AEBek eta Erresuma Batuak ISren aurkako koalizio bat osatu nahi dute

Obamak eta Cameronek NATOri eskatu diote ez dadila «bakartu» eta esku har dezala Iraken

Mikel Rodriguez -

2014ko irailak 5
IS Estatu Islamikoa Iraken eta Sirian indartu ahala, nazioartean ugaritu egin dira haren aurkako adierazpenak, eta zenbait buruzagik estrategia komun baten beharra aldarrikatu dute. Barack Obama AEBetako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak NATOri eskatu diote ISri «aurre egin» diezaiola. «Bakartzearen aldeko jarrerak alde batera utzi behar ditu NATOk», adierazi dute The Times of London egunkarian argitaratu duten artikulu batean. AEBetako Estatu Departamentuaren arabera, Obama hainbat estatutako buruazagiekin harremanetan paratu da ISren aurkako «koalizio global» bat osatzeko.

NATOk Galesko Newport hirian hasitako bilkuraren harira argitaratu dute Obamak eta Cameronek artikulu hori. Idazkian, ordea, ez dute egin estrategia jakin baten aldeko proposamenik. AEBek Iraken aire erasoak hasi zituzten joan den hilean ISren posizioen aurka. Orduan, Cameronek erran zuen Erresuma Batuak ez zuela parte hartuko aire erasoetan. Orain, ordea, badirudi iritzia aldatu duela, atzo goizean Galesen egindako agerraldi batean adierazi baitzuen ez duela «deus baztertzen». Are gehiago, Iraken ez ezik, Sirian ere esku hartzeko aukera aipatu du.

Kazetari batek galdetu dionean Baxar al-Assad Siriako presidentearekin «aliantza pragmatiko bat» lortu nahi ote duten ISren aurka, hau erantzun du: «Iraken gobernu legitimo bat dago, baina Al-Assadek gerra krimenak egin ditu bere herriaren aurka, eta ez da legitimoa». Beraz, iradoki du esku hartzekotan Damaskoren baimenik gabe hartuko dutela. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusia Iraken esku hartzearen alde agertu da, baina nabarmendu du hori Bagdadek eskatu beharko lukeela.

Siriako oposizioko koalizio nagusiak, NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak, NATOri eskatu dio ISren aurka esku hartzeko, baina Al-Assad bazter batera utzita. Horren ordez, FSA Siriako Armada Askea «bazkide fidagarria» dela erran du NCSROFek. Joan den astean Siriako Gobernuak AEBen bonbardaketak baimentzeko aukera aipatu zuen, betiere baldintza nagusitzat paratuta jomugak Damaskok aukeratzea.

Libiako ereduaren antzera

Cameronek eta Obamak babestu dute eratu nahi duten koalizio zabal horrek NATOko herrialdeez gain Ekialde Hurbilekoak bildu beharko lituzkeela. 2011n Libian esku hartzean ere gauza bera bilatu zuten, herrialde musulman batek Mendebaldearen erasoa jaso zueneko irudia saihesteko —Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak elkartu zitzaizkien Libian—. Orain, Cameronek zehazki Turkia, Saudi Arabia eta Qatar aipatu ditu ISren aurkako balizko bazkidetzat. Bagdadek, Damaskok eta haien aliatu Teheranek, ordea, behin baino gehiagotan egotzi diete herrialde horiei IS sortu, zuzendu edo lagundu izana —Damaskok eta Teheranek baita AEBei eta, oro har, Mendebaldeari ere—. Oraingoz, NATOko herrialdeek hartu dituzten neurri nagusiak aire erasoak eta ISren aurka borrokan ari diren zenbait indarri armak saltzea izan dira, baina ez modu koordinatuan. Alemaniak, adibidez, bidalia dio Kurdistango Eskualde Autonomoari lehenbiziko hegazkina material militarrarekin, eta Erresuma Batua ere gauza bera egitea aztertzen ari da.

Bagdaden, 43 hildako

Iraken, ISek kontrolatutako eremuetatik eta gerra frontetik haratago, erretaguardian ere erasoak etengabeak dira. Atzo, gutxienez 43 lagun hil zituzten bonba auto batekin Bagdad iparraldean, Barne Ministerioaren arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna