Frankismoko epaiketak baliogabetzea eragotzi dute EAJk eta PPk

Elkarrekin Podemosek 1936 eta 1978 arteko epaiketen zilegitasuna ukatzeko lege proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Soilik EH Bilduk babestu du ekinbidea, eta ez da aurrera atera
Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen frankismoko biktimen aitortza juridikoari buruzko ekinbidea, atzo.
Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen frankismoko biktimen aitortza juridikoari buruzko ekinbidea, atzo. JUANAN RUIZ / ARP

Kerman Garralda Zubimendi -

2017ko azaroak 10
Frankismo garaian egindako epaiketak bertan behera uzteko lege proposamen bat aurkeztu zuen atzo Elkarrekin Podemos taldeak Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, baina a ezerezean gelditu zen, EAJk eta PPk kontra bozkatu baitzuten. Soilik EH Bildu izan zuen bidelagun; PSE-EE abstenitu egin zen. Denera, 27 baiezko, 36 ezezko eta hamar abstentzio jaso zituen frankismoko biktimen erreparazio juridikoari buruzko ekinbideak.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak argudiatu duenez, «Eusko Jaurlaritzak frankismoko biktimekin duen behar moral eta historiko bat da ordain judiziala eskaintzea». Gogoratu du memoria historikoko legediak eta NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak eskatua dutela 1936 eta 1978 arteko epaiketak baliogabetzeko, baina azpimarratu du neurria eraginkorra izan dadin, berariazko arau bat behar dela: «Lege honekin, Gogora institutuak frankismo garaiko epaiketak zehaztu ahalko ditu, eta ordain juridikoa eman ahalko diegu biktimei».

EH Bilduk baino ez du proposamena babestu. EAJak ezezkoa bozkatu du, Eusko Jaurlaritzak eskumenik ez duelakoan epaileen lanean eta, beraz, ezta epaiak bertan behera uzteko ere. «Erabat ados gaude argudioekin, erabat ados gaude aurkeztutako legearekin, baina forma kontuak aurka bozkatzera behartzen gaituzte», azaldu du Isusi Ramirez-Eskudero jeltzaleak.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagaren ustez, «zentzugabea» da esatea Jaurlaritzak eskumenik ez duela. Jeltzaleen jokabidea kritikatu du: «Legezkotasunaren eta legitimotasunaren arteko talkan, legezkotasunaren alde egiten duzue. Jaurlaritzarentzat, legearen balizko mugek indar handiagoa dute helburu politiko legitimoek baino». Biktimei aitortza eskaintzeko, «bide guztiak» jorratu beharra erantsi du.

PSE bat agertu da jeltzaleekin, baina ez du EAJk bezala bozkatu: abstenitu egin da. «Ez dugu lege proposamena oztopatu nahi, baina arrazoi erabat teknikoengatik ezin dugu babestu», adierazi du Gloria Sanchez parlamentari sozialistak. PP, berriz, aurka azaldu da, lege proposamena «alferrikakoa» dela esanda.

Dena den, atzo legebiltzarrean jorratutako testuak badu aurrekari bat: aurtengo ekainean Kataluniako Parlamentuak aho batez onartu zuen frankismoko biktimei ordain juridikoa eskaintzeko legea. «Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena Kataluniako legean oinarrituta dago», aitortu du Hernandezek. Era berean, nabarmendu du Katalunian PPk eta Cuidadanosek ere legearen alde bozkatu zutela; «baina Gasteizen ez dira ausartzen», esan du atsekabetuta.

Arzuagak gaineratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez diola Kataluniako legeari errekurtsoa jarri, eta EAJri galdetu dio ea Jaurlaritza auzitegia baino zorrotzagoa izango ote den gai horretan. Bilkuraren osteko prentsaurrekoan haserre agertu dira EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Arzuaga: «EAJk PPrekin bat egin du, eta frankismoaren biktimak iraindu eta umiliatu ditu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna