Erreferendumean bozkatzeko prest agertu da Colau

Berria -

2017ko irailak 13
«Nire asmoa parte hartzea da. Hemendik urriaren 1era arte gauza asko gerta daitezke». Erantzun hori eman zuen atzo Ada Colau Bartzelonako alkateak Carne Cruda irratsaioan eginiko elkarrizketa batean. Urriaren 1erako erreferendumari begira eztabaidagai handi bat da Bartzelonako Udalak hartu beharreko jarrera. Colauk atzo ere ez zuen hori argitu.

Herenegun Diadako En Comu Podemen mitinean egin zituen adierazpenei erantzun zien Jordi Turull gobernuko bozeramaileak atzo: «Bermeak eskatzen dituzten horiei eskatzen diegu haiek ere zerbait jar dezatela berme gehiago edukitzeko. Eta guri eskatzen zaigun bermeetako bat bada jendeak bozkatzea normalki bozkatzen duen tokietan, Bartzelonako Udalari eskatzen diogu horretan laguntzeko».

Junts Pel Sik eta CUPek Colau kritikatu dute azken egunotan, desobedientziaren aldeko ekintzaile gisa ezaguna zelako alkatetzara aurkeztu aurretik, eta, orain, zalantzak agertu dituelako urriaren 1eko erreferendumarekin. «Ez dugu leziorik onartuko, eta are gutxiago Convergenciaren eskutik, duela bi egun arte ez baitzekiten desobedientzia zibila zer zen ere», esan zuen Colauk Diadan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna