«Guztiz bat nator mugimendu feministaren aldarrikapenekin»

1

«Hamabost minutuko geldialdia egingo dut. Guztiz bat nator nazioarteko mugimendu feministak planteatu dituen aldarrikapenekin: emakumezkook egiten dugun lana etxeko eta zaintzako lanetan ikusaraztea eta aitortzea, soldaten arrakala eta kristalezko sabaia amaitzea, indarkeria matxistaren aurka borrokatzea...».

2

«Bai. Munduko populazioaren erdia gara, eta, emakumeok geldituko bagina, mundua gelditu egingo litzateke. Egin gabe geratuko litzateke munduaren bizitzarekin jarraitzeko ezinbestekoak diren baina aitortzarik ez duten funtzioak. Ikusezinak diren funtzio horien gainean oinarritzen da lan produktiboa gure gizartean».

3

«Berdintasun politikak sustatzea eta eragitea. Kontziliazioa eta gizonezkoen eta emakumezkoen eskubideen berdintasun efektiboa ahalbidetzen dituzten politikak, zaintza eta etxeko lanak aitortzen dituzten politikak, heziketa berdintasunerako politikak edo indarkeria matxistaren kontrako politikak abiatzea. Asko egin da, baina asko geratzen zaigu egiteko».

AINHOA AZNAREZ Nafarroako Parlamentuko presidentea

«Instituzioek bat egin behar dute mugimendu feministarekin»

1

«Ohiko lanuzteetatik harago, sistemari planto egin nahi diogu, eta mundua geratu nahi dugu. Hamaika arrazoi dauzkagu: indarrean daukagun eredu ekonomikoak zapaltzen gaituelako, gure lanak ikusezinak direlako eta ez direlako behar bezala ordaintzen, jazarpena eta sexu erasoak pairatzen ditugulako, emakume askok arrazakeria pairatzen dugulako egunero... Bestalde, emakumeok aukera izango dugu elkarrekin gure lanaren balioaz jabetzeko eta dauzkagun desberdintasunetatik eta aniztasunetik ikasteko».

2

«Mundu osoko emakumeak geldituko bagina, mundua geldituko litzateke, munduaren ardura gure gain baitugu. Baina ez dago greba egiteko modu bakarra; emakume askotarikoak garen heinean, guztiok ez ditugu greba egiteko aukera berberak. Prekaritatea, ezintasun fisikoak edota ezinbesteko zaintza lanetan ari direnek ezingo dute aukera berdintasunean parte hartu. Baina nahi dugu hori ere azaleratzeko eguna izatea. Guztiak kalean egotea gustatuko litzaigukeen arren,norberak ahal duen eta nahi duen modura egin dezala greba».

3

«Ezinbestekoa da mugimendu feministak azken hamarkadetan mahai gainean ipinitako aldarrikapenak insitituzioetan lantzea. Erakundeek mugimendu feministarekin bat egin behar dute. Instituzioak femininizatu behar dira, eta hori instituzioa ahaldunduz soilik egin dezakegu».

BEATRIZ ARTOLAZABAL Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua

«Ez dut grebarik egingo. Eraginkorragoa izango naiz lanean»

1

«Ez. Emakume eta gizonen arteko lan baldintzen ezberdintasunari aurre egiten jarraituko dut gaur. Eraginkorragoa izango naiz lanean».

2

«Lan merkatuan emakumeen presentzia ezinbestekoa da, eta etxean, familia eremuan, antzeko zerbait gertatzen da. Emakumeok ikusten den eta ikusten ez den lan asko egiten dugu, gizonek bezala. Baina egia da oraindik ere ezberdintasunak sumatzen direla. Adibidez, familiako zaintzan, emakumeak dira oraindik ordu gehien ematen dituztenak, nahiz eta gizonak eta andreak egon etxetik kanpo lanean. Horregatik, berdintasuna irakatsi behar diegu gure ondorengoei, etxean eta lan merkatuan aukera berdintasuna izateko».

3

«Berdintasuna ezin da inposatu, landu egin behar da. Erakundeetatik aurrerapausoak bideratu ditzakegu, ekinbide zehatzak proposatuz. Horretan ari gara. Nire eremuan, Lanbideren bitartez hainbat programa bideratzen ditugu emakumeek lan aukerak izan ditzaten».

