Hotza gutxienekoa da

Athleticek asko hobetu beharko du gaur Spartak Mosku estu hartu eta San Mamesko itzulikora bizirik iristeko. Etxeko taldea aintzat hartzeko arerioa da. Zero azpitik 8-10 gradu espero dira

Haritz Gallastegi

2018ko otsailak 15
Moskun hotz handia egiten du. Errusiako hiriburuko biztanleak ohituta daude negu gorriari aurre egitera, baina aurtengoak ez omen dauka parekorik. Athleticek zero azpitik zortzi-hamar graduko tenperaturarekin egin beharko dio aurre Spartak Moskuri, Europa ligako final-hamaseirenetako joanekoan. Bistan da baldintza gogorrak direla hotz handiarekin jokatzeko ohiturarik ez duten futbolarientzat.

Hala ere, eguraldia ez da izango Athleticen buruko min nagusia. Kuko Zigandak zuzentzen duen taldearen arazo nagusia jokoa da, edo, zehatzago, joko falta. Zer egin ez dakien taldea da. Iparra galdu du. Las Palmasen aurka, Espainiako Taldea ez zen gai izan ligako azken aurrekoaren kontra aukera on bakarra ere sortzeko partida osoan. Jokalariei ikusten zaie ez dakitela zer egin. Zigandak eskatzen diena egiteko indarrik gabe daude. Edota konfiantza galduta. Aulkitik eskatzen zaienak inora eramango ez dituen sentipenarekin. Finean, jota dagoen taldea da Athletic. Gainera, ez dirudi aurki gabe ezer aldatuko denik. Zigandak ia postu guztietan egin ditu aldaketak, eta zenbait joko sistema ere probatu ditu. Alferrik. Ez dute emaitza onik izan.

Ez dirudi egungo Athleticek Europa ligako final-hamaseirenetan behar den moduan lehiatzeko ahalmena duenik. Ez, behintzat, talde on bati aurre egiteko moduan. Eta Spartak talde ona da. Hori da zuri-gorrien bigarren oztopo nagusia. Norberaren ezina eta kontrarioaren maila dira arazo nagusiak. Spartakek Errusiako Liga irabazi zuen iaz, hamasei urteko lehortearen ostean. Horri esker, Txapeldunen Ligan jokatu zuen. Eta ez pentsa bere multzoan txarto aritu zenik. Liverpoolek eta Sevillak aurrea hartu zioten, baina ez bata ez bestea ez ziren gai izan Otkritie Arenan irabazteko. Ingalaterrako taldeak berdindu egin zuen (1-1), eta Espainiakoak jipoi galanta hartu zuen (5-1). Beraz, Athleticek orain arte baino sendotasun handiagoa izan beharko du, Europa ligan bizirik jarraitzeko aukera emango dion emaitza onik eskuratzeko.

Ziganda: «Akuilu ona da»

Zigandaren arabera, gaurkoa «aukera bikaina da, akuilu ona», gorako bidea hasteko. «On egingo digu ligaren egunerokotik ateratzeko. Ondo jokatu nahi dugu, eta aurrera egin». «Errespetu handia» dio aurkariari, «oso talde osoa» baita, eta «oso jokalari onak» baititu. Argi du: «Indartsu» zelairatuko da Spartak. Ez zion garrantzirik eman nahi izan hotzari. «Bi taldeentzat izango da tenperatura bera».

Ez du iraultzarik egingo hamaikakoan. Iñigo Martinez ez da ariko, Realarekin Europa ligan jokatu baitzuen. Bestela, ez da ezusteko handirik espero. Ager Aketxe ez dago deialdian, Toronto taldera joatear baita, AEBetako liga nagusian jokatzeko.

Massimo Carrera italiarrak zuzentzen duen taldeak lerro guztietan ditu maila oneko futbolariak. Antonio Conte Chelseako entrenatzailearen laguntzailea izan zen Carrera, eta batek baino gehiagok pentsatuko du defentsako lanean nabarmenduko dela osatu duen taldea. Bada, ez. Spartaken lerrorik makalena atzekoa da. Zelai erditik aurrerako futbolariak dira dohain gehien dituztenak. Euskarrian Gluxakov kapitainak eta Fernandok eskarmentua eta kalitatea ematen diote taldeari. Biak ala biak dira ezagunak jokalari zuri-gorrientzat: errusiarra Lokomotiv Moskurekin aritu zen Athleticen aurka, eta brasildarra Xakhtarrekin. Baina aurrean dauka benetako indarra Spartakek: Quincy Promes herbeheretarra hegaleko bizia eta goleatzailea da. Partidetan erabakigarri izateko gaitasuna dauka. Harekin batera, Pasalic, Luiz Adriano eta enparauak ere oso maila onekoak dira. Neguko geldialdia dela medio, Spartakek ez du partida ofizialik jokatu azken bi hilabeteetan, eta horrek kalte egin diezaioke. Kontuak kontu, Athleticek bi neurketa on jokatu beharko ditu aurrera egiteko aukera izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna