Zubieta eta Zabalgarbi artean, kearekin edo kerik gabe

Jaurlaritzak TMB plantari ingurumen baimena ukatuta, agintaldi honetan ez da azpiegiturarik eraikiko Zubietan. Alderdiak hurrengo lau urtekoari so jarri dira, eta oposizioak errauste plantaren aldeko apustua berretsi du. PSE da hondakinak Zabalgarbira eramatea aztertzearen aldeko bakarra.

Zubietako TMBa eta errauste planta egitekoak ziren orubea. J. C. RUIZ / ARP.
inaki petxarroman
Donostia
2014ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Hondakinak kudeatzeko zer proposamen duten galdetu die BERRIAk Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdiei.

1 Zer deritzozu agintaldi honetan egindako hondakin kudeaketari?

2 Hurrengo agintaldian gobernatu beharko bazenute, zein litzateke zuen proposamena hondakinen kudeaketari dagokionez?

3 Errauste planta bat egitearen alde zaudete? Zergatik? Eta, hala balitz, diputazioak baztertutako Zubietako proiektuari helduko zeniokete berriz, ala beste proiektu bat bultzatuko zenukete?

4 Alternatiba egokia iruditzen zaizue Gipuzkoako hondakinak Bizkaiko Zabalgarbi plantara eramatea? Zergatik?

IÑAKI ERRAZKIN Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua (EH Bildu)

«Gipuzkoa zabortegi kutsagarririk eta erraustegirik gabeko lurraldea izango da»

1

Oso positiboa: ez dago Europa osoan hondakinen kudeaketa iraunkorrean hainbeste urrats eta hain denbora laburrean egin dituen beste herrialderik. Datuak nabarmenak dira: Gipuzkoan ia %40 gutxiago bidaltzen dugu zabortegira —276.000 tona 2007an eta 170.000 tona aurten—; udalerrien erdiek baino gehiagok %70etik gora birziklatzen dute; lurralde osoan bikoiztu egin dugu duela bost urteko birziklatze tasa —%45ekoa izango dugu urte bukaeran—; 43.000 gipuzkoarrek konposta egiten dute etxean edo modu kolektiboan… Birziklapenean oinarritutako ereduaren oinarria jarri dugu urteotan, eta erraustegia eta hark sortutako zepa eta errauts toxikoentzako zabortegia baztertu ditugu. Eredu horri erantzuten dioten azpiegituren plangintza ere abian da: Eusko Jaurlaritzak Zubietako TMB plantaren baimena luzatzeari uko egin izanak atzerapenak eragingo baditu ere, azpiegiturak eraikitzen jarraituko dugu, eta horrela zabortegi kutsagarri guztiak ixteko aukera izango da.

2

Biziklapenaren bidean sakontzea, bai gaikako bilketari dagokionez, bai azpiegiturei dagokienez. Eta hori bi ideiatan laburbiltzen da: batetik, 2016rako %60ko birziklatze tasa lortzea; eta, bestetik, martxan egongo diren beste azpiegitura batzuekin batera Zubietako TMB planta eta Zestoako Osinbeltzeko proiektua abian izatea. Zestoakoa, gainera, bi norabidetan: bizigabetutako materia biltegia eta harrobia lehengoratzeko proiektua. Izan ere, datorren agintaldian Osinbeltz harrobia leheneratzeko lehen pausoak ere eman nahi ditugu. Eta horrek zabortegi kutsagarri guztiak ixtea ahalbidetuko luke. Datorren agintaldian Gipuzkoa zabortegi kutsagarririk eta erraustegirik gabeko lurraldea izango litzateke, eta horretara goaz.

3

Gipuzkoak ez du erraustegirik behar. Ingurumen eta osasun arrazoiengatik, baita irizpide praktiko eta ekonomikoengatik ere. Erraustegia egingo balitz, ez litzateke ekonomikoki eta praktikoki bideragarria izango; izan ere, gaindimentsionatuta geratuko litzateke askoz hondakin gutxiago sortzen ari garelako urtetik urtera birziklapenari esker. Eta planta txikiago bat egitea ez da errentagarria. Erraustegia ez da iraunkorra, eta guk ez dugu egingo.

4

Ez, ez dugulako bizkaitarrentzat nahi gipuzkoarrentzat nahi ez duguna. Baina, are gehiago, beste eredu bat badagoelako; birziklapenean oinarritua; eredu iraunkorra, ingurumen eta ekonomia aldetik begiratuta, eta hondakinen hierarkia zorrotz betetzen duena. Eredu hori da gurea. Gipuzkoan abian da, emaitza bikainak lortzen ari da eta bertan sakontzea da arrazoizkoena.

