Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Frantziak DPS estatusa kendu dio Didier Agerre euskal presoari

Publizitatea

Politika

Frantziak DPS estatusa kendu dio Didier Agerre euskal presoari

 

2017-11-14 / Eneko Etxegarai Urain

Didier Agerre euskal presoari DPS bereziki zaindua den presoaren estatusa kendua izan zaio, eta aplikatuak zitzaizkion segurtasun neurri bereziak bertan behera utzi ditu administrazioak. Hala ere, horrek ez du ezer aldatuko haren egoera judiziala. Azaroaren 23an erredentzioak berreskuratzeko egin eskaeraren epaiak, ordea, alda dezake egoera. Zigortu zutenean, DNA laginak ematea errefusatzeagatik eskura zitzakeen erredentzioak kendu zitzaizkion euskal presoari, eta horiek berreskuratzeko eskaera egin zuten orduan Agerren abokatuek. Hala nola lehen urtean hiru hilabeteko erredentzioa eskura dezake presoak, eta bigarren urtetik goiti bi hilabetekoa. Kartzelan ikastaroak edota aktibitateak segitzeak ere ekar ditzake erredentzioak, baita administrazioak presoaren jarrera «ontzat» ebaluatu izana ere. 2006an beste hamalau euskal herritarrekin epaitua izan zen Agerre, besteak beste, ETAko kide izatea leporatuta; 18 urteko zigorra jarri zioten.

Oses, etxetik gertuago

Etxerat senideen elkarteak jakinarazi duenez, Jose Javier Oses euskal presoa Mont-de-Marsango espetxera eraman dute, Euskal Herritik 234 kilometrora. Orain arte Paris inguruko Fleury-Merogis espetxean zegoen Oses, 760 kilometrora. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eta Etxerat-en eskaera zen lekualdaketa.

Urri bukaeran libre gelditu diren Arkaitz Saez eta Aratz Gomez lapurtarrak espetxe horretara lekualdatu zituzten ekainaren 29an, eta Zuhaitz Errasti, abuztuan. Mugimendu horiek eta Mikel Irastorza baldintzapean aske geratzea onartu izanak, Frantzia euskal presoen gaian mugitzen ari zela iradoki zezaketen. Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu zuen, orduan, Errastiren hurbilpena «erabaki eta gertakari nabarmena» baldin bazen ere «zuhurtziaz» jokatu behar zela, ez zelako «baitezpada aldaketa baten seinale oraindik».

Urriko Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia ministroaren arteko bigarren bilkuratik landa, bakegileek jakinarazi zuten Parisko abenduaren 9ko mobilizazioa baino lehen «neurri esanguratsuak» hartuak izan daitezen sutsuki desiratzen zutela. Nabarmendu zuten Parisko mobilizazioa inoiz baino «indartsuago izatearen beharraz, eta ahalik eta indar ezberdin gehien agertzearen garrantziaz». Jakinarazi zuten Ipar Euskal Herriko ordezkaritza «itxaropentsu» zela Parisen euskal presoei buruzko lan esparru baten irekitzea adostu ondoren, eta hilabete honetan hirugarren bilkura batek iragan behar zuela ere zabaldu zuten.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak