«Bigarren arrakala digitala gerta daiteke, emakumeekin»

mikel rodriguez
Andoain
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
PuntuEus Behatokiaren ikerketak emakumeen eta gizonen arteko banaketa aztertu du .eus domeinuetan: domeinu izenen titularren %75 dira gizonak, eta %25, berriz, emakumeak. Europako Batzordearen arabera, IKT informazioaren, komunikazioaren eta teknologiaren arloan lan egiten duten 7 milioi pertsonetatik heren bat baino ez dira emakumeak. UMAP txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen webgunearen arabera, berriz, euskal txiolarien artean %33 baino ez dira emakumeak.

«Horrela jarraitzen badu, bigarren arrakala digitala gertatutako da, emakumeekin», ohartarazi du Lore Martinez Axpe Informatika ingeniariak. Arrakala digitala erraten zaio baliabide teknologiko berriak lortzeko talde sozialen artean sortutako abantaila eta desabantaila egoerari. «Munduak ezin du galdu daukan talentuaren erdia. Emakumeek parte hartu behar dugu, sortzaile moduan». Non dago emakumea ingurune digitalean? mahai inguruan parte hartu zuen Martinez Axpek atzo, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa), PuntuEus fundazioak antolatuta. Harekin batera izan ziren Edurne Larraza EHUko informatika irakaslea, Lorea Argarate DeustoTecheko kolaboratzailea eta Eli Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzailea.

«STEM emakumea»

Egoera iraultzeko, Martinez Axpek aldarrikatu zuen «STEM emakumea»; zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika hitzen ingelesezko siglak dira. «STEM emakume gutxi dago, STEM neskatila gutxiago dagoelako». Larrazak nabarmendu zuen iaz AEBetako Stanford unibertsitatean emakumeek gehien aukeratu zuten karrera informatika izan zela. Larrazaren ustez, horretan zerikusia du «txiki-txikitatik» eskolan informatika irakasteak. «Curriculumean sartuta dagoenean, neskek emaitza hobeak izaten dituzte mutilek baino».

Pomboren ustez, alfabetatu izatearen kontzeptua aldatu da. «Lehen alfabetatu gabea zen irakurtzen edo idazten ez zekiena. Gaur egun, haurrek programazio logika hasieratik ikasi beharko lukete, eta guraso gisa kezka ematen dit eskolan kontzientzia hori ez egoteak». Argaratek uste du ikasleak ez ezik, irakasleak ere hezi beharko liratekeela. «Askotan uste dugu gazte guztiek dakartela ezagutza hori, baina Irakasle ikasketak egiten dituzten askok ez dute programazio logikaren ezagutzarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.