IDOIA MENDIA PSE-EEko idazkari nagusia

«Mundua mugitzeko eta gelditzeko dugun indarra ikusaraziko dugu»

1

«Sozialistok deialdiarekin bat egingo dugu, nork bere esparruan. Uste dugu aukera bikaina dugula nazioartean aurrekaririk ez duen greba baten bidez gure indarra ikusarazteko: biztanleen erdia baino gehiago gara; herritarrak ordezkatzen dituen erakundearen erdia baino gehiago gara, eta hitzordu honetan gure indarra erakutsi behar dugu. Badakigu emakumeen gehiengoak ez duela gure ikusgaitasuna, baina gelditu ezin dutenengatik egin dezakegu».

2

«Ez lirateke geldituko enpresa handietako administrazio kontseiluak, langile gehienak gizonezkoak dituzten enpresak edota oraindik kristalezko sabaia apurtzea lortu ez duten ekoizpen zentroak. Baina gelditu egingo lirateke emakumezkoek betetzen dituzten lanpostu ikusezin horiek, prekaritatean bizi diren horiek, kohesio sozialari eusten dion makineria guztia... Eta orduan bai, mundua geldituko litzateke».

3

«Sinbolikoa eta praktikoa. Gure lan politikoarekin, eta, greba eginez, gure absentziarekin, emakumeok gizartean dugun indarra eta mundua mugitzeko edo gelditzeko dugun gaitasuna ikusaraziko dugu. Praktikan, paternalismoa amaitu behar dugu, eta eta baita ideia hau ere: soldata arrakalaz, kontziliazioaz edo demografiaz hitz egitea emakumeen kontu bat dela. Arazoa guztiona da, baita gizonezkoena ere».

MARIA SOLANA Nafarroako Gobernuko bozeramailea

«Mundua mugiarazten dugu, planeta honetako txoko guztietan»

1

«Greba deialdiarekin bat eginen dut. Nafarroako Parlamentuak ez du osoko bilkura bertan behera utzi; hortaz, kontseilaria naizenez, bertaratuko naiz, kontrol saioan dagokidan galderari erantzuna eman eta deitutako geldialdian eteteko asmoarekin. Elkarretaratzera eta arratsaldeko manifestaziora joango naiz».

2

«Zalantzarik gabe, bai. Emakumeok eragile garen heinean, egunerokoan eragile garenok eguneroko eginkizuna etengo bagenu, egunerokoa eten eginen litzateke. Eragile gara eremu orotan, arlo pribatuan zein publikoan. Mundua mugiarazten dugu, planeta honetako txoko guztietan».

3

«Feminismoak politikagintzari egin izan dizkion eta egiten dizkion ekarpenak aintzat hartzea. Hain zuzen, hori da Nafarroako Gobernuak duen asmo eta konpromisoetako bat: genero berdintasuna zehar-lerro gisa hartzea, gobernuaren departamentu guztien politikatan aintzat har dadin, irizpide gisa. Hezkuntzan, feminismoaren ekarpenak ugariak izan dira, eta besteak beste horiei jarraikiz garatu dugu Skolae Berdin Bidean Hezkidetza Plana. Ikastetxeak indarkeria matxistarik eta sexismorik gabeko espazioak izatea nahi dugu».

AMAIA MARTIN Donostiako Irabaziko zinegotzia

«Emakumerik gabe, sistema osoa geldituko litzateke»

1

«Bai. Uste dugu oraindik asko egin behar dugula berdintasunaren alde, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna ikaragarria delako. Greba egitea horri guztiari buelta emateko bidea da».

2

«Hala da. Emakumeon esku dago zaintzaren pisurik handiena, eta gu gabe sistema osoa geldituko litzateke».

3

«Gure taldeak berdintasunaren aldeko ekinbideak proposatzen ditu hilabetero, baina politikari feministok jakitun gara asko dugula egiteko oraindik».

ALICE LEIZAGEZAHAR Akitaniako kontseilaria (Les Verts)

«Esparru guztietan geldituko bagina, gauza asko aldatuko lirateke»

1

«Kontseilaria ez ezik, irakaslea ere banaiz; gaur klasean egongo naiz, eta ezin izango dut arratsaldean lana utzi. Hala ere, deialdiarekin bat egingo dut ahal izango dudan moduan, eta babesa agertuko diot greba deialdiari».

2

«Bai, argi dago. Esparru gehi-enetan emakumeok nagusi gara, eta gauza anitz egiten ditugu; horiek guztiak geldituko balira, gauza asko aldatuko lirateke munduan».

