Fukushimatik hiru urtera, nuklearrak martxan jartzeko prest dago Japonia

Tsunamia izan zenetik geldirik dauden erreaktoreak aurten lanean hastea nahi du Aberen gobernuak

Xabin Makazaga.
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Richter eskalan 9 graduko lurrikara batek eta ondorengo tsunamiak, II. Mundu Gerra osteko hondamendirik larriena eragin zuten Japonian duela hiru urte. Minutu bateko isiluneekin oroitu zuten atzo Fukushimako zentral nuklearra txikitu zuen hondamendiaren urteurrena, baina Japoniako Gobernua zentral atomikoak berriro martxan jartzeko prest dago. Izan ere, energia nuklearra «argindariturri garrantzitsua» dela jaso dute Shinzo Abek agintera iritsi zenetik landu duten lehen Energia Planean.

Fukushiman, tsunamiak eragindako hondamendi nuklearraz gero, etenik gabeak izan dira ur erradioaktiboaren ihesak. Zentral nuklearretik itsasora milioika tona ur kutsatu isuri dira, erreaktoreen sotoetako arrakaletatik. Eta 50.000 japoniar inguruk, zentralaren inguruan bizi zirenek, oraindik ez dakite inoiz etxera itzultzerik izango duten. Ehunka dira Japoniako Gobernuaren eta Tepco konpainiaren kontra salaketak jarri dituztenak.

Hiru urteko geldialdi nuklearra, ordea, garesti atera zaio Japoniari. Tomari eta Oiko zentralak aldizka lanean aritu dira, baina, 42 urtean lehen aldiz, energia nuklearrik gabe ere moldatu behar izan du Japoniak. Eta zentral termikoak hornitzeko erregai fosilak inportatu behar izan dituzte.

Fukushimako hondamendia baino lehen, argindarraren %30 jatorri atomikokoa zen Japonian. Iaz, ordea, 190.000 milioi euro baino gehiago gastatu zituzten hidrokarburotan: 2010ean baino %57,6 gehiago. Eta, potentzia esportatzaile izatetik, 19 hilabetean jarraian merkataritza defizita izatera iritsi da Japonia.

Yoshihido Noda lehen ministroak energia nuklearra 2030eko hamarkadan baztertzea aurreikusi zuen, istripua izan eta gutxira. Baina Abek gobernua hartu zuenetik, Japoniako ekonomiari bultzada eman nahi dio. Eta, Fukushimako istriputik landu duten aurreneko energia planaren zirriborroan, energia berriztagarriak aipatu arren, 2011n gelditu zituzten 48 erreaktoreak berriro lanean jartzea aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.