Osasunbideak bi milioi aurreztuko ditu urtero

Foru gobernuaren txosten baten arabera, 3,2 milioi euro kostatuko zaio Osasunbideari Opuseko unibertsitateko langileak hartzea. 2008tik UPNk hirukoiztu egin zuen klinikari emandako dirua

Klinikako eta unibertsitateko langileak, Uxue Barkos —erdian— eta Fernando Dominguez. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Ez dugu zifren gerra batean sartu nahi Unibertsitate Klinikarekin». Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak ez du gehiago sakondu nahi izan Nafarroako Unibertsitateko Klinikari (CUN) hitzarmena ez luzatzeko erabakiak eragin duen polemikan. Dominguezen arabera, «juridikoki hitzarmena ezin da gehiago luzatu, ekonomikoki justifikaezina da, eta osasun zerbitzuaren parekotasunetik bidegabea da». Adierazpen irmo hori egiteko txosten ekonomiko eta juridiko bat aurkeztu zien atzo parlamentuko taldeei. Txosten horren arabera, Nafarroako Unibertsitateko 7.200 langileen osasun zerbitzua sistema publikoak bere gain hartuta, Osasunbideak bi milioi euro aurreztuko ditu urtean. Aldiz, klinikaren arabera, ia lau milioi gehiago kostatuko da.

Dominguezek lasaitasun mezua eman nahi izan zien Opuseko unibertsitateko langileei, aldaketa ez baita berehala ezarriko. Sistema publikoaren kalitatea bermatua dagoela azpimarratzeaz gain, Dominguezek gaineratu zuen aldaketa prozesua eurekiko «errespetuz» egingo dela. Trantsizio epe bat irekiko da, eta patologia larrien ondorioz tratamendua jasotzen dutenek bertan jasotzen jarraituko dute «prozesua amaitu arte». Dominguezek nabarmendu zuen berdintasuna bermatzea izan dutela helburua. «Erabakiaren atzean ez dago erabaki sektario edo ideologikorik».

NOIZTIK IZENPETU DA KLINIKAREKIN ITUNA?

1982tik Nafarroako Unibertsitateko langileak eta euren senideak Opusen klinikan artatu dituzte. Trukean, Nafarroako Gobernuak diru bat ordaintzen zion klinikari langile horiek bere gain ez hartzeagatik. Azken hitzarmena 2008an izenpetu zuen Miguel Sanzen gobernuak, eta 2012an ituna luzatu zuen Yolanda Barcinarenak.

TRUKE HORI BEREZIA DA?

Bai, nahiz eta klinikak bidezkoa dela argudiatu. Printzipioz, Nafarroan bizi den herritar orok du osasun publiko unibertsala jasotzeko eskubidea. Bestalde, beste edozein enpresatako soldatapekok ez du sistema pribatu batean osasun zerbitzua jasotzeko inolako itunik gobernuarekin.

JURIDIKOKI ARRAZOITUTA EGON DA?

Nafarroak administrazio publikoko kontratu ororen baldintzak ezartzeko eskumena du, osasun arloko hitzarmenak barne. Klinikarekin orain arte izenpetutako itunak lehiaketa publikorik gabe egiten ziren, eta kontratazio publikoko foru legeak salbuespen bakarra onartzen du horretarako: arrazoi teknikoengatik zerbitzu hori ezin ematea. Legearen suposizio bakar hori izan da kontratu hori egiteko helduleku bakarra. Txosten juridikoaren arabera, konstituzioak eta foru legeek «berdintasunezko tratua» exijitzen dute, eta tratu berezia jasoko duten herritarren hautatzea «behar bezala arrazoituta» egon behar du, berdintasun printzipioa urratua izan ez dadin. Gobernuak uste du arrazoirik jada ez dagoela.

ZENBAT ORDAINDU ZAIO KLINIKARI URTEOTAN?