3

«Gauza anitz mugitzen ari da parekidetasunaren alde, baina helburua lortzea biziki konplikatua da. Adibidez, emakumeok hautetsi izan nahi badugu, gizonek ere mugitu beharko duteegoera aldatzeko, eta guk, berriz, konfiantza hartu beharko dugu gure buruarekin».

LORENA LOPEZ DE LACALLE EH Bilduko Arabako batzarkidea

«Lan batasuna behar da, emakumeok bizitza askea garatu dezagun»

1

«Bai, uste dudalako badela garaia urrats bat harago egiteko. Joan den mendearen hasieratik, gure aldarrikapenak argiak dira, baina emaitzak oso urriak, eta atzerapausoak nabarmenak. Mundu mailako foro ekonomiko neoliberalak berak onartu zuen 2016an 83 urte behar zirela berdintasuna lortzeko, eta 2017an, berriz, 100 urte. Urteek aurrera egin ahala, berdintasunetik urrunduz goaz. Emakume guztiak batuko bagina, dena geldituko litzateke».

2

«Bai, noski. Emakumeok esparru guztietan egiten dugulako behar, eta lan ikusezina egiten dugulako. Emakumeok erosteari, kozinatzeari, garbitzeari, zaintzeari uko egingo bagenio, zer gertatuko litzateke? Kaos batera iritsiko ginateke. Guk ez dugu greba egingo kaosa edo liskarra sortzeko, mugarri bat ezarri eta gizarte osoa egoeraren larritasunaz jabetzeko baizik. Gizonezkoek aukera paregabea izango dute emakumeok egunero egiten dugun lana egiteko».

3

«Politikak emakumeen bizitza hobetu behar du, berrikuntzen eta legeen bitartez. Ezinbestekoa da politikagintzaren, sindikalismoaren eta gizarte zibilaren arteko lan batasuna, emakumeok gure eskubideak eta gure bizitza askatasunean garatu ahal izateko».

LAURA GARRIDO PPko legebiltzarkidea

«Grebak emakumeaketa gizonak banatunahi ditu; ez da bidea»

1

«Ez. Gaur osoko bilkura dugu, eta legebiltzarrera etorriko naiz. Uste dut grebak liskarra sortu nahi duela emakumeen eta gizonen artean, eta argazki bat bilatu nahi duela. Ez nator bat deialdiarekin, soilik emakumeei zuzenduta dagoelako, eta berdintasuna guztion arazoa delako. Beste modu batzuk daude emakumeen eskubideak aldarrikatzeko: neurri zehatzak, eraginkorrak eta errealistak hartu behar dira diskriminazioa bukatzeko eta berdintasuna lantzeko».

2

«Berriro diot: arazoa gizarte osoarena da, ez soilik emakumeena».

3

«Gauza asko egin dira berdintasunaren alde, baina egia da oraindik gauza asko daudela egiteko: enpleguan, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, kontziliazioan... Emakumeok gizartearen erdia gara, gure pisua eta eragina daukagu, eta gizarteak kontuan hartu behar du gure ekarpena. Baina ezin dugu gizartea banatu emakumeen eta gizonen artean. Hori ez da bidea».

IZASKUN LANDAIDA Emakundeko zuzendaria

«Ezin dut grebarik egin, baina manifestaziora joango naiz»

1

«Mugimendu feministak deitutako ezohiko greba hau berritzailea da, eta aukera ezberdin eta ugari ematen ditu parte hartzeko. Nik, berez, nire karguagatik lan greba egiteko eskubiderik ez dudanez, gaurko emandako beste aukerak baliatuko ditut; besteak beste, arratsaldean mugimendu feministak deitutako manifestaldian parte hartuko dut, eta, horrekin batera, gaur ez dut agenda publikorik izango. Bestetik, Emakundeko emakume langileak %76a dira, eta badakit gehienek greba egiteko asmoa dutela; beraz, eskubide hori babestuko dut. Gaur, gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditugu».

2

«Noski, emakumeen ekarpenik gabe mundua gelditu egingo litzateke. Hor badaude hainbat eta hainbat lan, guztiz ikusezinak direnak eta gure gizartearen funtzionamendurako guztiz beharrezkoak direnak; adibidez, zaintza lanak».

3

«Feminismoaren ekarpenak eta aldarrikapenak agenda politikoan txertatzea, genero ikuspuntua politika guztietan kontuan izatea, berdintasun eza zuzentzeko tresna bezala erabiltzea eta egunero lan egitea emakume eta gizonen berdintasunaren alde, arlo guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.