Katalunia. Abenduaren 21eko hauteskundeak

ANCk subiranisten zerrenda bakarra eskatu du, «155.aren aurka»

Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez zerrendaburu izatea proposatu du Batzar Nazional Katalanak. Mahai batean elkartuko dituzte erakundeak eta alderdiak, etzi baino lehen, aukerak aztertzeko

Albano Dante Fachin Podemeko idazkari nagusia, prentsaurrekoan, Bartzelonan, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Generalitatea Madrilek hartuta, eta legebiltzarra deseginda, errepublikaren gobernua jokaleku zailean utzi du Espainiako Gobernuak, baina errepresioaren testuinguruan garatutako hauteskundeak tresna bilaka daitezke—ez bakarra— independentistek beren proiektuaren bideragarritasuna erakusteko. Salbuespen egoerak ezohiko formulak aztertzeko premia ezarri du mahai gainean, eta berriz ere indarrak elkartzeko ezinbestekotasuna. Atzotik ari da ANC Biltzar Nazional Katalana bilerak egiten, erakunde, talde eta alderdietako ordezkariekin, zerrenda batuaren aukerak aztertzeko. Omnium Culturalekin batera ari da estrategia lantzen, eta ostirala baino lehen denak mahai batean elkartzeko proposamena egiten.

Herenegun elkartu zen ANCren Idazkaritza Nagusia 155. artikuluaren aplikazioak sortu duen egoera aztertzeko eta bozetan parte hartzea eztabaidatzeko. «Legez kanpokoak» direla argi utzi arren, eta gobernu legitimo bakarra errepublikarena dela, bozkatzera joateko bidea hobetsi zutela baieztatu zuen atzo Agusti Alcoberro bozeramaileak, baina zerrenda batean denak, 155. artikuluak ezarritako hauteskundeetan «haren kontra» egiteko. «Bitartean, kalean izango gara protesta baketsuan egoera salatzen, eta ekinaldi gehiago bultzatzen».

ANCren asmoa da independentisten zerrenda bat egitea, eta ahal bada «subiranista eta demokratiko diren indarrak ere batzea». Alegia, Podemek eta Catalunya en Comuk ere parte har dezatela nahi dute.

Zerrenda batuaz gain, herri plataformetako ordezkariak haren buru izatea nahi luke ANCk: Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko buruak. «Zerrenda zabaldu beharko lukete, itxi beharrean», zehaztu du Alcoberrok. Espetxean daude biak ala biak, baina aurkez daitezke, behin-behinean daudelako.

Erronka, bozak irabaztea

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak ulertu dute dagoeneko fronte bakarrarena dela heldulekua, ez bakarrik bidean aurrera egiteko, baizik eta lortutakoa ez galtzeko. Erronka bota zion atzo Puigdemontek Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Abenduaren 21eko emaitzak onar ditzala esan zion, «katalanek ez baitaukate horretarako arazorik, beti egin dute eta». Aukera guztiak zabalik daude, beraz.

PDECaten barruan sortu dira estrategia bakarrarekin joateko zalantza batzuk, Santi Vila kontseilari ohiaren bidez. Joan den ostiralean dimisioa eman zuen Kataluniako Legebiltzarrak independentzia deklaratu aurretik, eta bera izan zen Puigdemontek hauteskundeetara dei zezala defendatzen zuen taldekoa, 155.a saihesteko. Dioenez, ERCren presioen eraginez egin zuen atzera Puigdemontek. Presidenteak, ordea, ez zuela Madrilen bermerik jaso argudiatu zuen bide hori uzteko, eta independentzia deklarazioa legebiltzarraren esku jartzeko.

Orain, berriz, hautagai gisa proposatu du bere burua Vilak,baina ez zerrenda bakarrean. «Taldea, babesa eta erabakigarritasuna» ditu aurkezteko, eta ez du formula zaharrik errepikatu nahi (Junts Pel Si) «jendea akitua dagoelako» eta ez litzatekeelako eroso sentituko Junquerasen alboan. Independentzia sartuko luke bere programan, baina bide orri ezberdina defendatuko luke, «zuzenbideari egokitua, Eskoziak egin zuen bezala». Dena den, primarioak egingo ditu PDECatek bere estatutuek hala behartuta, eta ikusi beharko da zein bide hartzen duen Vilak.

CUPek ere eztabaidagai dauka hauteskundeetako estrategia. Ezohiko batzarra egingo du azaroaren 12an, eta ordura arte auzoetan eta taldeetan egindako proposamenak eramango dituzte. Baina ANCk antolatutako bileretan egongo dira, eta ez dute jokalekurik baztertu. «Irekia» egongo da gainerako taldeek egiten dituzten proposamenak aintzat hartzeko. Dena den, Puigdemonten gobernuari eskatu dio ez dadila bozen jokalekuan geratu gobernuaren egunerokoa; dekretuak onar ditzala errepublikari bide egiteko, eta prozesu konstituziogilea hasteko.

Arrakalak Podemosen

Podemen zer gertatuko den ere ikuskizun izango da egunotan. Albaro Dante Fachin idazkari nagusiak atzo esandakoen ondoren, ez dirudi Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin dauzkan arazoak konponduko direnik. «Esku hartzeko Pablo Iglesiasek eman duen azalpenaMariano Rajoyk Katalunia hartzeko eman duen bera da. Rajoyk dio gobernu bat atera duela jendeari ahotsa emateko. Iglesiasek gauza bera egin du».

Dante Fachinen ustez, «onartezina da» Iglesiasen jarrera, oinarri irreala baitu: «prestigio politikoa kaltetzen du», Iglesiasen ustez, independentzia deklarazioan botoa ezkutatzeak —hori egin zuten Podemeko lau legebiltzarkidek independentzia deklarazioa bozkatzerakoan, Madrilek diputatuak auzibidean jartzeko arriskua saihesteko—. Horri erantzuteko, zera esan du Dante Fachinek: «Prestigioari kalte egiten diona da atea zabaltzea errepresioari, guk bezala pentsatzen ez dutenen kontra egiteko».

Podemeko buruak berretsi egin du fronte demokratikoa egiteko beharra, «ez direlako hauteskunde ohikoak, 155.aren bidez baitatoz, preso politikoak baitaude, eta milaka pertsonari eraso baitzieten uniformedunek». Dante Fachinek azaldu du Podemeko Herri Kontseiluak onartutakoarekin jarraituko duela: alderdi politikoekin eta erakunde zibilekin hitz egingo du, «interes partidistak alde batera utziz».

Iglesiasek nahi du Podemek bat egitea Ada Colau eta Xavier Domenechen Catalunya En Comurekin. Horrela erantzun dio Podemekoak: «Inori ez zaio burutik pasatu ere egiten ez hitz egitea Catalunya En Comurekin, bainauste dugu egoera hau erabat ezohikoa dela eta beste erakunde batzuekin ere hitz egin beharko litzatekeela». Catalunya En Comuren jarrera ere kritikatu du,ez duelako argi hitz egiten. «Ez dakigu zer esango duen bozetan. Nuetek dioena edo Coscubielak, zeinak beti defendatu duen PSCra gerturatzea». Colaukesana du ez duela bideragarria ikusten fronte bateratu horretan parte hartzea.

Azaroaren 7rako erabaki behar dute koalizioen saltsa, zein aukera dituztenbozkatzeko eskubidea duten 5,5 milioi herritarrek—erreferendumeandeituta zeudenak baino 210.600 mila gehiago dira—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.