Azken hamasei urteetan, 57 milioi euro ordaindu zaizkio. 1999tik 2007ra, urteko 1,6 milioi euro eta 1,9 milioi euro artean ordaindu zitzaizkion. 2008an, Sanzen gobernuak hitzarmen berria izenpetu zuen. 2009ko urtarriletik aurrera urtero bost milioi eurotik gora jaso zituen —2012an kopururik handiena, 5,8 milioi euro eta iaz, berriz, 5,1 milioi euro—. Ondorioz 2007tik 2009ra gobernuak Opusen klinikari ordaindutako ekarpena hirukoiztu (%220) egin zen. Egungo gobernuaren arabera, urte haietan ez zen igoera hori arrazoitu dezaketen salbuespen egoerarik izan; alegia, ez zen itunpeko pertsona kopurua igo, ezta kasuistika berezirik gertatu ere.

ZEREN ARABERA KALKULATU DIRA BOST MILIOI EUROAK?

UPNren gobernuak eta klinikak urtero kalkulatzen zuten batez beste zenbat diru kostatzen zitzaion herritar bakoitza sistema publikoari —iaz, adibidez, 708 euro per capita—, eta behin ratio hori zehaztuta, Nafarroako Unibertsitateko 7.200 langileekin biderkatzen zen.

KALKULU HORI BIDEZKOA DA?

Ez. Batetik, eredu diferenteak dira: klinikarena ospitale arretara bideratuta dago, eta Osasunbideak oinarrizko arretari ematen dio garrantzia. Horregatik, koste egitura diferenteak dituzte. Bestetik, Osasunbideak bere gain hartutako herritar kopurua geografikoki sakabanatua dago, eta bere ospitaleetan daudenen erdiak 65 urtetik gorakoak dira. Ondorioz, ez da bidezkoa haren kostuak unibertsitateko langile gazteagoen gastuekin alderatu nahi izatea. Klinikak bere osasun aseguruetan ez du tarifa bakarra erabiltzen, eta pertsonen ezaugarrien arabera kalkulatzen du. Gainera, unibertsitateko langileak erretiratzen direnean, sistema publikoak hartzen ditu. 65 urtetik gora ospitalera joateko aukerak bost bider handitzen dira, eta hamar bider 75 urtetik gora. Kontuen Ganberak 2014an zioenez, kalkulurako irizpideak «ez dira egokiak erreferentzia kostu bat ezartzeko».

OSASUNBIDEAK BERE GAIN HAR DITZAKE LANGILEOK ?

Bai. Gakoa da zenbat kostatzen zaizkion 7.200 langileok —populazioaren %1 inguru— bere gain hartzea sistema publikoari. Gobernuaren arabera, itxarote zerrendak ez dira handituko, «horren arrazoi nagusia ez delako baliabiderik ez izatea, baizik eta baliabideak nola erabiltzen diren eta antolamendu egitura». Departamentuaren arabera, Nafarroaren osasuneko adierazleek tartea uzten diote baliabide gutxi handituta populazioaren %1 hori bere gain hartzeko.

Langileak auzo zehatzetan kontzentratzen direnez, oinarrizko arretara begira, toki horietako osasun etxeetan familiako medikuak, erizainak eta pediatrak handituko dira. Espezializazioan 2014 urteko gastuak hartu dira aintzat. Guztira,3,2 milioi euroko gastua kalkulatzen du departamentuak, eta, klinikari 5,1 milioi euro ordaintzen zizkionez, 1,9 milioi euro aurreztea espero du. «Beste hainbat hipotesi egin ditugu, eta kostuen kalkuluak egin, eta antzeko zifrak ematen dituzte», zioen atzo Oscar Moracho Osasunbideko gerenteak.

ZER DIO KLINIKAK?

Nafarroarentzat mesedegarria zela, hitzarmeneko 5,1 milioi euroko baino gehiagoko gastua zutelako langileek. Klinikaren arabera, langileon osasun kostua 8,9 milioi eurokoa da guztira. Ez du argitu, ordea, zergatik erreklamatzen duen ituna baldin eta orain ia lau milioi euro aurreztuko baditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.