XABIER EZEIZABARRENA EAJko Gipuzkoako batzarkidea

«Europako zuzentaraua betetzeko, balorizazio energetikorako planta bat derrigorrezkoa da»

 

1

Bilduren helburu bakarra errauste planta gelditza izan da. Eta, horretarako, indarrean dagoen foru arauaren aurka doazen bi «plan» airatu ditu, baina ez ditu ofizialki aurkeztu, ezta, dagokion bezala, batzar nagusietan bozketatzera eraman ere. «Irtenbide» alternatiboa inprobisatu behar izan du: zabortegiak eta atez atekoa. Ez da gai izan konponbide sinesgarririk mahairatzeko. Ondorioz, zabortegiak lepo daude, eta , gutxienez, beste bi urtetan ez dago konponbide alternatiborik eskaintzeko aukerarik.

2014a bukatzear, arazorik behar ez zen lekuan, kale itsu batera eraman du Bilduk Gipuzkoa. Inposizioa, alde bakartasuna eta ilegalitatea, legealdi hau definitzen duten hitzak horiexek. Atez atekoarekin inposizioa, gizartearen gehiengoaren aurka. Erabakiak hartzerakoan alde bakartasuna (kontratua etetea, Osinbeltz zabortegia proposatzea…) eta prozeduretan ilegaltasuna: PTSa aldatzea foru arauaren aurka doalako, hondakinen partzuergoan eta GHKn beren estatutuen aurka hartutakoak direlako... Herritarren gainetik pasatu da Bildu, baita erakundeen gainetik ere.

2

Urte askotan landu genuen gure «proposamena»: Europako herrialde aurreratuenetan indarrean den ereduari jarraituz. Azterketa sakonak egin genituen, alternatiba tekniko egokienak aztertu eta aukeratu, planifikatu, finantzaketa lortu, prozedurak jarraituz adostu eta tramitatu, eta gero... beste batzuk lan guztia nola zapuztu duten ikusi dugu. Gure proposamena izango da, ahal den neurrian, aurretiaz egindako lana berreskuratzea, baina horretarako Bilduren jarduerak zenbateraino bazterrak nahastu dituen ezagutu beharra daukagu.

3

Hondakinen gaian Europako zuzentaraua bete nahi badugu, derrigorrezkoa da balorizazio energetikorako planta bat eraikitzea, izan ere, zuzentarau horrek kudeaketaren hierarkizazioan balorizazioa ezartzen baitu (baita energetikoa ere) isurketaren aurretik. Asper-asper eginda gaude direktiba horren lehentasunen ordenaren gainean Bilduk esandako gezurrekin, eta baita TMB plantaren produktua geldoa izango dela Bilduk esandakoekin ere.

Egia da, funtsean, igo egin dela gaikako bilketa, ez bakarrik orain, Bildurekin, baita 2007tik ere. Eta egia da baita ere, zaborra sortzeko kopurua jaitsi egin duela krisiak. Horregatik beharrezkoa izango litzateke beste ebaluazio bat egitea eta, beharrezko balitz, aurreikusitako plantaren dimentsionamendua birplanteatzea ere.

4

Hori behin behineko egoera bat bakarrik izan zitekeen, gure zaborra kudeatzeko gure azpiegiturak ez ditugun bitartean. Ezin dugu gurea den ardura albo batera utzi. Guk sortzen badugu, guk geuk kudeatu beharko dugu. Eta ingurumenaren ikuspuntutik ez dauka zentzu handirik joan-etorrian milaka tonaz betetako kamioiak errepidean jartzeak.

DENIS ITXASO PSE-EEko Ingurumen gaietako arduraduna

«Ez genuke zertan Zabalgarbiren aukera baztertu»

 

1

Balorazioa ezin du ona izan. Izan ere, ez dut uste foru gobernuak ere ontzat eman dezakeenik. Ez da planifikaziorik egon, foru arau baten bidez indarrean zegoen plangintza bertan behera uztearen obsesiotik haratago. Legealdi honek EH Bilduko ordezkari erradikalenei erakutsi die eraikitzea suntsitzea baino askoz ere zailagoa dela. Eta arazoa da Europako finantzaketa galdu egin dela, 13 milioi euroko kalte-ordainak gertatu direla, azpiegitura berririk ez dela abian jarri eta zabortegiak gainezka daudela. Ezin da okerrago egin. Datorren agintaldia gordina izango da egoera makal horri buelta emateko.

2

Guk 2007an hautu bat egin genuen lurralde akordio baten alde. Hasiera batean ez zen gure gustoko irtenbidea, baina demokrazian gehiengoaren borondatea errespetatzea ezinbestekoa da eta hiru maila desberdineko paktua egin genuen: eskualdeen artekoa, erakundeen artekoa eta alderdi politikoen artekoa. Konponbide horretara iristeko, PSE-EEk birziklapenaren maila ausartago bat eta materia organikoaren gaikako bilketa eskatu zuen, guztira %60ra iritsi ahal izateko. Hori guztia arau batera eramatea erabaki zen, eta Bilduk ez du foru arau hori indargabetu. Hortaz, indarrean jarraitzen du. Datorren agintaldian guk zabortegi guztiak ixtearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, hori baita lehentasunezkoa.

3

Europako legediak eta gure foru arauak dioenaren ildotik, zaborrak baliabide bat bihurtu behar ditugu eta ez ireki zabortegi berriak haiek lurperatzeko. Zaborrek badute energia berriztagarria sortzeko ahalmena eta Gipuzkoaren presio demografiko eta urbanistikoarekin, ez da bidezkoa zabortegiak irekitzea. Balorizazio energetikoaren alde gaude. Gipuzkoan xahutu den dirutza eta galdu diren finantzazio aukerak kontutan hartuta, ez da erraza esatea posible izango den 2011ko proiektua berreskuratzea. Diputaziora iristean azterketa sakon bat egin beharko dugu GHKn, jakiteko zein baliabide ditugun eta zer sinesgarritasun gelditzen zaion erakunde horri entitate finantzarioen aurrean. Bestetik, zabor kopurua berraztertu egin beharko da jakiteko abian dauden beste azpiegitura batzuetara eramaterik dagoen ala ez.

4

Nazio mailako politika gehiago behar ditugu. Lurralde bakoitzak zenbait politika bere kabuz egiten jarraitzeak ez du zentzurik. Hor daude, adibidez, errepideak, gizarte politika, fiskalitatea, eta, zergatik ez, zaborren kudeaketa. Alde horretatik, ez genuke printzipioz alternatiba hori zertan baztertu, baldin eta gipuzkoarrok horren truke beste zeozer eskaintzeko gai bagara zaborren kudeaketaren arloan.

TXEMA MURGIONDO  PPko Gipuzkoako batzarkidea

«Zubietako plantak egungo beharrei erantzun beharko die»

 

1

Kudeaketa, beste atal askotan bezala, ezin okerragoa izaten ari da. Agerikoa da EH Bilduren gaitasun falta arazoak kudeatu eta konpontzeko. Eta, gainera, tematu dira erabakiak beren kasa hartzen, inorekin hitz egin gabe eta akordiorik gabe. Politikoki eta instituzionalki, gainera, ez dute errespetatzean indarrean den plangintza (foru arau gisa onartua), baina ez dute alternatibarik ematen, ez plangintzaren aldaketarik proposatzen, dagokion bezala, batzar nagusietan eztabaidatzeko. Bitartean, arazoa areagotzen ari da, eta EH Bilduren gaitasun falta horrek ondorio oso larriak ekarriko dizkie herritarrei.

2

Gure proposamena da indarrean den foru arauan aurrera egitea eta aurreikusitako azpiegitura plana garatzea. PIGRUGa hondakinak kudeatzeko plan integral bat da. Tratamendu planta ezberdinak zerrendatzen ditu, eta, gainera, hondakinen zikloa modu eraginkor batean ixten du. Diru eta denbora asko behar izan dituen agiri tekniko bat da. Badira hondakinak kudeatzeko beste modu batzuk, baina hau Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoak onartua da, batzar nagusietan, legeak aurreikusi moduan. Indarrean da. Bete edo aldatu, ez dago besterik. Eta dipuazioa ez da egiten ari ez bata ez bestea.

3

Indarrean den araudian sakondu nahi dugu. Plangintza horrek baliotatze energetikoa aurreikusten du birzikla ezin daitezkeen hondakinentzat, Europako legediak lehenetsi moduan. Europako herrialderik garatuenek hondakina baliabide gisa hartzen dute, eta lortzen dute elektrizitatea edo ur beroa. Irtenbide iraunkor eta osoena da, eta tratamendua hobekien ixten duena. Gainera, energia iraunkorra sortzeko aukera hori oso interesgarria da, defizit energetiko handia baitauka Gipuzkoak. Orain, foru araua onartu eta sei urtera, plangintza eta aurreikuspenak berraztertu beharko dira, legeak bost urtean behin behartzen duen bezala. Zubietako plantak egungo beharrei erantzun beharko die, eta geroa kontuan hartuta, malgutasuna eman, 2008tik hona izan den garapen teknologikoa kontuan hartuta, Europako goi mailako baldintzetara egokitzeko.

4

Garitanoren gobernuak dauka errua Gipuzkoak ez baditu bere hondakinak kudeatzeko azpiegitura propioak. Eta, horren ondorioz, jarraitu behar dugu Nafarroako edo Frantziako zabortegietara tona ugari bidaltzen. Diru asko kostatzen ari zaigu, eta ondo erabilia litzateke beste gauza batzuetan. Gipuzkoak buruaskia izatea merezi du hondakinen kudeaketan, eta hori ezinezkoa da Bilduren gobernuaren gaitasun politiko eta tekniko faltagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.