Itxi gabeko istorioa

Ezkabako gotorlekuko ihesaldia oinarri hartuta, orduko eta gaurko gogoetak uztartu ditu Luis Gardek 'Ehiztariaren isilaldia' liburuan.

Poesiatik eleberrigintzara jauzi egin du idazle iruindarrak
Luis Garde idazlea, bere lan berria eskuetan duela, atzo, Donostian.
Luis Garde idazlea, bere lan berria eskuetan duela, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2015eko maiatzak 26
Iparraldetik mugatzen du Iruñea Ezkaba mendiak. Leku ezaguna da iruindarrentzat. Ez dira hain ezagunak, ordea, han gertatutakoak, isilpean gorde baitira urte askoan, bertan eraiki zuten gotorlekuan ezkutatuta balituzte bezala. Baina ari dira apurka argitara ateratzen. Han giltzapetu zituzten presoek eginiko ihesaldiaz ez zuen askorik jakin nerabezarora arte Luis Garde idazle iruindarrak. Gertakari hura oinarri hartu du Ehiztariaren isilaldia eleberria idazteko. Bi eleberri bakar batean bildu ditu, bi istorio josi baititu orduko zein gaur egungo memoriaren eta gogoeten bidez azaltzeko 1938ko gertakari haiek. «Bukatu ez den istorioa» baita Ezkabakoa, orain arte jakinak ez ziren kontuek ateratzen jarraitzen baitute, «eta badira atera ez diren saminak eta min handiak ere». Beraz, gaur egunetik ere kontatu beharrekoa da, idazlearen hitzetan. «Bukatu ez diren istorioak egunero aldatzen eta adarkatzen dira, eta horregatik eutsi behar diogu halakoak behin eta berriro kontatzeari». Pamiela argitaletxearekin plazaratu du liburua.

Poesiagintzan jardun du orain artean idazleak; zazpi poesia liburu ditu argitaratuak. Eleberrigintzara egin du jauzi oraingoan. «Zalantza handiak izan ditut nobela honekin, hari eta kontu anitz dituelako, eta ez garapen tradizional bat». Memoria historikoaren haritik abiatu bada ere, argi izan zuen hasieratik gaur egungo gogoetetatik heldu nahi ziela ordukoei. Horregatik egin zuen bi narrazio ontzeko hautua. «Nobela honen barrenean, bi nobela daude. Denbora eta leku ezberdinetan gertatzen da bakoitza, protagonista ezberdinak dituzte, eta ahots narratiboak ere ezberdinak dira».

Ihesaldiaren lehen unean hasi eta hurrengo bi-hiru egunetan garatzen da bata, eta ihes egindako bi preso ditu protagonista; haien gogoeten eta elkarren arteko solasaldien bidez azaltzen dira orduan gertatutakoak. Bestean, berriz, ordukoei buruzko eleberri bat prestatzen ari den poesia idazlea da protagonista; memoria historikoaren inguruko lan bat egitekoa bazen ere, informazioa bilduz joan ahala, bere haurtzaroko oroitzapenak nahiz egungo gogoetak tartekatuz joango zaizkio. «Pixkanaka, prozesu bat hasten da: kanpotik ikasten ari den eta bereak ez diren oroitzapen horiek fusionatzen dira bere oroitzapenekin». Hala, memoria historikoa memoria kolektibo zein pertsonal bilakatzen da, Garderen hitzetan. Poemak eta gogoetak tartekatuz doaz narrazio horretan, eta collage itxura hartuz.

Lan «hibridoa»

«Definitzen oso zaila» den lana ondu du Gardek; «liburu ezinago interesgarria», Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarairen esanetan. «Historiaren memoria eta memoriaren historia; horrekin jokatzen du hemen. Baita historia pertsonalarekin ere, eta historian oinarritutako fikzio moduko bat egiten du. Baina, fikzioa baino gehiago, hibridoa den genero batean barna abiatzen da». Prosatik ez ezik, saiakeratik eta poesiatik ere badu liburuak. Eta horretarako idazleak erabilitako tresna, idearioa, «oso aberatsa eta mamitsua» da, Irigarairen ustez. «Oso eltzekari berezian egosi du hori guztia, pertsonalki ere oso inplikazio handiko diskurtsoa garatu baitu». Erabilitako hizkuntza ere «oso jasoa baina oso jario errazekoa» dela azaldu du.

Poesiagintzan Gardek egindako ibilbidea oparoa izan dela ekarri du gogora Irigaraik. «Prosan, fikzioan eta saiakeran ez zen ezaguna, baina uste dut hemen idazle handi bat dagoela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna